Estutzeko unea iritsi da txapelketako taldeentzat

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ots. 17a, 11:00

Tutelatraku eta Weinguter taldeen arteko partiduaren jokaldi bat. Argazkia: Herriko Futbol Txapelketa

Fase erregularra amaituta, Liga eta kopa txapelketetan banatu dira taldeak; ezustekoen txapelketa izaten ari da. Bietan ere lehen jardunaldia jokatu da eta bigarrena inauterien ostean izango da; finalak berriz, apirileko azken asteburuan

Herriko Futbol Txapelketa erdialdera iritsi da eta, lehenengo fase erregularra amaitu ostean, zehaztuta gelditu da zein taldek jokatuko duen Txanpionsa eta zeinek Kopa txapelketa. Mazedonia, Sasquatch, Weinguter, Albok, Frakas Brabas eta Sarutobi taldeak lehiatuko dira Liga Txapelketa eskuratzeko; aldiz, Iturritxo, Shatoken Moüra, Tutelatraku eta Zalaparta Kopa tituluaren bila arituko dira.

Ligako zein Kopako lehen jardunaldiak jokatu dira. Mazedoniak Weingüter hartu zuen mendean (4-2); Sasquatchek, berriz, Frakas Brabas garaitu zuen (2-1). Kopan, bestalde, Iturritxok eraman zuen neurketa Zalapartaren aurka (2-4) eta Tutelatraku taldeak Shatoken Moura garaitu zuen (1-3). Antolakuntzatik orain artekoaren balorazio positiboa egiten dute. "Momentuz, aurtengo denboraldiaren balorazio oso positiboa egiten dugu", dio Jon Ander Errastik.

Ezustekoen urtea

Balorazio positiboa egiteaz gain, ezustekoen urtea izaten ari da. Bi taldek txapelketa utzi dute, baina gazteek osatutako beste bi batu dira: Weinguter eta Sarutobi; aire freskoa eta indarra eman diote lehiaketari: "Azken urteetan beti ibili izan gara beldurrarekin taldeak desagertu egingo direlakoan eta zazpiko edo hamaikako futbol txapelketa egin beharko zen zurrumurruarekin. Baina bi talde berri hauek Herriko Futbol Txapelketa indartu egin dute eta espero dugu hurrengo urtean talde berberek jarraitzea eta ea talde berriren bat sortzen den", dio Errastik. Gainera, bi talde horiek Txanpionsa jokatzeko txartela eskuratu dute eta, lehen urtea izanik, "hori oso zaila" dela adierazi du eta "ezustekoren bat gehiago" ere egongo dela azpimarratu du.

Etorkizunerako eskakizunak

Oraindik denboraldia amaitzeko hilabete batzuk falta badira ere, antolakuntzatik etorkizunera begira jarrita daude Herriko Futbol Txapelketak urteetan zehar jarraitu dezan, eta eskakizunak ere egiten dituzte aurrera begira txapelketa sendotze aldera. "Hurrengo urtera begira, dauden taldeek jarraitu dezatela eta ea bateren bat gehiago sortzen den. Gure eskakizunak, aldiz, jendeari baino gehiago, Udalari zuzenduta doaz; ordutegi erosoagoak eskatzen dizkiogu. Txapelketako neurketak arratsaldeko zortzietan izatea ez da egokia parte-hartzaileendako eta giroarendako. Aldiz, ordutegi duinak edukiz gero, gure txapelketak sendotasuna lortuko lukeela uste dugu".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak