Bigarrenez aurkezten zara Oñatiko alkategai moduan, zalantzarik izan duzu?
Ez. Nire asmoa duela lau urtekoaren berbera da. Beharrezkoa da politikaren normalizazio baten bidean jarraitzea. Urte asko igaro dira nazionalistak ez ziren oposizioak ikusezinak izan direnak. Beharrezkoa da, Oñati anitza dela erakustea, baita politika ikusteko modu ezberdinak daudela ere. Konkretuki, herriarentzat onuragarria da hori eta baita, orokorrean, demokraziarentzat.
Zer da Oñatitik gehien gustatzen zaizuna?
Oso zaila da galdera honi erantzutea. Niretzat Oñati herri bat baino gehiago da. Nire txikitako eta gaztetako oroitzapenak, zein familiari lotutako tokiak gordetzen diren lekua da. Galdera honi ezin diot objektibotasunez erantzun. Nire munduko lekua da. Etxean sentitzen naizen herria.
Herriko txoko gustukoena?
Aurreko galderaren berdina gertatzen zait. Herriko txoko bakoitzak mila istorio ditu. Esaterako, Errekalde auzotik, izen bera duen baserrira doan bidean, nire aitaren baratzea dago eta bertatik paseatzen dut nire amarekin; edo, San Martineko parkea, bertan ordu asko egin izan baitut nire txakurrarekin eta bertan elkartzen zen jendearekin hizketan.
"Uste dut, Oñatik egun duen kultura ereduan bultzada handi bat behar duela; irekitzea eta parte hartzaileagoa eta anitzagoa egitea"
Ze proiektu egin nahiko zenituzke Oñatin alkate izango bazina?
Uste dut, Oñatik etorkizuneko erronka askori aurre egin behar diela. Une zailak bizitzen ari gara, paradigma aldaketa baten barruan gaude, gizarte arloan, arlo kulturalean eta baita ekonomikoan ere, non, nazionalismoa ez den gai erantzun bat emateko. Gure gizartea pluralagoa eta anitzagoa dela onartu beharra dugu eta kultura berriek eta mundua ikusteko modu ezberdinek ematen digutenaz baliatu behar gara. Bestalde, jasaten ari garen aldaketa belaunaldi artekoak ere, aldaketa sakona izatea eragiten du. Ezin gara eskaintza kultural batean ainguratu, belaunaldi berriei entzun eta proposamen berriak zabaltzen uzten ez digun kontserbadurismoarekin amaitu beharra daukagu. Amaitzeko, trantsizio ekologikoari dagokionez, Euskadi eta baita Oñati ere, bere berezitasunekin, emergentzia klimatikora eraman gaituzten arazoaren zati bat izan dira. Gure eredu industriala, erregai fosilen kontsumoan oinarritu da, horregatik, orain, irtenbidearen parte izan behar dugu. Komunitate energetikoen garapenean sakondu beharra daukagu, baina horretarako udalak ere alde aktiboa izan beharra dauka, autokontsumoa erraztuko duten instalakuntzen plan bat diseinatzen lagunduz eta hauek aurrera eramateko tramiteak erraztuz.
Aurreko agintaldian PSE-EEk gutxigatik ez zuen eserlekua lortu, hori al da helburua oraingoan?
Lehenengo helburua, lehen esan bezala lortuta dago, hau da, aniztasun politikoa izatea, beldurrik gabekoa. Aurreko agintaldian herritar asko hurbildu zitzaizkidan hartutako erabakiarengatik zoriontzera. Horregatik, bakarrik, pena merezi izan zuen. Helburua argi daukagu, ahalik eta ordezkaritza zabalena lortzea. Era berean, erakutsi nahi dugu, Oñatin modu bateko edo besteko pentsaera izanda ez dela inor gorde behar, eta jende guzti horrek bilkuretan ahotsa izatea ere nahi dugu.
PSE-EEk zein alorretan eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?
Uste dut, Oñatik egun duen kultura ereduak bultzada handi bat behar duela; irekitzea eta parte hartzaileagoa eta anitzagoa egitea. Oñatik trantsizio ekologikoaren parte izan behar du eta zalantzarik gabe, indar gehien arlo honetan egin nahi dugu. Berandu gabiltza eta ezin dugu zaharkituta dauden eztabaidekin jarraitu. Aurrera begiratu beharra dugu, eta ezin ditugu kontserbazionista eta konsterbadurismoa nahastu. Gure indar guztiak horretara bideratu behar ditugu, udalaren kasuan, aurrekontuak berriz bideratzea, herritarrei benetan inporta zaien horretan eragitea eta UEMA bezalakoetan dirua xahutzeari uztea.
Zela definituko zenuke Udal Gobernuak amaitzera doan agintaldian egindakoa?
Argi dago EH Bilduren etapa bere amaierara iristen ari dela, eta, egunetik egunera, agerikoa da ideiak bukatu zaizkiela.
"Komunitate energetikoak enpresa elektriko handietatik aldentzeko eta energia demokratizatzeko pauso garrantzitsuak dira, baina gauza gehiagotan lan egin beharra dago"
Energiari lotuta hainbat pauso eman dira, besteak beste, Onaro sortzea edo energia plana martxan jartzea. Nola ikusten dituzu hauek?
Guk begi onez ikusten dugu ekonomiaren deskarbonizazioa lortzeko bideratzen diren gauza guztiak. Komunitate energetikoak enpresa elektriko handietatik aldentzeko eta energia demokratizatzeko pauso garrantzitsuak dira, baina gauza gehiagotan lan egin beharra dago. Autokontsumoa bultzatu beharra dago, batez ere, herritarren sakabanatzea dagoen, gurea bezalako herrian. Emergentzia klimatiko batean bizi gara eta azkar erantzun beharra daukagu, tramiteak erraztu beharra dago. Bestalde, energiari lotutako beste elementu batzuk daude, baina baita politika sozialari lotutakoak, estaterako, pobrezia energetikoaren aurkako borroka eta justizia klimatikoa lortzeko bideratutako neurri guztiak.
Herritarren eta ibilgailuen arteko elkarbizitza hobetzeko ordenantza jarri du martxan udalak, beharrezkoa ikusten zenuen?
Dudarik gabe, beharrezkoa da mugikortasunaren arazoari aurre egitea. Ezin dugu ahaztu, mugikortasunaren eta garraioaren sektorea, berotegi-efektuaren erantzule nagusia dela. Beharrezkoa da oinezkoa eta mugikortasun aktiboa erdigunean jarriko duen mugikortasun politika baten aldeko apustua egitea. Horretarako, garraio publiko garbi eta zero emisiodunaren errefortzu baten beharra ezinbestekoa da. Bestalde, gaiari lotuta, beharrezkoa da udaletik, karga elektrikoko puntu gehiago jartzea.
Eta nola ikusten duzu Oñatiko bidegorrien sarea?
Gure bailara modu aktiboan sustatzen duen sarea dela uste dut.
Alkate izatearen gauzarik onena eta okerrena?
Onena zure herria ordezkatzen ari zarela eta zure lagun eta bizilagunek aukeratu zaituztela jakitea. Txarrena, ziurrenik, lanbide honek zure bizitza pertsonalari kentzen dion denbora.
"Emergentzia klimatiko batean bizi gara eta azkar erantzun beharra daukagu, tramiteak erraztu beharra dago"
Gustuko liburu edo idazle bat?
Une honetan liburu oso interesgarri bat irakurtzen ari naiz, elikagai-industriaren atzean dagoen guztiaren inguruan. Pollan-en, El dilema del omnívoro du liburua.
Euskal kultura kontsumitzen duzu?
Bai. Euskal zinemarekin eguneratua egotea gustatzen zait.
Eta Euskaraldian parte hartu zenuen eta ze iritzi duzu ekimen honen inguruan?
Zortea dut nire lanean Debagoienetik datozen hainbat lankide ditudala eta gure artean euskaraz aritzen gara. Hori izan da gure Euskaraldia.
Feministatzat duzu zure burua?
Noski.
Ze iritzi duzu Emakumion Etxearen proiektuaren inguruan?
Parte hartzea eta ahalduntzea aukera emango duten espazio berriak sortzea, emakumeok egiten ari garen bidean aurrerapausoak dira.
Ze egin zenuen martxoaren 8an?
Urtero bezala, pandemiaren erruz galdu genituenak kenduz, manifestaziora joan ginen. Maiatzaren lehenengo eguneko manifestazioarekin batera, ohitura bihurtu da gurean.