Auzoko jaiekin batera hasi da erraldoien eta txorimaloen sasoia. Azken urteetan piztu egin da figura horiekiko zaletasuna haurren artean; uztailean egin zuten erakusketak arrakasta handia izan zuen. Oñatzek ateratzen dituenak ez ezik, etxean egindakoak edo erositakoak ere atera izan dituzte umeek noiznahi, eta eurekin jolastu kalean. Erraldoien konpartsa txikia sortzeko besteko zaletasun edo gogorik badagoen galdezka ibili dira udal ordezkariak gaztetxoen artean, eta, ideia ona irudituta, martxan jarri dute konpartsa txiki hori sortzeko prozesua.
Aste honetan egin dute bilera, gaztelekuan, hango hezitzaileekin eta hango erabiltzaileekin; Lehen Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailetakoak gehienak. Konpartsa egiteko asmotik abiatuta, zer-nolako erraldoiak nahi dituzten galdetu diete gaztetxoei, eta ideiak batzen ibili ziren martitzen arratsaldean egindako bileran. Gaztelekuko beste erabiltzaileekin ere partekatuko dituzte ideiak.
Bi erraldoi ertain
Umeek eurek eramateko moduko erraldoiak egitea eta konpartsa horren atzean egongo den taldea sortzea da ideia. Herriko jai nagusietan aterako lirateke erraldoi berriak; bi. Martitzenean gaztelekuan egindako bileran erraldoi horiek zeren edo noren antza, nor irudikatu behar duten adosten ibili ziren, proposamenak jasoz. Erabakia hartutakoan, egiten hasiko dira. Xabier Mendizabalek egingo ditu, lagun batekin batera: "Erraldoi arruntak egiteko behar den prozedura bera jarraituko dugu hauekin, baina umeei egokituta. Bidasoako konpartsakoak hartzen dira erreferentzia moduan erraldoi ertainak egiteko, eta horrela egingo dugu. Altueran 2,30 metro neurtuko duten bi erraldoi izango dira. Gorputza, besoak eta aurpegia beira funtzarekin egingo ditugu, ziurrenik, eta egitura, berriz, egurrarekin. Hori da ideia, behintzat. Jantzi ere egin beharko ditugu, eta, horretarako, oihalak eta jostunak beharko ditugu". Erraldoiak eraberritzen ibili berri da Xabi Mendizabal zaharberritzaile oñatiarra, eta han hartutako esperientzia proiektu horretarako lagungarria izango zaiola aitortu du.
Lau izango dira, guztira
Aurtengo San Migel eta Errosario jaietan aterako dituzte, beraz, umeek eurek eramateko moduko bi erraldoi ertainak; orduan izango da estreinaldia. Asmoa, baina, lau egitekoa da; aurrerago egingo dute beste bikotea. Hori da Udalak aurreikusten duena; 8.000 euroko aurrekontua izango duen egitasmoa izango da. Erraldoiak egitetik harago, baina, Udalaren nahia da talde bat ere sortzea haien erabileraz arduratzeko.