Zeinek konbentzitu zintuen EAJko alkategai izateko? Zergatik eman zenuen baiezkoa?
Uri Buru Batzarrak egindako proposamena izan da eta Oñatiko udalean bi legealditan zinegotzia izan ondoren hartu dut 2023ko hauteskundeetan EAJko zerrendaburu izateko erabakia. Izan ere, Oñati maite dut eta Oñati, oñatiarrontzat, bizitzeko herririk onena izatea gura dut. Oñatik aurrera egingo badu, ezinbestekoa da lanean jarraitzea.
Zerk ematen dizu bertigoa eta zerk erakartzen zaitu?
Behin EAJko alkategai izateko erabakia hartuta, aurrera egin dut, erabakitasunez. Jomugan daukat Oñatin aldaketa lideratzea, geure ideietatik abiatu eta geure proiektuekin eta geure mundu-ikuskerarekin lan egitea. Esango nuke, bestalde, ardura handia daukadala oñatiarrekin eta Oñatirekin. Zer da, bada, ederragoa herritarren eta norbere herriaren alde jarduteko abagunea izatea baino?
"Esango nuke, bestalde, ardura handia daukadala oñatiarrekin eta Oñatirekin"
Lehenengoz aurkeztu zara alkategai, baina ezagutzen duzu udal jarduna. Zinegotzia zara azken bi agintaldi hauetan. Zertan izango da hori lagungarri?
Urte hauetan guztietan Oñatiko Udalean zinegotzi-lanetan egindako bidean, Udalaren antolamendua eta jarduna ezagutu ahal izan ditut, eta harremana eduki dut hainbat langilerekin eta teknikarirekin ere. Beraz, eskarmentu horrek erraztuko du, jakina, gure udal-taldearen eguneroko lana haiekin elkarlanean.
Nola definituko zenuke zure burua? Nor da eta nolakoa Amaia Erostarbe Letamendi?
Emakumea naiz, ama, alaba…, eta irakaslea. Gustuko dut nire lana. Balioan jartzen ditut errespetua eta ondo egindako lana; onestasuna ere bai. Saiatzen naiz patxadakoa izaten. Gustuko ditut, bai erritmo arinean paseatzea naturarekin gozatu bitartean, bai artea eta margotzea, baita irakurtzea ere. Arabar Errioxaren zatitxo bat ere bihotzean daukat.
Zer da Oñatin gehien gustatzen zaizuna?
Oñatin bizi diren pertsonak, oñatiarrak, herritar anitzak. Alegia, gure herriari bizitasuna ematen diotenak. Bestalde, gure herria paraje ezin ederragoan dago, eta daukagun herrigune historikoa eta ondarea ere ez da makala. Oñatiarron bizi-kalitatea ona da: oñatiar gehienak lanean ari dira, herriko industriari esker, neurri handi batean. Udalerriak giza baliabideak ditu pertsona zaurgarriengana bideratzeko eta baliabide ekonomikoak dauzka haien babesa egituratzeko eta gauzatzeko.
Eta gutxien?
Penagarria da zein errespetu eskasa agertu duen udal-gobernuak Oñatiko ondarearekiko, herrigune historikoan nahiz natura-ingurune eta ibilbideetan. Ez du larregi zaindu eta babestu herriko ondare ederra, eta plastikozko pankartak nonahi egon ohi dira zintzilik; kartelak eta pintadak ere ugari dira herriko gune jakinetan. Oñatin eta San Prudentzion eskura daukagun garraio publikoak, oraindik ere, ezin izan dio erantzun oñatiarren beharrizanei leku batetik bestera mugitzeko.
"Penagarria da zein errespetu eskasa agertu duen udal-gobernuak Oñatiko ondarearekiko, herrigune historikoan nahiz natura-ingurune eta ibilbideetan"
Eta zein da txokorik gustokoena?
San Juan ermitaren ingurua. Nire aita San Juan auzokoa zen, txikitako oroitzapen asko paraje horretakoak dira; ikaragarri gustatzen zait inguru horretan egotea eta ibiltzea, eta handik Oñati aldera begiratzea.
Zer egiten duzu aisialdian?
Ibili, ahalik eta erritmo arinenean, naturari so eta han-hemengo hotsak entzun, buruari atsedena eta bake pittin bat emanez.
Gaurkotasuna jarraitzen duzu? Informatzeko nora jotzen duzu?
Goizean, iratzarritakoan, irratian entzuten ditut eguneko lehenengo berriak. Gure etxean egunkaria irakurtzen dugu egunero, paperean. Horrez gain, egunean zehar, sare sozialak eta egunkari digitala begiratzen ditut, tarteka. Gauean, bukatzeko, telebistan ikusten ditut albisteak.
Zeren beharra du Oñatik?
Oñatik, jakina, badu zer hobetu. Besteak beste, bizi-proiektua Oñatin egin nahi duten gazteek etxebizitza eskuratzeko eragozpen nabarmenak dituzte gaur egun, eta izango dituzte datozen hurrengo urteetan. Pertsonak zaindu behar ditugu. Oñatik, gainera, XXI. mendeko musika-eskola behar du; herritarrekiko eta herriko ondarearekiko errespetua berreskuratu behar da; mugikortasunean atzean geratuta gaude, garraio publiko eraginkorrik gabe; ez dago kanpoko igerilekurik, futbol-zelaia ere aspaldikoa da…
Zer eskaintzen du EAJk premia hori asetzeko?
Lehenik eta behin, gure bizilagunei entzutea. Hau da, entzute aktiboa eta parte-hartzea gure gobernantza-ereduaren oinarri izatea. Bigarrenik, gure programa egituratu duten lau ardatz estrategiko nagusiak: pertsonak erdigunean jarri ditugu, oñatiarren ongizateari lehentasuna emanda; elkarlanean eta entzute aktiboan oinarritutako politika eta gobernantza-eredua; tokiko ekonomiaren garapena eta ekipamenduak eta jasangarritasuna oinarri dituen herri lagunkoia, modernoa eta bizia gauzatzea.
Zeintzuk dira zuen proposamen nagusiak?
Oñatiko gure lehentasunak hauexek dira: bereziki, gazteek bizi-proiektua herrian egin dezaten etxebizitzak egingo ditugu Garayko eremuan; musika-eskola berria Olaitturrin eta kirolgunea (kanpoko igerilekuarekin) Korriuenean; gizarte-zerbitzu berritzaileak diseinatzea San Martingo gunean, energia eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien aldeko proiektu alternatiboak sustatzea.
Entzute ariketak egin dituzue. Ze emaitza eman du horrek?
Oñatiarrekin zuzenean egoteko aukera eman digu. Hain zuzen, herritarrengandik gertu egon gara, eta haien kezkak, beharrak, ezinegonak eta proposamenak zuzen-zuzenean entzun eta batu ditugu. Entzute-ariketak, beraz, gure programa osatzen eta fintzen lagundu digu, eta zerrendatu ditugun egitasmo eta ildo batzuk oñatiarrek geurekin partekatutakoak dira.
Alkate izendatuz gero, zer da egingo duzun lehen gauza?
Hilean birritan, arratsaldez, bizilagunek alkatearekin elkartu, eta hitz egin ahal izango dute, zerk kezkatzen dituen adierazi ahal izateko. Mahai gainean dauden proiektuak ere ordenatuko ditut, kajoi batean gordetakoak mahai gainera ekarri, eta oñatiarren beharrei erantzuteko lan egingo dut, lehenengo egunetik.
Kontrara, nolako oposizioa egingo duzu?
Orain arte bezala jokatuko dugu, eraikitzaileak eta proaktiboak izango gara. Proposamenak eta ideiak landu eta aurkeztuko ditugu oñatiarren eta Oñatiren alde.
Egoera batean zein bestean, nolako taldea izango duzu?
Oso talde ona da, eta lanerako ilusioa, gogoa, ideiak eta kemena badauzkagu. Taldekide asko berriak dira, eta lanerako gaitasun handikoak; arlo ezberdinetan arituak eta adituak dira, eta, nork bere arloan, badauka nahikoa eskarmentu. Denok maite dugu Oñati, denok daukagu Oñati bihotzean, eta denok daukagu herritarren eta herriaren alde lan egiteko konpromiso irmoa.
Nola definituko zenuke Udal Gobernuak amaitzera doan agintaldian egindakoa?
Gehiengo absolutua eduki du udal-gobernuak urte hauetan, eta absolutismotik jardun dute agintean. Nik esango nuke EAJko udal-taldeko zinegotziok, sarriegitan, ez gaituztela aintzat ere hartu. Haien buruetan, tamalez, ez gara eragileak. Uste dut larregiko zaila egiten zaiela onartzea EAJko zinegotziok ere herri-ordezkariak garela, eta hainbat oñatiar ordezkatzen ditugula Oñatiko Udalean.
"Helburua beti da hobetzen eta hazten jarraitzea, eta, jakina, Oñati etorkizunera begira jartzea, eta Oñatik aurrera egitea"
Azken lau urteetan zertan galdu du Oñatik? Eta zertan irabazi?
Legealdi honetan, udal-gobernu honekin, Oñati atzean geratu da, eta, esparru batzuetan ez du aurrera egin. Esaterako, gazteentzat, ez dago etxebizitza-aurreikuspenik eta plangintzarik, eta, hortaz, epe motzera eta ertainera, ez dago borondaterik txikiena ere, udal-gobernuaren aldetik, etxebizitzen eskasiari irtenbiderik emateko; ez zaio, gainera, irtenbiderik eman herriarentzat funtsezkoak diren bi ekipamenduri (musika-eskola eta kirolgunea); herriko, eta, batez ere, herrigune historikoko ondarearekiko errespetu eza ikaragarri haziz eta nabarmenduz joan da urterik urtera; Kale Zaharreko irisgarritasun-planaren bukaera etenda dago orain dela hamabi urte; ez dago bizikidetza-planik… Hiru proiekturekin, ostera, irabazi egin du Oñatik. Hain zuzen, EAJko udal-taldeak babestu egin ditu, eta baiezko diktamena eman die, kasuan kasuko oharra eginda, bai Zubikoako hobetze -eta konpontze- lanei eta igerileku berriari, bai Onarori (onuragarria landa-auzoetarako), bai Emakumeen Etxeari. Dena den, Emakumeen Etxea eraikitzeko proiektua dela eta, zera argitu gura dugu: ez gara ados egon, ez udal-gobernuak aukeratu duen kokapenarekin, ez Kale Zaharreko etxea bera erostearekin; izan ere, erosi ordez, udal eraikineren bat erabili zitekeen Emakumeen Etxea jartzeko.
Oñati nolakoa den kanpoko bati azaldu beharko bazenio, zer kontatuko zenioke?
Oñatik historia aberatsa du, unibertsitate-herria izan zen XVI. mendetik XIX. mendera, eta gaur egun ere halaxe da, euskaraz bizi da, kultura eta kirola bizi-bizi daude herrian, naturak inguratzen gaitu, paraje ederrak ditugu (San Martin, Usako, Aloña, Arantzazu…). Aitortuko nioke, halaber, gehiago zaindu beharko genukeen Gipuzkoako ingurune natural paregabean bizi garela.
Egun zazpi zinegotzi ditu EAJk. Zein da helburua?
Oñatin dabilen aldaketa-haizea gauzatu dadila. Helburua beti da hobetzen eta hazten jarraitzea, eta, jakina, Oñati etorkizunera begira jartzea, eta Oñatik aurrera egitea. Hau da, oñatiarrontzat, Oñati bizitzeko lekurik onena izatea; horretarako, ezinbestekoa da herritarren babesa lortzea alkatetzarako bidean.