Urteurren borobila du ospatzeko Aragoiko musika sustatzea helburu duen Ejea de los Caballeros herriko lehiaketak –50 urte–, eta azken urteetan sarituak izan direnetako bederatzi abesbatza gonbidatu dituzte aurtengo lehiaketan parte hartzera. Oñatiko Ganbara abesbatza da gonbidatuetako bat –2013an lehen saria eta 2014an Grand sari nagusia–, eta prestatzen ari dira irabazleen arteko txapelketan lehiatzeko.
Derrigorrezko piezak
Lau piezako emanaldia egingo dute oñatiarrek. "Obretako batek derrigorrean izan behar du Aragoiko musika duena. S’ha feito de nuey –J. Bustok moldatuta– pieza abestu izan dugu guk lehiaketa irabazi dugun bi alditan, eta hura aukeratu dugu oraingorako. Beste pieza batek dagokion abesbatzaren sorlekukoa izan behar du. Eta, kasu horretan, Aldapeko abestia aukeratu dugu. Ez da, baina, ohikoa izango; Josu Elberdini eskatu genion moldaketa egiteko. Gainera, interpretazioa ere gehituko diogu", azaldu du Ganbara abesbatzaren zuzendari Aitor Biain Bidartek.
"Ekin" eta "ordun"
SAGARDOA EGITEKO PROZESUA DESKRIBATUKO DUTE KANTUAREKIN, ANTZERKIA GEHITUZ
Sagardoa egiteko prozesua irudikatuko du Ganbara abesbatzak kantu horrekin: sagarrak batu, kupelera bota, txikitu eta sagardoa atera. "Dokumentazio-lanak egin eta jakin dugu "ekin" oihukatzen zutela garai bateko baserritarrek sagarra jotzen hasteko, eta "ordun", berriz, gelditzeko. Prozesu hori deskribatzen duen pieza bat da moldaketa, eta eszenifikazioa, antzerkia, sartu diogu. Makilak erabiliko ditugu", aurreratu du Biainek. Kontzertuko hirugarren pieza estilo barrokokoa da, Laudibus izenekoa. Eta laugarrena, berriz, Iuppitter garaikidea.
Pazko Asteko asteburuan izaten da beti lehiaketa hori; aurten, apirilaren 15ean eta 16an -14an lehiaketari hasiera emango dion kontzertua egongo da–. Entseguak ondo doazela dio Biain zuzendariak, eta, disfrutatzeaz gain, egindako lana erakustera joango direla: "Lan handia egin dugu eta egindako lana ondo erakustera goaz".