Ricardo Guisado-Balanzategui bezala ezagutu zaitugu, baina, zerrendetan Guisado Urbano bezala zatoz.
Nire amona zen Balantzategui. Bera Gazteizen jaio zen, baina jatorria Oñatin zuen, haren aurrekoak Santxolopeztegiko Balantzategi baserrikoak baitziren. Nire aitona bi bider ezkondu zen eta bigarren emaztea nire amona izan zen, Balantzategiko jatorria zuena. Horregatik, beti ezagutu izan gaituzte Guisado-Balanzategui moduan, lehenengo familiarengandik bereizteko. Nire aita da Guisado-Balanzategui eta guk aspaldi hasi genuen erregistroan abizenak aldatzeko prozesua. Baina, luze doa eta ez dugu lortu aldatzerik zerrendak publiko egin aurretik.
Aita donostiarra, ama Cordobakoa eta zu Madrilekoa. Hala ere, Donostiarekin lotura mantendu izan duzula diozu.
Nire aita Donostian hazi zen. Bera gerrako umezurtza da. Bere gurasoak haren aurrean hil zituzten 1936an, gerra hasi eta gutxira. Uda zen eta Extremaduran zeuden. Nire aitona Miguel Mauraren partiduko diputatua izana zen eta haren bila joan ziren. Nire amona erdian sartu zen eta biak hil zituzten nire izebaren eta aitaren aurrean. Nire aita, baina, oso pertsona moderatua izan da beti. Donostian hazi zen, Jesuitetan ikasi zuen lehenengo, ondoren Tuteran eta Ingeniaritza ikastera joan zen Madrilera. Han ezagutu zuen nire ama.
Zein da zuk Oñatirekin izan duzun lotura?
Amonak jatorria hemen izanik, familian beti mantendu da Oñatirekiko maitasun hori. Nire aitak txiki-txikitan ekarri ninduen Oñatira, Arantzazura, baserrira… Eta ni herri honekin maitemindu nintzen. Badira jaiotzez oñatiarrak direnak, nire kasuan, maiteminez naiz oñatiarra.
"Badira jaiotzez oñatiarrak direnak , nire kasuan, maiteminez naiz oñatiarra"
Nola definituko zenuke zure burua?
Liberal bat naiz. Liberala, ñabardura demo-kristauekin. Gehiago naiz erdi-eskuinekoa, eskuinekoa baino. 16 urterekin Zentro Demokratikoaren Batasunako (UCD) militante izan nintzen eta gero beti jarraitu dut ibilbide zentristago bat. Baina bereziki naiz liberala, asko sinisten dut askatasunean. Pertsona moduan uste dut bizitza bizi egin behar dela, baina besteengan pentsatuta.
UCDtik, Alderdi Popularrera?
UCDtik Kristau Demokrazia-ra, eta gero Alderdi Popularrera. Ez naizena izan inoiz da Aliantza Popularrekoa.
Kargu publikorik izan duzu inoiz?
Politikan nabil 16 urte bete nituenetik, baina ez dut inoiz kargu publikorik izan. 1994an izan nintzen Europar Batasunerako hautagaia baina ez dut inoiz kargurik izan. 1999an Arantza Quiroga Oñatin zinegotzi aukeratu zutenean ni nintzen zerrendan haren bigarrena.
Zergatik aurkezten zara Oñatin?
Nik horrela eskatu nuelako eta gustatu egiten zaidalako. Maiteminduta nago herri honetaz 16 urte nituenetik, hemengo historia guztia irakurri dut. Iñaki Zumalderen liburua, Rosa Ayerbe Iribarrenen Gebaratarren gaineko tesia… Udal artxiboan sartu nintzenean ere maitemindu egin nintzen. Herri hau itzela da eta beste inon aurkitzen ez diren gauzak aurkitzen dira.
Zinegotzi izatea lortuko duzula uste duzu?
340 boto behar ditugu zinegotzia eskuratzeko eta baditugu botoa emango diguten herritarrak. Ziur nago lortuko dugula.
"Nik horrela eskatu nuelako naiz Oñatiko Alderdi Popularreko hautagaia"
Zer da Oñatin gehien gustatzen zaizuna?
Landa ingurua. Arantzazu, Araotz asko gustatzen zait, asko joaten naiz. Zaila da esaten, alde guztietara begiratuta, gustatzen zaidan zeozer ikusten dut. Torre Auzo eta Santxolopeztegi arteko bidea ere asko gustatzen zait. Bidaurreta ere bai… dena. Zuek hemen bizi zarete, ez dakizue zer duzuen.
Eta gutxien?
Ikusten dut tradizioa galtzen ari dela. Esate baterako, janzteko modua. Lehenago jai batzuetan frak eta kapela luzearekin janzten ginen eta badaude gauza batzuk galdu ezin direnak. Britainiar batek ez luke galduko.
Aisialdia zertan ematen duzu?
Irakurtzea gustatzen zait, eta kirola egitea, bereziki oinez ibiltzea. Asko gustatzen zaizkit landa inguruak.
Nora jotzen duzu informatzeko?
Hemengo kontuak jakiteko Kontzejupetik irakurtzen dut eta ulertzen ez dudana itzuli egiten dut. Goiena ere ikusten dut eta bereziki Oñatiko eta Arrasateko gaiak jarraitzen ditut. Twitter ere asko erabiltzen dut.
Eta euskararekin, zer?
Zeozer ulertzen dut, eta zinegotzi ateratzen banaiz, bi urtetan euskaraz hitz egitera konprometitzen naiz. Umetan euskaraz abesti gehiago nekizkien gazteleraz baino. Pantxoa eta Peioren abesti guztiak nekizkien buruz: Itziarren semea, Azken dantza hau… Telesforo Monzonen Lepoan hartu ta segi aurrera…
Harrituta naukazu.
Nik Lenin irakurri dut. Zelan izango naiz ba ezkerrekoa!
"Zinegotzi ateratzen banaiz bi urtetan euskaraz hitz egitera konprometitzen naiz"
Zein uste duzu dela Oñatik duen premiarik nagusiena?
Herri bezala, garbitasuna. Kale eta eraikinen garbiketa. Ikusi besterik ez dago zela dagoen kalea, pintaketaz eta pankartaz beterik. Lotsagarria da. Eta baita ere ondarearen zaintza. Ondarea hondatuta du erabat. Unibertsitatea, parrokia… Ez dut ulertzen nola ez den lehentasuna. Baserriak ere uste dut lehentasun beharko luketela. Ez dago komunikazio onik eta bigarren bizitza bat eman behar zaie baserriei.
Zein dira zuen proposamen garrantzitsuenak?
Turismorako plan zehatz bat egitea, Oñati gizateriaren ondare izendatzea. Horrek zerbitzuetan, komertzioetan izango duen onura zuzenarekin. Komertzioek turista gehiago etorriko direla ikusten badute, gehitu egingo dira. Ulertzen dut Oñatin jendeak ez gura izatea masifikatutako turismo bat, baina, monumentuekin lotutako turismoa inoiz ez da masifikatua. Eta Oñati gizateriaren ondare izatea lortzen bada eta Fiturren stand propioa izatea lortzen badugu, horrek onura handiak ekarriko lizkioke herriari.
Zer gehiago?
Teknologia berriak erabiltzea baserrietara elikagaiak edo osasun baliabideak eramateko. Drone batzuek erabiltzea, dendetatik, urrun dauden baserrietara erosketak eramateko. Zer gertatu da negu honetan elurteekin? Botikak, erosketak… Teknologikoki bideragarri da.
Etxeko animaliendako zaintza gune bat ere egin nahi dugu. Ia 2500 txakur daude Oñatin. Eta gehiago ere bai, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako ikasketen fakultatearen proiektua ere aurkeztu genuen. Euskadin, ez dago eskaintzarik albaitaritza ikasketa unibertsitarioak egiteko. Eta garbi ikusten dugu fakultate horrek Oñatin izan behar duela egoitza. Gainera, horrek ikasleak ekarriko lituzke eta modu horretan herrian dauden hotelak ere bete daitezke, akordioak eginez, ikasleek horietan ostatu har dezaten.
Aukeratzen bazaituzte, zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Lehenengo entzun, eta gero, proposamenetan oinarritutako oposizio bat egingo dut. Izan ere, badakit ez dudala irabaziko, gustatuko litzaidakeen arren. Oñatin EAJk ez du oposiziorik egiten. EH Bilduren azken aurrekontuak onartu ditu eta horrek esan gura du biek ere herri eredu berdinaren alde egiten dutela.
"Egin gura nukeen lehenengo gauza atez atekoarekin amaitzea da"
Baina, horrez gain, egin gura nukeen lehenengo gauza da atez atekoarekin amaitzea. Lotsagarriak dira zintzilikario horiek. Eta gainera sistema totalitario bat da. Erregistratuta dute zer jartzen duzun zaborrean. Hori ez al da kontrol soziala? Zer izango da hurrengoa? Ni liberala naiz, ezin naiz ados egon horrekin. Estetikoki ere izugarria da. Edozein tokitatik zatozela, Oñatin sartzen zarenean ikusten duzun lehen gauza zaborra da. Zuek ohituta egongo zarete, baina, kanpotik datorren jendeak ikusten duenean harrituta gelditzen da. Badaude jarri eta kendu egiten diren sistemak. Ni Ciudad Rodrigora (Salamanka) noanean ez dut ikusten ez zaborrik eta ezta edukiontzirik egunez kalean. Zuk etxera gonbidatuak ekartzen dituzunean lehenengo erakusten diozun gauza etxeko zabor ontzia da? Eta berdin pintaketekin. Ohitu egin gara horiek ikustera, baina, benetan, XXI. mendean gaude, eta paretetan jartzen diren mezuak sare sozialetan jar daitezke, kaleak eta eraikinak zikintzen ibili behar izan barik. Gainera, horietako asko eta asko iraingarriak dira ETAko biktimentzat. Izugarria da kaleak horrela egotea.
Aukeratzen bazaituzte, zenbatero etorriko zara?
Bi astean behin gutxienez, eta noski, osoko bilkura guztietara.