Azoka biziberritzea, elikadura burujabetzarako bidean urratsak ematea eta kirol ereduari heltzea, EH Bilduk dituen proiektuen artean

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mai. 23a, 11:42

Bedura azoka parean.

Ekitaldi ibiltaria egin du EH Bilduk eta azken urteotan burututako proiektuen berri eman eta datozen urteetarako egitasmo batzuk azaldu ditu, herriko hainbat gunetan geldiuneak eginez.

Ekitaldi ibiltaria egin zuen Oñatiko EH Bilduk zapatuan. Helburua zen azken lau urteotan egindako proiektu batzuen nondik norakoen azalpenak ematea eta baita datozen urteotarako dituzten hainbat asmoen berri ematea ere.

Berdura azoka parean hasi eta San Martineraino, hainbat geldiune egin zituzten, bakoitzean azalpenetarako tartea  hartuz. Azokan, esaterako, azoka biziberritzeko asmoa dutela esan zuten, eta herri programan ere jasota duela elikadura burujabetzarako bidean urratsak ematea. "EH Bildutik argi ikusten dugu elikadura katearen behar eta problematikak zabalak direla oso, eta tankerako erantzunak eskatzen dituela. Bertakoa, sasoikoa eta jasangarria den elikadurak pisu gehiago izan beharko luke gure otorduetan. Zoritxarrez, ordea, geroz eta zailago zaigu horiek bermatzea, badakigun arren herriak eskaintzen dituela horretarako lur aberatsak. Horregatik, ekoizle-kontsumitzaileen beharrei eta egungo errealitateari erantzuteko elikadura mahai egonkor bat garatzea premiazkoa dela uste dugu. Tokiko ekoizle-kontsumitzaileen arteko zubi lan, distribuzio eta kontzientziazioan eragingo duen erreferentziazko gune finko batek berebiziko garrantzia duela deritzogu", zioen Haizea Arregi zerrendakideak.

Zubikoan egindako geldialdian Karmelo Guridik eta Saioa Arkonadak hartu zuten hitza. Kiroldegiko lanak "exijentzia handiko proiektua" izan dela zioen Guridik, "EH Bilduk kudeaketarako duen gaitasunaren erakusgarri". Kirol azpiegitura egin ostean, "kirol ereduari heltzea" tokatzen dela orain gehitu zuen Arkonadak. “Kirolean balio hezitzaileak sustatu nahiko genituzke. Hori herriko kirol eragileekin batera egin nahiko genuke, elkarlanean. Bestalde, Oñatiko inguruak ematen dizkigun aukerak aprobetxatu nahi ditugu naturaz zein kirolaz modu askotarikoan gozatzeko. Betiere, modu jasangarrian, eta natura turismoari ere modu iraunkorrean helduta".

Herri mugimenduaz, sozioekonomiaz eta gazteez

Erremetari plazan, Onaro, Energia Plana edo EH Bilduk etorkizunean energia berriztagarrien merkaturatzailea sortzeko duen asmoaren inguruko azalpenak eman zituen Xabier Igartuak. Ramon Irizarren, berriz, euskaraz, kulturaz eta herri mugimenduez mintzatu zen Iñaki Olalde: "Jakitun gara herri mugimenduek egiten dutela gure herria bizi. Eta badakigu funtsezkoa dela horiek zaintzea. Eta horretan jardun dugu azken urteotan. Eta horretan jarraituko dugu". Ondare kulturalaren zaintzaz eta transmisioa ere aipatu zituen Olaldek. e

Marzelino Zelaian Lierni Altube eta Iñigo Ruizek hartu zuten hitza. Udal ekimen eta espazio guztiak irisgarri izateko egokitzapenak egiten jarraituko dutela esan zuten, baita landa auzoak irisgarriagoak eta bizigarriagoak izateko ere. Soziekonomia gaietan, berriz, ogibideak galtzen dabiltzala, eta horrek herritarrendako zerbitzuen galera ere badakarrela adierazi zuten: "Horrela, ekintzailetasuna bultzatzeko herriko eragile sozioekonomikoekin ikastaro eta formazio saioak egitea planteatuko dugu. Era berean, zerbitzu eta merkataritzako saltoki horiek egungo errealitatera egokitzeko eta arrakala digitalak dakartzan erronkei aurre egiteko tailerrak proposatuko ditugu. Aztertu beharrekoa da bi egitasmo horietako tailer eta formazio saioak profesionalizatzeko aukera".

San Martingo zaharren egoitza parean herri programan "Zaintza plan integralaren egitasmoa" jaso dutela aurreratu zuen Anik Zubizarretak eta zainduei arreta berezia eskaintzeaz gain, "zaintzaileen lana balioan jartzea" helburu izango dutela gaineratu, "herritar guztien aukera berdintasuna eta inklusioa izango dugu ardatz. San Martinen, etxebizitzaren eta gazteen inguruan jardun zuten Iker Oñatek eta Ekhiñe Mendik. "Etxebizitzaren erabilera soziala sustatzea" ikusten dute bide arazoari aurre hartzeko.  Horrez gain,  gazte eta nerabeen osasun mentalari kasu egitea ere gura dute, eta baita ikasleendako ikasketa gelak zabaltzea ere.

Amaieran, EH Bildurendako bozka eskatu zuen Izaro Elorzak: "Badugu proiektua oñatiarrentzat eta badugu taldea horretarako"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak