Azaroan Harmailatik saioan egindako elkarrizketan Malen Osak garbi esan zuen 2023an ez zela Aloñako Igoeran egongo. Ez zen erraza izango etxeko lasterketa kuttuna baztertu behar izatea, baina egutegia nazioarteko lasterketetara bideratzearen ordaina da hori. Domekan, baina (09:00), Oñatiko plazan batuko diren 350 korrikalarietako bat izango da txantxikuarra. "Berez, joan den astean Lloret-en (Girona) izan behar nuen, Espainiako Txapelketan. Ekainaren 9tik 11ra bitartean Insbrucken (Austria) egingo duten Munduko Txapelketan egotea da helburu nagusia, eta helburu horretara begira Espainiako Txapelketan lan ona egitea zen asmoa".
Baina Salomoneko taldekideekin hamaika eguneko training camp edo egonaldi batetik itzuli berri da Osa, eta Lloretera atseden hartu barik joango zen. "Annecyn (Suitza) eta Portugalen egon naiz, elite mailako kirolari onentsuenekin, eta sekulako esperientzia izan da. Halako egonaldiak taldea egiteko erabiltzen dira, denok elkar ezagutzeko, eta, horrekin batera, baita gogor entrenatzeko ere. Eta handik bueltan atsedenerako beharra nuen. Horregatik, hautatzailearekin berba egin eta esan zidan lasai egoteko; egutegian moldaketak egin ditugu, eta horri esker egongo naiz domekan Oñatin".
Gozatu, iaz ez bezala
Askotan, garaipenak ez dira lasterketan gozatu izanaren ondorio. Osak iaz ikusi zuen hori, hain zuzen, Aloñako Igoerako bigarren txapela irabazi zuenean. "Ez nintzen gustura ibili, eta aurten gozatzera noa; hori nahi dut. Beste batzuetan, ibiltzen zara ikusten ze lasterkari izango dituzun ondoan, zeintzuk ez... Aurten nire lasterketa egitera noa, neure buruaren kontra lehiatzera. Hasiera batean, Salomoneko taldekideekin egindako entrenamendu-saioek fruituak eman beharko lituzkete". Eta lehia hori erlojuaren kontra izan nahi du. "Lasterketako errekorra ondu nahi dut. Maite Maiorak 2018ko lasterketan 2.20.40 egin zuen, eta uste dut saiakera egiteko moduan nagoela".
Hala, emakumezkoetan faborito nagusia Malen Osa da, eta gizonezkoetan Aitor Ajuria gatzagarra nabarmendu daiteke. Oñatiko lasterketako erreferenteetako batek, berriz, huts egingo du: Aloñan sei alditan nagusitu den Walter Becerra ez da lasterketan egongo. Haiez gain, maila handiko beste hainbat korrikalarik parte hartuko dute emakumezkoetan zein gizonezkoetan; besteak beste, Ane Zabala, Maddi Mujika, Saioa Arkonada, Xabier Lete, Beñat Etxabe eta Jokin Etxabe anaiak, baita Aner Iñarra ere.
Bi berrikuntza
Ibilbideak aldaketarik izango ez duen arren –22,6 kilometro eta 1.800 metroko desnibel positiboa–, bi berrikuntza "txiki" sartu dituzte edizio berrirako: alde batetik, korrikalariek lasterketa dohainik egiteko aukera izango dute. Horretarako izen-ematea berbera izan da eta ordaindu ere egin dute, baina lasterketa amaitu ostean dirua itzuli egingo zaie eta ez dute oparirik jasoko; hain zuzen ere, hogei pertsona izan dira aukera hori aprobetxatu nahi izan dutenak. Bestalde, bigarren berrikuntza ikusleei zuzendutakoa izango da, lasterketa streaming bidez jarraitu ahal izango da eta. Herriko plazan pantaila handi bat jarriko dute lasterketa zuzenean jarraitu ahal izateko, eta etxetik ikusi nahi duenak ere Aloñako Igoeraren Youtubeko kanalean izango du aukera.
Egun osoko jaia
Lasterketa ez da soilik nagusientzat izango: etxeko txikienendako zazpigarren urtez Aloña Txiki ere antolatu dute. Baina aurtengoan bada beste gehigarri bat: Aloñako Igoera Puntaik Punta jaialdiaren barruan sartu dute eta egun osoko egitaraua antolatu dute. Esaterako, lehen korrikalaria iristerako elektrotxaranga bat hasiko da kaleak girotzen, azken korrikalariarekin batera amaitu arte.