Pierra Mentako euskal posturik onena Axier Alonsok

Xabier Urtzelai 2023ko mar. 17a, 18:00

Alonso, bigarrena, eta Labairu, laugarrena, Montblanc atzean dutela. Argazkia: Jocelyn Chavy

Axier Alonso oñatiarrak eta Asier Labauri iruindarrak 30. postuan amaitu dute Alpeetako lasterketa ezagunena; bikote euskaldun batek egindako inoizko marka onena da: "Pena hartu genuen hirugarren etapa bertan behera utzi zutenean".

Orain arte ez da egon Pierra Mentan 30 onenen artean sailkatu den euskal ordezkaririk. Munduko mendiko eskiko lasterketa entzutetsuenak eskiatzaile onenak batzen ditu urtero, eta joan den asteburuan, Axi Alonso (Oñati, 35 urte) eta Asier Labairu (Iruñea, 26 urte) aurrealdeko multzo horretan lehiatu ziren. "Pena da hirugarren etapa bertan behera utzi izana, Asierrek eta biok ikusten genuelako lehenengo bi etapetan oso sentsazio onak izan genituela, ez geundela nekatuta. Ez geneukan egurra hartu izanaren sentsaziorik eta koska bat gora egiteko moduan geundela uste genuen. Noski, Pierra Mentan edozer gerta daiteke, edozein momentutan makalaldi bat, materialarekin arazoak... Baina oso sentsazio onarekin genbiltzan. Hala ere, helburua beteta itzuli gara handik, oso pozik", adierazi dio GOIENAri Axier Alonsok.

Aurtengo Pierra Menta ez da beste edizio batzuetakoa bezain gogorra izan. "Normalean, 10.000 metroko desnibel positiboa gainditzen dugu lau egunean, eta aurten 6.000 metro inguru egingo genituen. Lehenengo bi etapak ederrak izan ziren: lehenengoan elurra egin zuen, baina kondizio onak izan genituen, haizerik ez –18 kilometro, 2.500 metro positibo– eta bigarren etapan oso eguraldi ona izan genuen –25 kilometro, 2.600 metro positibo–". Hirugarren etapa hasieran, baina, euria ari zuen: "Proba hasi aurretik, mela-mela eginda geunden denok, eta ibilbidean zehar lasterketa zaintzen egon behar zuten boluntarioendako ere ez zen batere egun gozoa. Hala, hastera gindoazenean erabaki zuten antolatzaileek etapa bertan behera uztea, eta eguna turismo apur bat egiteko aprobetxatu genuen. Gauean, berriz, elur mordoa egin zuen, eta elur-jausi arrisku handia zegoen laugarren etapara begira.

Hala, han ere ibilbidea egokitu egin zuten, laburtu. Azken etapa hartan 800 metroko desnibel positiboa gainditu genuen, eta, Pierra Mentako ibilbide klasikoa egin ez bagenuen ere, egun horretan ohitura den moduan ikusle mordoa izan genituen animatzen. Zegama-Aizkorrin sortzen den jende-ilararen antza hartzen diot nik hari, ederra da".

Pierra Menta, talde-lana

Bikote moduan egindako lanarekin pozik itzuli da Alonso. "Asier eta biok ederto konpondu gara, nik ez diot zentzurik ikusten lehiakortasuna muturrera eramatearren bikotearekin haserretzeari, baina ez pentsa, han denetik ikusten da", dio, barrez. "Daukadan onena eman badut eta nire bikotekideak beste horrenbeste egin badu, konforme, ezin da gehiagorik eskatu. Gero, laguntzeko gaude, gaur ni egon naitekeelako txarto eta bihar, bikotekidea. Talde bat gara, azken batean, baina bai, lasterketan muturreko jarrerak ere ikusten dira". Eta Pierra Mentaren ezaugarriak nabarmendu ditu Alonsok: "Ondo egokitzen naiz proba horretara; benetako mendiko eskiko lasterketa da. Eski pisten inguruan egiten dituzten beste proba batzuetan eskiatzaile gazteek sekulako sasoia erakusten dute. Baina hau teknikoa da: mendi ertzetan sokekin ibili beharra, materiala zaindu beharra, kontuz ibiltzeko moduko jaitsierak daude... Ederra da".

Ajuria eta Otxoa ere pozik

Aitor Ajuria (Leintz Gatzaga, 25 urte) eta Aitor Otxoa (Oñati, 50 urte) ere pozik etorri dira Pierra Mentatik, bereziki, lasterketa aurretik bi eskiatzaileak osasun arazoekin ibili zirelako eta zailtasun horiek atzean utzita lasterketaz gozatu ahal izan zutelako. 118. postuan sailkatu ziren. "Elkarrekin egon gara denok hotelean eta primeran ibili gara. Lehenengo etapan 100. postu inguruan ibili nahi zuten eta lortu zuten helburua, baina bigarren etapan Otxoari eskiko finkapen bat erabat blokeatu zitzaion, eta denbora dezente galdu zuten han".

Hain zuzen, aurtengoa Aitor Otxoaren 18. Pierra Menta izan da; oñatiarra edizio gehien egin dituen eskiatzaileen taldean dago. "Hara joaten zalantza handiekin sumatu nuen Aitor [Otxoa], baina erabat motibatuta itzuli da; ez da haren azken Pierra Menta izan, seguru".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak