Maddalen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako EH Bilduren hautagaia Oñatin izan zen atzo, eta 2019-2023 agintaldian udalak aurrera eramandako hainbat proiektu ezagutzeko aukera izan zuen.
Harekin batera izan ziren Izaro Elorza Oñatiko alkatea eta EH Bilduko zenbait alderdikide, eta alkateak adierazi zuen herritarrekin gauzatutako proiektuak direla erakutsitakoak, hori delako EH Bilduren eredua. "Partaidetzan sinesten dugu; berdinetik berdinerako harremanean; eta herritik, herriarekin, herritarren alde lan egiteko konbikzioz". Hala, besteak beste, Oñatiko Energia Plana eta Onaro herriko telekomunikazio operadorea, Natur Eskola eraberritua eta Emakume Etxea bisitatu zituzten.
Elorzaren arabera, proiektu guzti horiek berresten dute zertan den euren eredua, eta garrantzitsutzat jotzen dute adibide hori bera beste erakunde batzuetara zabaltzea, soilik tokiko jardunean gelditu barik. Beraz, hori erdiesteko, uste du Iriarteren hautagaitza "positiboa" dela: "Beharrezkoa da aurrera egiten segitzeko, partaidetzan sinesten duen (…) Gipuzkoa bat eraikitzeko".
Txalotutako proiektuak
Iriartek, berriz, Oñatiko alkateak esandakoa berretsi du, uste baitu "herriarekin lan egiten duen eredu bat" dela. Bisitan ezagututako proiektuak izan ditu gogoan, hala nola burujabetzaren bidean, Onaro proiektuan eginiko urratsak txalotuta. "Herriko beharretara egokituriko zerbitzua eta plangintza dute eraikia horien bidez, merkatuko espekulaziotik aldendurik".
Horrez gain, Natur Eskola, Sancti Spiritus Unibertsitatea eta Emakumeen Etxea ere aipatu ditu, proiektu horiek guztiak nabarmenduta. "EH Bilduk berezkoa duen ereduaren adibide da Oñati. Eta haren politikek balio ugari dituztela barnebildurik (…) Finean, beraiek dioten bezala, esan dezakegu dabilen herria dela".