Herritarrei argiaren eta gasaren inguruko informazioa emateko bulegoa zabaldu dute Bidebarrietan kalean. Argindarraren zein gasari buruzko informazioa, merkatu librean zein arautuan duten desberdintasuna azaltzea, bi horien artean zein aukeratu gomendatu ere bai, gasaren kasuan tarifa arautua hartzea kasu, eta norberak kontratatuta duen potentziaren eta kontsumoari buruzko erlazioa esplikatuko zaie herritarrei, besteak beste, Energiaren Bulego honetan. "Ikusi dugu gasaren fakturetan, adibidez, ikaragarri prezio ezberdinak. Merkatu arautuan baino hiru lau aldiz garestiagoak diren fakturak ikusi ditugu merkatu librean", Xabier Igartuak, Obra eta Zerbitzutetako batzordeburua, jarri duen adibidea.
Era beran, Oñatiko Udalak salatu gura izan ditu merkaturatzaile handiek irabaziak etengabe handitzeko dituzten politika horiek, eta babestu oinarrizko eskubide dien argiandarrak eta gasak oinarrizko tasak izan behar dituztela.
Bertako merkaturatzailea egituratzen
Hain zuzen ere, horri lotuta, argindarra ahalik eta era zuzenenean kudeatzea da Oñatiko Udalaren helburua, herrian ekoizten dena herritarrei eskaintzea prezio justu baten edo tasa kontzeptuan, zuzeneko arreta batekin eta bertatik, erantzun hobea ematen dela sinistuta, eta Oñatik lehendik duen politika jarraitu eta energia berriztagarria eskaini herritarrei. Horrela, aurrera doa merkaturtzaile bat sortzeko ideia. "2009an merkatua liberatu zen eta merkaturatzaile bat sortu behar izan zen Udalak ezin zuelako zuzenean kudeatu. CHC agentearen bitartez egin zen hori eta horri buelta bat ematen gabiltza orain, merkatuaren espekulazioan jausiz prezio handiak ordaindu behar dituztelako herritarrek eta geuk sortutakua herritarrei eskaini gura diegulako prezio justu batean", azaldu du alkateak, Izaro Elorza Arregik.
Argindarraren enpresa merkaturatzailea eta zabaldutako Energia Bulegoa ez dira zerbitzu isolatuak, Energia Planaren barruan dauden zortzi puntuetako bi dira. Aurretik, herriko argiteria publikoaren azterketa egin da, Zubikoan autokontsumorako plakak jartzeko proiektua gauzatzen ari dira eraikin publikoen efizientzia energitikoa ere planifikatzen. Energia Plana aurrera ateratzeko teknikari bat hartu dute, energia trantsiziorako teknikaria, udaletxean egoten dena, eta aholkularia orain bulegorako.
Txanda aurretik hartzea komeni da
Energia Bulegoa herritarrei informazioa emateko gunea izango da. Bidebarrieta kalean dago, Oñargi, Onaro, Suradesa, Lanbide eta Basozaina egoten den eraikin berean. Teknikari bat egongo da bertan, Alaia Alvaro, eta informazioa eta laguntza eskainiko du etanherritarrak fakturak eskuetan dituztela joan daitezke berarengana euren zalantzak argitzea. Goiz eta arratsalde egongo da zabalik bulegoa baina komeni da aurretik txanda hartzea. Horretarako bideak dira: 943 71 64 03 edo energia.bulegoa@onati.eus.