Ganbara Abesbatzak abestutako soinu banda du 'Irati' filmak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko ots. 24a, 13:33
Oñatiko Ganbara Abesbatza, Elkar estudioan soinu-banda grabatzen. Argazkia. Aitor Biain.

Oñatiko Aitor Biain musikaria eta berak zuzentzen duen Ganbara Abesbatzako kideak "deseatzen" daude Irati filma ikusteko, euren ahotsekin osatutako soinu banda du-eta Paul Urkijok sortutako kontakizunak.

"Soinu-banda grabatzeko orduan, pasarte batzuk ikusi genituen, irudien gainean kantatu genuelako, baina azken emaitza, filma osorik, ez dugu oraindik ikusi eta koruko batzuk asteburuan zinemara joango gara. Ikusitako pasarteak aintzat hartuta, errekurtso gutxirekin egindako film handia dela berresten dut. Guk abestutako kantuak entzun ditugu, Spotify plataforman daude-eta entzungai", dio Oñatiko Ganbara Abesbatzako zuzendariak.

Maite Arroitajauregiren proposamena, 2021eko udazkenean

Aurrez ezagutzen zuen Maite Arroitajauregik deitu zion Biaini eta 2022ko ekainean grabatu zuten, Elkar estudioan, soinu-banda. "Filmari buruzko zertzelada orokor batzuk eman zizkidan lehenengo dei hartan, baina nolako musika sortu nahi zuten erabaki barik zutela esan zidan. Abesbatzarendako opari eta bizipen polita da soinu-banda bat grabatzeko aukera izatea, eta, zalantza barik, baiezkoa eman genion. Intentsua izan zen prozesua, baina gozagarria, aldi berean. Kasualitatez, nire urtebetetze egunean grabatu genuen. Errespetuarekin sartu ginen estudioan, baina Maite Arroitajauregik eta Arantzazu Callejak giro ona sortu zuten eta oso ondo gidatu gintuzten; oso azkar eta nahiko samur joan zen guztia. Abesbatzako 32 lagun joan ginen eta formatu ezberdinetan grabatu genituen kantuak: nesken koruak abesti batzuk, mutilek abestuta beste pieza batzuk eta elkarrekin beste hainbat pasartetan".

"Minimalista eta oso deskriptiboa"

Hasieran proposatu baino minutu gehiago grabatu zituzten: 40 minutu, guztira. "Ahotsek protagonismo handia dute soinu- bandan. Eurek biek sortutakoa da musika guztia. Garaikidea da, baina atzera begirada batekin sortutakoa. Musika minimalista da, lasaia, eta oso deskriptiboa. Erdi Aroko musika gogora ekartzen du; bereziki, egitura harmonikoengatik. Eta oso euskalduna ere bada, euskal instrumentu asko ditu; adarra eta alboka, esaterako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak