Eider Mendoza Oñatin izan da gaur. Mendozak Debagoieneko zenbait enpresa eta eragile bisitatu ditu. Bisita "pribatuak" izan direla azaldu dute jeltzaleek eta eskualdeko enpresak eta eragileak "gertutik" ezagutzeko. Mendozak EAJren alkategai Amaia Erostarberekin batera egin ditu bisitok, eta ekonomia eta ekonomiaren sustapenarekin lotutako gizarte politiken inguruan aritu dira ondoren.
Ekonomia sustatzen eta indartzen jarraitzeko konpromisoa agertu du Mendozak. Hautagaiaren esanetan ekonomia indartsua ezinbestekoa da gizarte desberdintasunei aurre egiteko. Alor horretan uste du balio kooperatiboekin, eta, oro har, langileen partaidetza sustatzearekin gaur egungo erronketako askori erantzuten diotela enpresek. "Enpresa proiektuak indartzen dira, erabaki guneei eusten zaie enpresak lurraldean sustraituz, enpresa barneko kohesioa indartzen da, eta talentuari eusten ere laguntzen du".
Gaineratu du Debagoieneko enpresek lurraldeko ekonomiaren ikur diren bi elementu jasotzen dituztela: industria eta eredu parte-hartzaile. "Bi ezaugarri horiek funtsezkoak dira ekonomia sendo eta lehiakorra eraikitzeko", esan du. "Banatzeko, lehenik eta behin sortu egin behar da". Mendozak ziurtatu du orain arte jorratutako bidea jarraituko duela EAJk. "Azken hamarkadetan, parte-hartzearen eredua lehentasunezkoa izan da. Gainera, parte-hartzea Gipuzkoaren eta euskal idiosinkrasiaren parte da". Gogoratu du 28.500 enplegu dituzten 800 kooperatiba daude gaur gaurkoz Gipuzkoan. "Parte-hartze eredu ezberdinak daude, eta denak dira baliagarriak: kooperatibak, sozietate laboralak, oinordekotza prozesuetan jabetza hartzen duten langileak…". Eta azken urteotan Aldunditik hartutako neurrietan jarri du azpimarra. Aipatu ditu langileen partaidetza sustatzeko Ogasunak 2016an onartutako zerga pizgarriak: "Indarrean sartu zirenetik, 2.315 langile sartu dira 432 enpresaren jabegoan", esan du. "Ekintzekin egiten eta erakusten dugu gure eredua".
Pertsonak erdigunean jartzen dituen zaintza ere berria
Gizarte politikei buruz ere aritu da Mendoza Oñatin gogora ekarriz, gaur gaurkoz Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoar bakoitzeko 700 euro bideratzen dituela gizarte politiketara; "noizko zifrarik handiena da", esan du. "Gaur egun bezala bihar ere kalitatezko zaintza bermatu behar diogu pertsona orori eta, horrela, Gipuzkoak gizarte politiken abangoardian segituko du".
Babes sozialeko sistema indartzen segituko dutela esan du Mendozak eta gizartearen zahartzearen aurrean sistema jasangarri egiteko konpromisoa hartu du. Azpimarratu du Gipuzkoako 30 egoitzatan martxan dagoen eraldatze prozesua; hain zuzen ere, horietako bat Oñatiko San Martin egoitzan.
Zentzu berean egin du berba Oñatiko alkategai jeltzale Amaia Erostarbek. Esan du hautagaitzaren lehentasun nagusietako bat herriko nagusien zaintza eta ongizatea bermatzea dela. Hain zuzen ere, aurreratu du hauteskunde programan jaso dutela San Martin egoitzaren ondoko zelaian pertsona nagusiei zuzenduriko bi zerbitzu berritzaile eskaintzeko ekintza plana garatzea. "Bizi osorako etxebizitzak eta eguneko zentroa zein laguntza zerbitzua duten
etxebizitzak sortu eta eraikitzeko aukera jorratu eta egikaritu nahi dugu; menpekotasuna, ezintasun iraunkorra edota zaintza beharra duten pertsona nagusiei zuzenduta, horien beharrak asebete eta bermatzeko".