Goieskolaren Jolas eta Kirol Topaketa egingo dute maiatzaren 5ean Oñatin, Debagoieneko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxe publikoetako laugarren mailako 303 ikasleek. 2015ean eta 2016an Aramaion eta Aretxabaletan egin zuten ekimena; 2019-2020ko ikasturtean Oñatin egitekoak ziren, baina pandemiagatik bertan behera geratu zen.
Helburuak lantzeko egitaraua
10:00etatik 12:30era euskal jolas tradizionalak antolatu dituzte Oñatiko plazan –eguraldi txarra bada, kiroldegian–, eta, ordubeteko bazkalorduaren ostean, orientazioa egingo dute 13:30 eta 15:30 bitartean alde zaharrean barrena, armarriak eta iturriak aitzakia hartuta. Ondo pasatzeaz gain, beste helburu batzuk ere baditu lehiarik gabeko topaketak, Goieskolako koordinatzaile Ainhoa Belategiren esanetan: "Debagoieneko Eskola Publikoko ikasleek elkarren artean ezagutu eta bailarako herri bat ezagutzeko aukera dute. Jolas topaketan eta orientazioan taldekatu egingo ditugu, eta orduan izango dute aukera elkar ezagutzeko. Bestalde, kirola euskaraz sustatzea da helburua, baita galtzen ari diren jolasen berri izatea ere".
Belategik adierazi du aste hauetan ikasleak jolasen trebakuntza ari direla egiten. Azaldu duenez, ikastetxe guztietan egin duten lanetako bat izan da jokoen arauak idaztea, egunean bertan denek berdin jolasteko.
DBHkoen txanda urrian
DBHko topaketa aurten egingo dute lehen aldiz; urrian eta Arrasateko Institutuan izango dela aurreratu du Goieskolako koordinatzaileak, DBH-4ko ikasleekin: "Batxilergoa aukeratzen dute askok. Beraz, helburua da bailarako institutuetan dagoen aukera eta nolakoa den erakustea eta euren adinekoak ezagutzea".