Pako Aristi: "Ondo arrazoitu dugu Susana Arregi eta Jon Lizarralde guardi zibilek torturatu eta erail zituztela"

Hasier Larrea 2023ko api. 22a, 12:35

Pako Aristi eta Enkarna Maiztegi, Susana Arregiren ama.

Irunberri, 1990. Arroilaren negarra ikerketa-liburua kaleratu berri du Pako Aristi idazle eta kazetariak (Urrestilla, 1963), Oñatiko Gure Bazterrak fundazioak bultzatu eta babestuta eta Erein argitaletxearen eskutik. Donostian egingo zuten lehen aurkezpena atzo, eta Oñatiko Santa Ana antzokian hurrengoa, hilaren 26an, 19:00etan.

Liburua 1990eko ekainaren 25 eta 26 artean Irunberriko (Nafarroa) arroilan gertatutakoaren berrirakurketan datza. Han, etakideak ziren Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra hilda eta German Rubenach bilbotarra larri zaurituta azaldu ziren, Guardia Zibilarengandik ihes egiten saiatu ostean. Era berean, Jose Luis Hervas sarjentua ere hilda agertu zen.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Arregi eta Lizarralde suizidatu egin ziren.

Suizidioaren ideia bertan behera utzi zuen Auzitegi Nazionalak handik bost urtera, froga bakar ez zegoela esanez. Guk liburuan ongi arrazoitu dugu harrapatu egin zituztela, torturatu eta erail. Gure zalantza hau da: Estatuak krimena burutu ondoren babestu beharra izan zuen, ala hark agindu zuen krimena? Lehen kasuan, babeslea litzateke; bigarrenean, eragilea. Aldea handia da.

"HISTORIALARIEK BI BERTSIO IZANGO DITUZTE AURRERANTZEAN"

Diozuenez, ezinezkoa zirudien egia frogatzeko argiren bat aurkitzea, baina lortu duzue. Nagusiki ze faktorek, taldek eta pertsonak eragin dute hori?

Batetik, lekuko berriak aurkitu ditugu: arroilan zeuden Gasteizko ume eta begiraleak; Marian Husken kazetari herbeheretarra, Irunberriko kasua liburu batean jasoa daukana, nederlanderaz; eta bi lekuko klabe, Xabier Goldaraz eta Juanjo Zubieta. Nafarroa komandoaren laguntzaileak ziren: haiek eraman zituzten Irunberrira, eta haiek jaso behar zituzten gertaeren biharamunean. Bestetik, sumarioa pistaz beterik dago, baina 600 orri artean gorderik zeuden, eta luparekin aztertu dugu dena goitik beheraino.

Eta ze beste faktorek zaildu dizuete egia jakiteko bidea?

Kasu horren zailtasun nagusia da luzea izan zela, hogei ordu iraun baitzuen operazioak. Gainera, Irunberriko arroila leku opakoa da, bi tunel baino ez daude sartu-irtenak egiteko; poliziak itxi egin zituen, eta hark nahi zuen informazioa filtratu zuen, egia ezkutatuz. Horma hori jo eta apurtu egin dugu osorik, egia bistan utziz.

Labur-labur, sumarioan jasotako ze deklarazio jotzen dituzue faltsutzat, eta zergatik?

Sumarioan bi gauza bereizi behar dira: datuak eta kontakizunak. Kontakizun guztiak daude manipulatuta, bai agenteen deklarazioak, bai atestatuak, bertsio ofiziala babesteko. Baina datuak objektiboak dira, eta horiek gezurtatzen dute bertsio ofiziala. Adibidez, esan zen German Rubenach tiroketan zauritu zutela eta odol asko isuri zuela, baina sumarioak dio odol tanta bat dagoela haitz batean eta bizpahiru tanta aurrerago. Odol hori ez da Germanena, ez da belauneko zauri batena. Jon Lizarralderena da, irrist egin eta kopeta jo zuelako harrien kontra. Marian Husken herbeheretarrak German korrika ikusi zuen. Hortik ondorioztatu daiteke belauna arratsaldean zulatu ziotela, tortura prozesuan. Horrelako datu asko daude liburuan xehatuta.

"EZIN DIRA HORRELAKO KRIMENAK BERTSIO OFIZIALAREN PEAN USTELTZEN UTZI"

Ze ibilbide izan dezake egin duzuen lanak?

Hau lehen pauso bat da. Beharrezkoa zen gure historia garaikidearen pasarterik latzenetako bat argitzea, eta lortu dugu Corcuerak, orduko Espainiako Barne ministroak, eman zuen bertsio ofizialari beste bertsio bat gaineratzea. Aurrerantzeko historialariek bi bertsio izango dituzte historia egiteko orduan, eta aztertu beharko dituzte biak. Bestalde, material guztia Aranzadi Zientzia Elkartearen esku utzi dugu, aurrerago txosten bat argitaratuko du, eta, agian, justizia egitera iritsiko dira.

Idazle bezala, nola baloratzen duzu esperientzia guztia? 

Niretzat erronka handia izan da. Oñatiko Gure Bazterrak fundazioa nirekin harremanetan jarri zenean ardura sentitu nuen, eta erantzun behar niola. Euskal herria maite dut, eta, ahal bada, ezin dira horrelako estatu-krimenak bertsio ofizialaren itzalpean usteltzen utzi. Hau dei bat da kazetari, idazle eta historialariei, ikertzen jarrai dezaten.

Liburuaren azala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak