Julen Agirre (Letagin): "Toki txikietan jo izan dugunez, oso aukera ona da Ekinez"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko urt. 22a, 10:07

Oñatiko Letagin taldeko kideak Seminarixoan egubakoitzean.

Oñatiko Letagin laukoteak irabazi zuen Bergarako Ekinez jaialdiak babestutako Danbaka-Ekinez saria. Taldeko kide Julen Agirre izan zen Hemen Debagoiena saioan.

Ekinez Elkarteko Julen Iñarrak eman zion Oñatiko Letagin taldeari Danbaka-Ekinez saria; ekainean Bergaran egingo duten Ekinez musika jaialdian jotzeko aukera izango dute.

Zer da Ekinez jaialdian jotzeko aukera izatea?

Hasteko, esperientzia berri bat, halako jaialdietan sekula jo barik gaude eta; toki txikiagoetan, gaztetxeetan eta auzoko eta herriko jaietan jo izan dugu; beraz, eskertzekoa da Ekinezen jotzeko aukera ematea; nolabait esanda, errekonozimendu txiki bat ere bada, aurrera egiteko indarra ematen dizuna.

Aukera ona da jaialdi handi batean parte hartzea, baina, aldi berean, konpromisoa ere bai, ezta?

Izena hartu duen jaialdia da, jo duten taldeengatik eta baita bertan batu zen jende mordoagatik ere. Guretzako aukera ona da han jotzea, jende gehiagok ezagutuko gaituelako horrela.

Lehiaketetan parte hartuak zarete?

Egia esan, ez, baina Danbakaren berri jakin genuenean ez genuen zalantzarik izan, nahiz eta berandu samar ibili ginen gero izena emateko orduan. Kontzertuaren egunean Seminarixora sartu ginenean harrituta geratu ginen tokiarekin eta aretoan zeuden kamera mordoarekin. Oso gustura geratu ginen urriaren 28an egin genuen kontzertuarekin. Oroimenerako, promoziorako edo dena delakorako gure kontzertu bat kamera onekin grabatuta geratu izana ere oso eskertzekoa da.

Entsegu-lokalean ordu asko sartu zenituzten kontzertua prestatzeko?

Egia esan, ez; betikoa, lokalera joan eta betiko moduan entseatu. Danbakan izena eman orduko bigarren laneko konposatze-lanekin ari ginen eta alde batera utzi behar izan genituen.

Saria ematerakoan, Ekinez jaialdiko kide Julen Iñarrak sekulako zuzenekoa duzuela esan zuen, eta hautagai aproposak zaretela Bergarako jaialdirako; zer diozue?

Eskerrik asko; hori besterik ez daukat esateko emandako aukeragatik. Ea, bada, ekainaren 9an edo 10ean izango den kontzertua nola joaten den.

Sariaz harago, zelako esperientzia izan da Danbaka zuendako?

Kontzertuetara, gehienetan, gustuko duzun musika mota horretako taldeak ikustera joaten zara eta Danbakak balio izan digu Debagoienean dauden askotariko musika formazioak eta estiloak ezagutzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak