Arratsaldean aurkeztuko dute Oñatiko kultur ondare etnografikoa jasotzen duen liburua

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mar. 3a, 16:26

Ane, Juanito, Beatriz eta Pedro Ugarte Garitaonandia senideak, Arantzazu Sagarzazu Sacristan eta Iñaki Urizar Markuleta.

Erreusak egitasmoaren barruan, herriko kultur ondare etnografikoa jasotzen ibili da Gure Bazterrak taldea eta lan hori erakusten duen liburua argitaratu du orain Udalaren laguntzarekin. Gaur, egubakoitza, arratsaldean da aurkezpena, 18:00etan, zinema aretoan.

Gaur, egubakoitza, egingo dute Gure Bazterrak kultura elkarteak egindako lana jasotzen duen liburuaren aurkezpena: Atzo, etzi. Oñatiko Kultur Ondare Etnografikoa liburua. 18:00etan izango da, zinema aretoan, eta taldeko kide eta liburuaren idazle Arantzazu Sagarzazu Sacristan izango da han lanaren eta emaitzaren nondik norakoak azaltzen. Izaro Elorza alkatea eta Iñaki Olalde Kultura batzordeburua ere izango dira ekitaldian. Irekia da eta herritar guztiak daude gonbidatuta.

Erreusak egitasmotik

Erreusak egitasmoaren barruan, herriko ondare etnografikoa aztertu du taldeak, herriko 80 interesgunetan –baserriak, es- kulantegiak, biltegiak...–lanabesak eta tresneria batuz eta horien informazio bilketa eta katalogazioa eginez. 2021eko apirilean sinatu zuen taldeak Udalarekin akordioa, udan egin zuten landa lana 50 boluntario baino gehiagoren laguntzarekin eta artxiboko lana gero. 1.540 piezaren katalogazioa eta 30 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte, bizimodu horien lekuko izan diren herritarren testigantzak jasoaz, eta hori biltzen duen argitalpena kaleratuko dute orain.

Bi atal nagusi ditu liburuak: Atzo eta Etzi. Aspaldiko bizimoduen berri dator lehen zatian: baserriko lanetarako zituzten tresnak, orduko janzkerak eta orrazkerak, elizaren pisua, ohiturak, bizitako abenturak, bizitza ulertzeko zuten filosofia... Ezer sobra ez zegoen garaian dena nola aprobetxatzen zuten garaiko kontuak, bizitza norberaren etxe-aurretik bakarrik ez, bizilagunarengandik ere ulertzen zutenekoa. Bigarren zatiak, berriz, hausnarketarako bidea zabaltzen du, bizimodu eta kontu zahar horiek etorkizunerako oinarrian izan dezaketen lekuaz.

Ahoskera, kakotxa erabilita

Katalogatu dituzten objektuen argazkiak datoz liburuan, ze izen duten eta zertarako erabiltzen zuten azaltzen duten testuarekin batera. Ondo jositako testua, herriaren garai bateko bizimodu mota hori primeran erakusten duena. Gainera, herritarrei eurei hartutako hitzak eta pasarteak ere jaso ditu idazleak, tresna, egoera edo ohitura hura ondo baino hobeto deskribatzen dutenak. Eta liburu idatzia izan arrean, ahoskeran ere erreparatu gura izan dute egileek, eta, horrela, marka jarri diote hitzak indarra hartzen duen bokalari, gainean, propio, kakotxa jarrita.

Erreusei balio historiko eta soziala gehitzea da izan da Gure Bazterrak taldeak lan honekin lortu gura izan duena. Emaitza honekin jasota gelditu da herriko historiaren zati handi bat. "Objektu asko jaso ditugu egun erabili ez arren etxeetan oraindik gordeta zituztenak. Baloratzen zituztelako, agian. Gaia kalera atera eta lehengo lan eta bizimolde horiei balorea ematea eta horren inguruan berba egi- tea gurako genuke. Hari finetik zintzilik dagoen transmisioa ez eteteko ahalegin bat", dio Arantzazu Sagarzazu Sacristanek.

Jerardo Elortza bilduma

Oñatiren historiarekin lotuta dauden lanak jasotzeko sortu zuten Jerardo Elortza bilduma. 2018ko abenduan egin zuten lehen liburuaren aurkezpena eta bildumako laugarren lana da hau. Herriko liburu dendetan, kultura etxean, Turismo Bulegoan eta Arantzazuko dendan egongo da salgai bihartik, hamar eurotan. Katalogazioa udal artxiboan gordeko da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak