Alderdi Popularreko kideek uste dute Oñatik elementu asko dituela gizadiaren ondare izendatua izateko

Miren Arregi Amasorrain 2023ko mai. 15a, 19:05

Oñati gizadiaren ondare izendatzeko proposamenaz aritu dira gaur goizean Oñatiko Alderdi Popularreko hautagaiak, Jaengo Baeza hiriko alkate ohi Javier Calvente lagun zutela. Baeza gizadiaren ondare izendatu zuen UNESCOk 2003an eta une hartan alkate zen Calvente. Agerraldian izan da Alderdi Popularreko Gipuzkoako diputatugai nagusi Mikel Lezama ere.

Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitate aurrealdean egin dute agerraldia Oñatiko Alderdi Popularreko zerrendakideek. Oñatiko alkategai Ricardo Guisadok zerrendakide Maria Olaran, Eva Pereyra Corcostegui eta Richard Lewington izan ditu lagun. Baita Gipuzkoako diputatugai nagusi Mikel Lezama, Gipuzkoako presidente Muriel Larrea eta Gipuzkoako idazkari nagusi Jorge Mota ere.

Ekitaldian, Oñati gizadiaren ondare izendatzeko prozesua abiatzeko proposamena aurkeztu dute eta lagun izan dute Jaengo Baeza hiriko alkate ohi Javier Calvente ere. 2003an izendatu zuten Baeza gizadiaren ondare, eta prozesua bertatik bertara bizi izan zuen Calventek. Azaldu duenez, Oñatik hainbat elementu ditu, gizadiaren ondare izendatzeko prozesua abiatzeko. "Batetik, elementu historiko-artistikoak, ondareari eta patrimonioari loturikoak ere bai. Arrazoi erlijiosoak ere eta baita  paisaiari loturikoak ere. Hau paradisua da natur ikuspegitik. Balio singular bezala, indargune handi bat du Oñatik, eta da euskara modernoaren sorlekua dela", azaldu du Calventek.

Baezako alkate ohiak azaldu du prozesu gogorra eta luzea dela hautagaitza aurkeztearena, eta garrantzitsuena dela elkarlanetik egitea. Ondorioak, baina, merezitakoak dira haren esanetan. "Ez bakarrik, turismoaren ikuspegitik, baita, Oñatira etorriko liratekeen baliabide publikoei dagokienez, kultur eskaintzaren ikuspegitik eta abar".

Euskara, ezaugarri berezi

Hain justu ere, euskararen ezaugarria nabarmendu dute indargune gisa Alderdi Popularreko kideek. "Hemen 1918an eratu zen Eusko Ikaskuntza eta 1968an Euskaltzaindiaren kongresuan ezarri ziren euskara batuaren oinarriak eta hori da Oñatik duen ezaugarririk nabarmenena".

Azaldu dute, izendapena mugarri izango litzateke herriarendako, "gure arbasoengandik jaso dugun ondare eta legatu guztia ondorengoei egoera hobeagoan utzi beharko geniekeelako, izan ere, UNESCOk ondarearen zaintza oso zorrotza eskatzen du", azaldu du Guisadok.

"Ahultasunak" ere bai

Alderdi Popularreko kideek, baina, prozesua abiatzeko indarguneak ikusten dituzten moduan, ahultasunak ere ikusten dizkiote Oñatiri. Calventek eta Guisadok azaldu dutenez, "ondarea oso egoera txarrean dago, alde zaharra bera eta eraikin eta etxe asko erabat hondatuta, pintadak fatxadetan eta atez ateko zabor bilketa sistema bera. Gizateriaren Ondare den herri batek ezingo luke horrelako sistema bat eduki, horrek suposatzen duen kutsadura estetikoarekin".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak