Foruen plazan kokatuko dute agertoki nagusia eta han izango da Donostiako Nøgen taldea apirilaren 22an, zapatua, 22:00etan hasita. Aurrez egondakoak dira Oñatin, gaztelekuan izan ziren 2018an, eta Puntaik Punta Bidezidorren Jaialdia ere ezagutzen dute, Aretxabaletan izan ziren-eta urte berean. "Guretzako kontzertu politak izan ziren Oñatikoa eta Aretxabaletakoa, baina bigarren hura berezia izan zen, Skakeitan taldearekin jo genuelako; gertuko lagunak gara, aspalditik partekatu dugu lokala. Bada, guretzako kontzertu gogoangarria izan zen", kontatu du taldeko abeslari eta ukelele-jole Markel Idigorasek.
Jokin Guilisagasti (bateria), Olatz Cuevas (baxua), Alex Irauzusta (gitarra) eta Ane Negueruela (abeslaria) ditu gaur egun Idigorasek taldean lagun. "Ane, hastapenetako abeslaria, iaz itzuli zen taldera, Eider Saezi lekukoa hartuta. Bitxia da, Aretxabaletakoa izan zen Eiderren lehen kontzertua eta Debagoienera Anerekin itzuliko gara orain. Ilusioz gaude; talde batek bidean galtzen duen freskura berreskuratu dugu Anerekin".
Lan berria prestatzen
Folk-pop esparruan kokatzen da Nøgenek egiten duen musika, alaia eta dantzagarria. 2016an abiatu zuten taldea, eta, harrez- kero, disko labur bat eta bi luze dituzte argitaratuta; azkenekoa, 2020an, Under Alt izenekoa. "Ilusioz ari gara abesti berriak konposatzen. Ez dugu disko luze bat argitaratzeko presa handirik; kantuak banaka sortzearen eta argitaratzearen alde egin dugu oraingoan. Dagoeneko sarean dago entzungai Glastonbury kantu berria, bideoklip eta guzti. Lehenengo aldiz ekoizle bat sartu dugu; Nacho Murekin lanean ibili gara, eta interesgarria izan da kanpo begirada bat sartzea. Oñatiko kontzertuan eskainiko dugu aurretik ezagutzen dituzuen kantuekin osatutako kantu-zerrenda berritua".
Txuleton's taldea aurretik
Oñatiko ibilbide luzeko seikoteak sarritan jo du herrian –Jabi Egaña (abeslaria eta saxoa), Karmelo Alberdi (gitarra), Roberto Zabarte (gitarra), Fernando Mugartza (baxua), Xabier Arregi (bateria) eta Sven Linnenbrügger (teklatua)–; oraingoan, Nogenekin "pozik" partekatuko dute oholtza, 20:30ean.
Musikari-ibiltariak kalean
Erdiguneko kaleetan zehar musika-ikuskizun gehiago izango dira; esaterako, egubakoitzean, 19:00etan hasita, Santanderko Granujas A Todo Ritmo seikoteak Blues Brothers taldearen doinuak eroango ditu, panpina ikusgarriak lagun dituztela.
Ibilbide luzea duten musikariek osatzen duten RocKalean taldea ere gonbidatu dute Puntaik Puntara. Debagoienean sarritan izandakoak dira kantu-zerrenda rock eta pop estiloko kantu eza- gunekin osatzen duen boskote dibertigarria. Jaialdiaren egitaraua borobiltzeko, dantzarekin gozatzeko aukera izango da Tio Teron taldearekin domekan, 18:00etan hasita, Foruen plazan. Euskal dantza tradizionala eta umorea uztartzen dituen musika- eta dantza-taldea da; haiek ere eskualdean behin baino gehiagotan izandakoak dira.
Ibilaldi literarioa ere bai
Ibon Martinek idatzi duen Ladrón de rostros azken nobelan oinarritutako bisita gidatua egingo dute apirilaren 21ean, 16:00etan hasita. Oñatin kokatutako isto- rioa da eta eleberriko kokaleku esanguratsuak bertatik bertara gerturatzea du helburu Turismo Bulegotik abiatu eta hiru ordu iraungo duen ibilaldi gidatuak. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da, 747 41 75 85 telefono-zenbakira deituta edo Puntaikpunta@debagoiena.eus helbidera idatzita.
Mendi Film festibaleko filmak
Mendiari, abenturari eta naturari buruz Bilbon egiten duten zinema-jaialdian saritutako lau film ikusteko aukera izango da apirilaren 21ean, 18:30ean, kultura etxeko zinema aretoan.
Hiru euskal ekoizpen
Iazko Mendi Film jaialdian bi sari eskuratu zituen Agur artzai film laburra da eskainiko duten lanetako bat –Euskarazko Film Onena eta Gazte Epaimahaiaren saria–; Orozkoko Julen Zubietek zuzendu du eta Gorbeian erretiratzear dagoen Jose Ereño artzainaren gogoetak jasotzen ditu.
Ugandako Mgahinga Parke Nazionaleko gorila handien zaintza eta haren semeena partekatzen duen Joyleen Tugume emakumearen istorioa jasotzen du Getxoko Aner Etxebarriak zuzendu duen Joy filmak; Film Labur Onenaren saria jaso zuen.
Euskal ekoizpena da Andrew Opilak zuzendu duen Into the ice filma ere. Hego Amerikako Darwin mendikatera 2022ko martxoan eta apirilean egin zuten nazioarteko espedizioa du ardatz; besteak beste, Ibai Rico eta Eñaut Izagirre geografo eta glaziarretan aditu direnek parte hartu zuten bidaiaren kontakizunak.
Erresuma Batuko Jake Hollandek zuzendu duen New way up filmarekin borobilduko dute eskaintza. Himalaiako irudi ikusgarriak batzen ditu alpinismoa ardatz duen lanak.