Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Kristina Markinaren eskutik jaso zuen oñatiarrak Publikoaren Saria Seminarixoan.
Taularen gainera igotzen lehenengoa izan zinen; aldeko edo kontrako izan zen hori?
Aurreikusten nuen hala izango zela, eta, egia esan, alde batetik, badago publiko hotza topatzeko beldurra, baina uste dut zuen lana dela giroa gozatzea eta esango nuke lortu genuela.
Urduri eta ate batekin arduratuta igo zinen oholtzara; zer gertatu zitzaizun?
Sorpresa txiki bat nuen gordeta; hain zuzen, kantu bat elkarrekin jotzeko nire anaia Erlantz igo behar zen. Bada, hura sartzeko atea itxi egin zen eta ardura puntu bat nuen horrekin, ea sartzerik izango zuen; bestela, nahiko lasai sentitzen nintzen. Nola joan zen kontzertua? Apustua egin nuen nire abestiekiko; hortaz, inoiz baino gehiago biluztu nintzen, baina oso gustura eta eroso sentitu nintzen, aldi berean. Nire bost kantu eta bost bertsio egin nituen. Oso azkar pasatu zitzaizkidan 45 minutuak.
Zure look-a komentatua izan da; bereziki prestatu zenuen?
Ez, nire janzteko era da hori. Kontzerturako prestatu nuela pentsatu zuen jendeak, orokorrean, baina ez zen hala izan, hori da nire ohiko janzteko modua eta hala igo nintzen.
Oso polita izan zen Erlantz anaiarekin batera kantua eskaintzea; pozik anaia?
Bai, horixe; niretzako ere kontzertuko unerik onena izan zen. 11 urte ditu eta asko estimatzen dut egiten duen ahalegina. Modu naturalean etxean elkarrekin jo izan dugu, eta hark proposatuta igo zen Seminarixoko agertokira kaxoia jotzera.
Egin beharrekoa eginda lasaitua hartu zenuen gero?
Nire helburua gozatzea zen eta lortu nuen; hortaz, pozik jaitsi nintzen eszenatokitik, aurreko asteetan egindako lana islatu zen sentsazio onarekin.
Espero zenuen Publikoaren Saria?
Bozketak jarraitzen ibili naiz. Hasieran, bigarren nengoen; gero, lehenengo postura igo nintzen; eta aste batzuetan, goian izan naiz... baina Sukena taldearen botoekin oso antzera. Sekulako saria izan da niretzako; publikoaren botoen bitartez saria irabaztea preziatzekoa da. Asko eskertzen diet nire aldeko botoa eman duten guztiei, besarkada goxo baten modukoa izan da feedback hori. Era berean, oso eskertuta nago Danbakako antolakuntzarekin, emandako aukeragatik.
"Publikoaren botoen bitartez saria irabaztea preziatzekoa da; eskerrik asko!
Hasi zara bideoklipean pentsatzen?
Saria irabazi nuenetik buruari bueltaka ari naiz, bai. Ekoiztu behar den abestiari bueltak ema- ten, abestia aukeratzen... Oraingoz, ez dugu grabatzeko datarik zehaztu. Bideoklipa argitaratzen dudanean, beste abesti bat argitaratzeko asmoa ere badut".