Puntaik Punta hartuko du Oñatik asteburuan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko api. 21a, 09:03

Nogen talde donostiarrak kontzertua emango du zapatu gauean herriko plazan.

Debagoieneko natur ondareari balioa emateko sortu zen 2016an jaialdia, eta arratsaldean emango zaio hasiera zazpigarren edizioari; mendi ibilaldiak, bisita gidatuak, tailerrak eta kontzertuak izango dira protagonista, beste urte batez.

Gaur hasi eta domekara bitartean egingo da Puntaik Punta Bidezidorren Jaialdiaren zazpigarren edizioa, Oñatin eta lehenengo aldiz ospatuko dute bertan festa. Aurtengo egitarauan ere ez dira faltako adin askotariko herritarrei zuzendutako ibilbide, tailer eta kontzertuak. Berrikuntzen artean dago Hartzaren Urratsa mendi-ibilbidearen aurkezpena, eta Oñati eta Bergara arteko ibilbidea egingo dute zapatuan. Aloñako Igoera izango da asteburuko beste ekintza nagusietako bat, bi ekitaldietako antolatzaileek elkarlanean antolatu baitute domekako lasterketa.

Kulturak ere badu presentzia, eta zenbait taldek musikaz jantziko dute herriko plaza. Horietako bat izango da Nogen. Taldeak ezagutzen du jaialdia –2018ko edizioan Aretxabaletan izan zen– eta donostiar boskotearen musikak girotuko du zapatu gaua.

Plaza mugatuak

Egitarauko zenbait ekintzatan aurrez izena ematea beharrezkoa da, plazak mugatuak direlako. Debagoieneko Mankomunitatetik adierazi dute herritarrak "ondo" erantzuten ari direla eta izen-emateak erritmo onean doazela. Horren adierazle da dagoeneko zenbait ekintzatan plaza guztiak bete direla. Udaberriko zerua begi-bistaz; Helduentzako espeleoabentura; Gaztagintzaren sekretuak; Arrikrutz espeleotxiki; El ladrón de rostros bisita gidatua; eta Bizi Pottoka esperientzia. Hala ere, antolatzaileek adierazi dute "azken momentura arte" eman daitekeela izena; betiere, plazak baldin badaude.

Trafikoan eragina

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, domekako Aloñako igoerak trafikoan eragina izango du mozketa puntualak egingo baitituzte. 09:00ak aldera, moztuko dute Urteaga baserria eta Urtiagain jatetxeen artean; 10:30 aldera, berriz, Roke Azkune auzoko biribilgunea moztuko dute. Jaialdia dela eta, ez da autobus zerbitzu berezirik egongo. Halaber, udaltzaingoaren esanetan, Ibarrako MUko aparkalekuak autokarabanentzako egokituko dute. Era berean, ohi bezala, autokarabanak eta furgonetak aparkatu ahal izango dira San Martin zuhaiztian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak