Aloñako Igoera behin egitea ez da lan makala, esfortzu handia eta sakrifizio ugari helmugara iristeko. Hori ondo daki Mikel Madinagoitiak, lasterketak izan dituen hemezortzi edizioetan parte hartu baitu; oñatiar bakarra da hori egin duena. Aurten 3.08.07 izan da haren denbora.
Errekuperatuta domekako lasterketatik?
Egunetik egunera hobetzen noa, baina astelehen goiza gogorra izan zen lantokian.
Nola joan zen lasterketa eta ze sentsazio izan zenituen?
Esan beharra dut orokorrean sentsazioak onak izan zirela. Ondo ekin nion lasterketari, baita bukatu ere. Hori bai, Aloñako gurutzera bidean eta gailurrerian ikaragarrizko hotza pasa genuen.
Bakarra zara herrian lasterketaren edizio guztietan parte hartu duena; zer da hori zuretako?
Egia esan behar badut, ez du askorik niretzat, datu bat besterik ez da, baina, aldi berean, presio-puntu bat ere izaten dut, horrek sortzen duen egoeragatik.
Aloñako Igoera bakarrik egiten duzu ala beste lasterketaren batean ere parte hartzen duzu?
Beste lasterketa batzuetan parte hartu izan dut, baina haiek Aloñako Igoera prestatzeko baliatu izan ditut.
Nola prestatzen dituzu lasterketak? Sekreturik badago?
Libre izaten dudan denbora apurra aprobetxatzen saiatzen naiz, etxean ume txikia izanik ez dut-eta denbora askorik izaten.
Nolako bilakaera izan duzu lehenengo aldiz egin zenuenetik azkena egin duzunera arte?
Batez ere, korrika egiteko modua aldatu da. Lehen, Aloñako tontorrera igo eta buelta egiten zen, dena ahalik eta azkarren eginez; orain, buruarekin jokatu behar da, indarrak erregulatzeko.
Eta lasterketak ze bilakaera izan du?
Ibilbideaz gain, partaidetzan ere asko aldatu da lasterketa. Korrikalarien maila asko igo da, eta, era berean, popularren maila hori zertxobait jaitsi da.
Datorren urtean ere irteera-puntuan ikusiko zaitugu?
Orain baietz esango dizut, baina aurrerago ikusi beharko da hori.