Bigarrenez aurkeztuko zara alkategai izateko. Zergatik?
Duela lau urte, udalean sartu nintzenean, niretzat politikarekin lehen kontaktua izan zen. Oso erronka interesgarria iruditzen zitzaidan, aukera ematen zidalako betidanik defendatu ditudan auziak udaletik eta jendearekin, kolektiboki, defendatzeko. Niretzat azken lau urteak oso aberasgarriak izan dira, asko ikasi dut prozesuan, harreman sarea sendotu dut, ikuskerak zabaldu ditut, udalak nola funtzionatzen duen ikasi dut, eta esperientzia metatu dut. Ikasitako horrekin guztiarekin herriari ekarpena egiten jarraitzea gura nuen. Ez nuen zalantzarik izan. Urte hauetan proiektu asko jarri ditugu martxan, batzuk bukatu ditugu eta beste batzuk bidean daude eta horiek heltzeko gogotsu gaude, herria hobetzen jarraitzeko gogotsu nago.
"Azken lau urteotan ikasitakoarekin herriari ekarpena egiten jarraitu gura nuke"
Zer nolako esperientzia izan dira azken lau urteak pertsonalki?
Asko jaso dugu eta asko eman dugu. Niretzako egiteko moduak dira azpimarratzekoak, talde lana ikaragarria izan da. Baina, ez soilik talde lana, herrigintzatik eta herritarrekin batera lan egin baitugu. Espazio horiek sortu ditugu eta elkarrekin egin ditugun proiektu asko eta asko. Egiteko moduak nabarmenduko nituzke, asko ikasi dut.
Orain arteko esperientziatik zer izango zaizu lagungarri?
Dena. Lau urte hauetan denetik egon da, une onak asko eta ez hain atseginak ere bai, eta azken horietatik ere asko ikasten da. Bizitako guztiarekin geldituko nintzateke. Oso agintaldi zaila izan da, mundu mailako pandemia bat pasatu dugu eta ondoren etorri zen Ukrania… Momentuko beharrei erantzuten joan behar izan gara eta lehentasunak ipini ditugu erdigunean. Ez ginen erori dena gelditzeko inertzia horretan. Egitasmo berriak asmatu genituen, eta aspektu asko landu genituen, baserritarren azoka bertan behera ez uztea edo kultura bultzatzea, esaterako. Horrela, behar handia zuten sektoreak laguntzen jarraitu genuen eta herritarrendako bizi poza ere izan zen, une hartan behar beharrezkoa zena. Ez zen erraza izan, baina, horretan sinistu genuen eta aurrera egin genuen.
Nola definituko zenuke azken agintaldian egindakoa?
Ilusioz, konpromisoz eta arduraz lan egin dugu. Benetan sinesten dugu proiektu honetan eta momentuko beharrei erantzuten jakin dugu, egoerara moldatzeko eta bereziki lanerako gaitasuna erakutsi dugula esango nuke, oso talde langilea izan dugu, kontutan izanda oso agintaldi baldintzatua izan dela. Lan handia egon da, eta ez da soilik herrira begirakoa, udal mailan ere aldaketa asko egiten ari garelako, lan egiteko moduetan, digitalizazioak ekarri dituenak…
"Ez ginen dena gelditzeko inertzian erori, egitasmo berriak asmatu genituen eta herritarrendako bizi poza izan zen"
Ideologikoki, nola definituko zenuke zure burua?
Lau urte hauetan egindakotik ondorioztatu daiteke zertan sinisten dudan; esate baterako, justizia sozialean, aukera berdintasunean, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean, tokikoan, burujabetzan… Ezkerreko politiketan sinisten dut, abertzalea naiz eta feminista. Pertsona ororen ongizatean sinisten dut eta gure baliabideen erabilera eraginkorrean ere bai. Elkarlanean, herrian eta behetik gorako politiketan.
Eta oro har, nolakoa da Izaro Elorza?
Ez da erraza nork bere burua definitzea, baina, esango nuke, pertsona konprometitua naizela eta arduratsua. Betidanik izan naiz pertsona arduratsua, txiki-txikitatik. Gardena eta zintzoa ere bai, zintzotasunari garrantzia handia ematen diot, eta gezurrek min handia egiten didate. Gauzak aldatzeko konpromisoa dudala ere esango nuke eta esparru desberdinetatik ekarpena egin gura nioke horri. Lanetik kanpo ere, soziala naizela esango nuke, gustatzen zait jendearekin elkartzea eta mahai baten bueltan otordu bat partekatzea. Bestetik, bakardadeko momentuez ere asko gozatzen dut.
Zer da Oñatin gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Oñati aukera mordoa ematen digun herria da. Sekulako natur gunea da, naturarekin kontaktuan lasaitasuna aurkitzeko txoko mordoa ditu eta herriak berak, sekulako edertasuna du; kultura, ondarea… Baina, bereziki, nabarmendu nahiko nuke duen bizitasuna, egitasmoak, festak, ekintzak… Eta hori guztia herritarrek egiten dute, herri bizia da. Hori balioan jartzekoa da eta bisitariak hori nabaritzen du hona datorrenean.
Eta gutxien?
Badaude hobetu beharrekoak eta horietako bat da garraioa. Ez daukagu garraio publiko zerbitzu indartsu bat. Herri programan gaia jasota dugu lan-ildo bezala, egia da ez dela gure eskumen zuzena, gaia Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen baitu, baina, badago non lan egin eta egingo dugu. EH Bildutik, Debagoiena mailako egitasmo gisa eraman dugu gaia eskualdeko herrietako herri programetara.
Zein da herriko txokorik gustukoena?
Arantzazu. Nik modu berezian konektatzen dut hango basoekin. Nire txikitako oroitzapenak han daude eta niretzat berezia da.
"Modu berezian konektatzen dut Arantzazuko basoekin, nire txikitako oroitzapenak han daude eta niretzat berezia da"
Oñati nolakoa den kanpoko bati azaldu behar bazenio, zelan egingo zenuke?
Gure berezitasunez hitz egingo nioke. Gure auzoez, landa guneaz, baita ondare arkitektonikoaz. Eta noski, lehen aipatu dudana, herritarrek Oñatiri ematen dioten bizitasunaz arituko nintzaioke, gure ospakizunez, festez eta urte osoan zehar dauden ekimenez. Gonbidatuko nuke Oñatira, hori guztia bertatik bertara ezagutu dezaten.
Aisialdia zertan ematen duzu? Zer egitea gustatzen zaizu?
Tarte bat dudanean kirola egitea gustatzen zait, bereziki korrika eta baita mendi bueltak egitea ere. Lagunekin planak egitea gustatzen zait, mahaiaren bueltan asko, sukaldean egitea asko gustatzen zait-eta. Eta lasai egotea, irakurtzen. Asko disfrutatzen dut. Denbora gehiago dugunean, oporretan, esaterako, bidaiatzea dut gustuko, beste kultura eta errealitate batzuk ezagutzea, eta alabei errealitate horiek ezagutzeko aukera ematea.
Gaurkotasuna nola jarraitzen duzu? Nora jotzen duzu informatzeko?
Gure etxean goizean goiz pizten da irratia. Eguraldia eta eguneko lehenengo albisteak irratian entzuten ditut. Lanera natorrenean tarte bat hartzen dut web bidez gertuko informazioa kontsultatzeko eta denboraren arabera, Euskal Herriko eta tarteka, Espainiako egunkariak begiratzen ditut. Kazetaritza independentea ere gustatzen zait, normalean kontatzen ez diren gatazka eta errealitate batzuen berri ematen dutenak.
Zein uste duzu dela Oñatiren premia nagusia?
Oñati bide onean doa. Egiteko moduak aldatzen hasi ginen duela urte batzuk eta zentzu horretan bide onean doa. Baina, egia da gertatzen joan behar garela epe ertainean etorriko zaizkigun erronketara. Zentzu horretan, herritarrekin batera, sei egitasmo zehatz eta bederatzi lan-ildo dituen herri programa bat osatu dugu. Trantsizio energetikoari lotuta abiatuko ditugun proiektuak daude, esaterako, merkaturatzaile propioa sortzea bidezko prezioetan saltzeko energia edota elikadura burujabetzarekin lotutako egitasmoak... Zaintza ere izango da erronka, eta ez soilik adinekoekin lotuta, erantzukidetasunetik egiten den zaintza batean sinisten dugu, haurrak, beharra dutenak, adinekoak… zainduak izan behar dutenena eta zaintzaileena ere bai. Baita ere etxebizitza, garapen sozioekonomikoa, landa gunea… Herritarren ongizatera bideratutako politikak egingo ditugu.
"Herri programa ez da hutsetik sortutakoa, herritar asko ibili da urte betez diagnosi bat egiten, lehentasunak jartzen"
Eta zer eman diezaioke EH Bilduk Oñatiri, premia horiei aurre egiteko? Ze proposatzen duzue?
Hemen nabarmenduko nuke landu dugun eta landuko dugun eredua bera. Herri programa ez da hutsetik eta egun batetik bestera sortutako programa bat. Herrigintzari aitortza egitea tokatzen da, herritar asko ibili da urte betez diagnosi bat egiten, lehentasunak jartzen. Behetik gorako eredua landu dugu eta horrek balio handia du. Eta zer den eskainiko duguna? Gauzak hobetzeko benetako borondatea. Eredua bera aldatzeko borondatea. Ez dugu arazorik boterea banatzeko, herritarrendako espazio ahalduntzaileak sortzeko, jendearekin batera gauzak egiteko eta adostasunetara iristeko.
Berriz ere alkate izendatzen bazaituzte, zer izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Lehenengo herritarrei eskerrak emango nizkieke eta gero lanean jarraitu. Proiektu mordoa ditugu martxan eta horiei segida eman behar zaie, berriak martxan jarri… Herri programa batekin goaz hauteskundeetara, konpromiso berriekin, maite dugun Oñati egiten segitzeko konpromisoz, eta horretan jardungo genuke lehen egunetik.
Nolako taldea izango duzu lagun?
Oso talde sendoa. Udalgintzan eta herrigintzan esperientzia duen lan-talde sendo bat. EH Bilduk udalgintzaz gain, badu herrigintza ere eta ondo uztartzen ditu bi ereduak. Ikusten dugu gizartea aldatzen ari dela, erronkak aldatzen ari direla eta horiei erantzuteko esperientzia duen talde bat dugu, baita freskotasuna ekarriko duten pertsonak ere. Oso talde ona dugu datozen lau urteotan lanean jarraitzeko.
"Oñatiarren bizitza duinak bermatzeko eta egungo erronkei erantzuteko egitasmo eta lan-ildoak landuko ditugu"
Zein da zuen hauteskunde programaren gauzarik garrantzitsuena?
Eredua bera, prozesuak behetik gora egitea, herritarrekin batera. Herritik eta herriarendako egindako herri programa bat da, urtebeteko lanaren emaitza eta datozen urteetan ere, herritarrekin batera landuko dena. Sei egitasmo zehatz eta bederatzi lan-ildo ditu, herritarren benetako ongizatea bilatzen dutenak eta datorrenari erantzuna emango diotenak. Etxebizitza; Herri hezitzailea; Garapen sozioekonomikoa; Euskara eta kultura; Irisgarritasuna eta landa eremua; Basogintza; Natura eta kirola; Ongizatea; eta Indarkeria matxista dira lan-ildoak. Guztiak herritarrekin batera garatuko ditugu eta lan-ildo bakoitzak proiektu eta egitasmo desberdin asko izango ditu. Oñatiarren bizitza duinak bermatzeko eta egungo erronkei erantzuteko egitasmo eta lan-ildoak dira.