Errege Eguneko kontzertua eskaini du gaur, urtarrilak 6, Oñatiko Musika Bandak eta emanaldia Jesus Odriozola Otxua-ri egindako aitortzarekin hasi dute, ohorezko bazkide izendatu baitute. Aitor Biain da bandako zuzendaria eta azaldu duenez, 70 urte betetzen dituzten kideei aitortza egiten zaie: "Lehen halako aitortzak bazkarietan egiten genituen, baina hemendik aurrera kontzertuetan egingo ditugu".
Otxua guztiz eskertuta agertu da egin dioten omenaldiarekin, eta adierazi duenez, "nire meritu bakarra zahartzea izan da. Adinagatik egiten diguten zerbait da, baina aitortza beti eskertzen da. Nire partetik eskertza eta Musika Bandan jarraitzeko esperantza. Nire txikitako ilusioa Oñatiko bandan jotzea zen eta amets hori betetzea lortu dut".
Otxua-k 20 urte daramatza Oñatiko Musika Bandan. Txikitan ikasi zuen bonbardinoa jotzen, baina seminariora joan zenean utzi egin zion instrumentua jotzeari. Hala ere, Zestoara bizitzera joan zenean, gaur egun han bizi da, hango Musika Bandan hasi zen, eta oraindik han ere ibiltzen da. Adierazi duenez, "ondo sentitzen naiz gogoz eta gustoz; ez dakit zenbat denboraz, baina oraindik Musika Bandan jarraituko dut".
Denboraldiko bigarren emanaldia
Errege Eguneko kontzertua ohitura bihurtu da, eta gaurkoa denboraldiko bigarren emanaldia izan da. Euskaraldia izan dute hizpide, eta ondorioz, euskal abestiak izan dira entzungai Zubikoan. Guztira sei abesti interpretatu dituzte: A. Gonzalez Chirlaqueren 1832, R.M de Azkueren Vizcaytik Bizkaira, M. Sheltonen Basque Rhapsody, J. Guridiren 10 melodías vascas, I. Urkizuk moldatutako Betikoskorri eta J. Ituarteren Sagarra jo. Biainek dio, ordubetean ezin dela laburtu euskal musika, baina bidaia txiki bat egin dutela bertaratu direnek: "Lehengo euskal konposatzaileak, nazionalismo garaikoak, gaur egungoak, folka... Kontzertu polita izan da, eta esango nuke jendeari ere gustatu zaiola, txalo zaparrada entzun baitugu".
Gainera, emanaldia amaitzeko sorpresatxo bat zuten gordeta, egitarauan iragarri gabe zegoen Radetzky martxa musikatu baitute.