Lehenengo lanak amaituta, etxearen barne banaketa eta antolaketa burutuko da, eta aldi horretarako lanen diseinua parte-hartze prozesuaren laguntzarekin egingo dute. Urtarrilean egin zen Bisitetik aukeretara saioak eman zion amaiera aurreko faseari. Inguruko emakumeen etxeetara egindako bisitetan ikusitakoak partekatu zituzten, azken saioan, bisitetan parte hartu duten emakumeek joan ez zirenekin. Beste ekimen batzuk ezagutzeak Oñatikoak eman ditzakeen aukerak ikusteko balio izan ziela adierazi zuten orduan. Orain "Oñatiko proiektuaren sustraiak errotzeari" ekingo diotela adierazi dute Udaleko Berdintasun Sailetik. Horrela, apirilaren amaieran egitasmoa ardazten duten oinarri teorikoak adosteko saio bat egingo dute, eta maiatzean eta ekainean beste bi saio egingo dituzte, etxearen barne banaketa adosteko.
Jarraipen telematikoa
'LABUR.EUS/ EMAKUMIONETXIA' ESTEKAN SARTUTA ERE JARRAITU AHAL IZANGO DA PROZESUA
Kale Zaharreko eraikinaren eraberritze-lanen paralelo, online ataria prestatu du Udalak, Oñatiko Emakumeen Etxea eraikitzeko prozesua edonork jarraitu ahal izateko. "Hasieratik adierazi genuen prozesu irekia izatea nahi genuela; nahi duen oro prozesuan sartu eta prozesutik irten daiteke, nahi duen momentuan. Sartu-irten horietan informaziorik ez galtzeko osatu dugu online tresna hori. Bertan aukera dago orain arte egindako bidea edonork ikusi ahal izateko, fase bakoitzean landutakoa eta adostutakoa berrikusi ahal izateko...", zioen Izaro Elorza Berdintasun batzordeburuak prentsa-ohar batean. Prozesuaren baitan sortzen joan diren bideo, argazki eta edukiak bildu dira atari horretan. "Tresna hori elikatzen joango gara prozesuak aurrera egin ahala, gure Instagram-sarearekin batera. Iruditzen zaigu gaur egun askotariko baliabideak eskaini behar ditugula maila ezberdineko inplikazioa duten herritarrek prozesuaren jarraipena ahalik eta modu erosoenean egin ahal izateko, eta, horregatik, edonorentzat erraza eta erakargarria izango den formatu bat aukeratu dugu".