Txuleton's, betiko patxadan eta erritmoan

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko api. 21a, 11:29

Txuleton's taldeko sei kideak Garate estudioan.

Puntaik Punta jaialdiaren barruan joko du Txuleton ́s taldeak zapatu iluntzean plazan eta mimoz prestatutako kontzertua egingo dutela aurreratu dute, jarraitzaileek ondo ezagutzen dituzten katuak izango dira batzuk eta zuzenean inoiz jo barikoak beste batzuk.

"Sorpresaz" hartu zuten Txuleton's taldeko kideek Puntaik Punta jaialdian kontzertua eskaintzeko gonbidapena, "sorpresa atsegina". Ez ditu kontzertu askorik egiten taldeak, eta 25 urte baino gehiago daramatza musika egiten. Patxadan lantzen duten erritmoarekin egingo dute biharko emanaldia.

Kantu desberdin asko

Taldearen jarraitzaileendako eta ingurukoendako ezagunak diren abestiak izango dira joko dituzten batzuk, baina baita inoiz zuzenean jo gabeak ere. Denak eurek sortutakoak.

Eltzian egiten dituzte entseguak taldekideek. Hamabostean behin elkartzen saiatzen dira, arratsaldeetan orain, eta hantxe hartzen dute tartea musikaz gozatzeko. Urte hauetan guztietan egindako entseguen %90 inguru grabatuta dute eta egindakoa entzuten ere gozatzen dutela diote, kantu berarekin bertsio asko dituztelako. "Ez dugu kantu bat behin eta berriz jotzen perfekziora heldu arte. Behin eta berriz jotzen dugu, baina aldiro pieza ezberdina da, musikagatik edo letragatik". Izan ere, inprobisazioa maite dute taldekideek eta esperientzia berria izaten da kantu bat jotzen duten aldiro.

Estudioan egon berri

Oraingoz, disko bakarra dute grabatuta, 2001. urtekoa. Duela gutxi, baina, hamar bat abesti grabatu dituzte Garate estudioan. Lan hori diskoan jasoko duten, beste euskarri baten entzungo den edo kaleratuko duten ere ez dute oraindik pentsatu. "Baina oso sentsazio onekin bueltatu gara estudiotik, gustura". Grabazioaren osteko lanak ari dira orain egiten, eta kantu gehiago grabatzea ere beste aukera bat da.

Zuzenean plazan

Patxadaz aritzen dira, baina erritmoa galdu barik, rock doinuekin gehienetan, baina bluesa edo reggaea, adibidez, baztertu barik. Denen artean sortzen dituzte abestiak eta ehunka egin dituzte hasi zirenetik hona. Jabi Egañak (abeslaria eta saxoa), Karmelo Alberdik (gitarra), Roberto Zabartek (gitarra), Fernando Mugartzak (baxua), Xabier Arregik (bateria) eta azkeneko sei bat urteetan kide duten Sven Linnenbruggerrek (teklatua) osatzen dute Txuleton's taldea, eta mimoz prestatutako kontzertua egingo dute bihar, zapatua, 20:30ean, plazan. Ez dituzte zuzeneko asko eskaintzen, Inozente Eguneko emanaldiari eusteaz gain, baina gonbidapenak hartzeko prest daude.

Erlazionatuak

Puntaik Punta hartuko du Oñatik asteburuan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023 api 21 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak