Ikasketak bukatu osteko etapan lan-merkatuan sartzeko egoeran dauden gazteei orientazioa eta aholkularitza ematen die gaztelekuan kokatuta dagoen Maratz zerbitzuak. Abendua ezkero dago zabalik zerbitzua, eta, eskaera gehienak ikasturte amaieran etor daitezkeela aurreikusten duten arren, ordurako prestatzen eta zerbitzua egonkortzen dihardute hango bi aholkulariek, Ainhoa Anduagak eta Cristina Valek.
Informazio-puntua
Martitzenetik egubakoitzera bitartean egoten dira biak, goizez, gaztelekuan, eta bien artean kudeatzen dute Maratz zerbitzua. Graduatuak zein goi mailako zikloa bukatu duten gazteak dira abendutik egungo tarte honetan Maratz zerbitzura jo duten gazteak. "Informazioa eskaintzen diegu guk: lana non aurki dezaketen, zein lan-eskaintza dauden, nola prestatu curriculum bat, zer-nolako bekak dauden, adibidez, kanpora joan edo lehen lan esperientzia izateko, non eska ditzaketen, dirulaguntzak ote dauden... Horrelako gaien inguruko informazioa ematen diegu eta, kasuan kasu, toki batera edo bestera bideratu, izan Lanbidera edo izan Udaleko Enplegu Sailera, esaterako. Bigarren Hezkuntzako eta batxilergo mailako ikasle batzuk ere etorri dira, bestalde, uztaileko udaleku irekietan eta arte jardunaldietan, adibidez, begirale izan daitezkeen galdezka".
Lanbiderekin harremana dute Maratz zerbitzuko aholkulariek, eta diote saiatzen direla gaztea informazio eske doanean ahalik eta gehien laguntzen. "Zer egin dezaket orain? Non lortu dezaket lana? Horiek izaten dira galdera ohikoenak, eta lan-eskaintzaren inguruko informazioa edo laguntzena prest izaten dugu eurei erakusteko".
Zerbitzua egonkortzen
Eskaera-kopurua ikasturte amaieran handitu egingo dela uste dute Anduagak eta Valek, eta bitartean zerbitzua egonkortzen eta zabaltzen lan egingo dutela aurreratu dute. "Lana bilatzeko dagoen ziurgabetasun egoeratik etorri zen zerbitzu hori martxan jartzeko ekimena. Gazteek lan-arloko galderak jorratzeko erreferentziazko puntu bat izatea zen asmoa, eta horixe eskaini gura du Maratzek", zioen Haurrak eta Gazteria Saileko batzordeburu Iker Oñatek. Egonkortzen ari da aholkularitza-zerbitzu hori, eta, erreferente bihurtzen den heinean, gazteei formazioa eskaintzea eta hitzaldiak antolatzea ere bada asmoa, beharra ikusiz gero.