Zubikoa jendez lepo, atzo gaueko bertso-saioan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urt. 6a, 15:08

Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Julio Soto aritu ziren atzo gauean Zubikoan izan zen bertso-saioan. Txinparta bertso-eskolako hirukote batek prestatutako gaiak abestu zituzten sei bertsolariek. Aritz Izak gidatu zuen saioa.

Zubikoa bete egin zen Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Julio Sotoren bertso-saioaz gozatzeko. Bertsolari bakoitzak agurrak egin ondoren, Txinparta bertso-eskolako haurrak igo ziren oholtzara taula gainean zegoen bertsolari bati buruzko bertsoa botatzera, eta ondoren, zegokion gaueko protagonistak erantzuten zioten.

Txinparta bertso-eskolako Aritz Iza aritu zen gai-jartzaile lanetan. Batik bat, umorea eta abenduan izandako Bertsolari Txapelketa bezalako gaiak izan ziren protagonista gaueko protagonista. Hala ere, seriotasunak ere hartu zuen Zubikoa; Amets Arzallus Joseba Arregiren paperean jarri baitzen.

Umorea, handik eta hemendik

Bi oñatiarren azalean jarri ziren Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi. Nafarroa Arenan jokatutako finalean bi herritarri benetan gertatutako anekdota planteatu zien Izak. Antza, bi adineko joan ziren finala ikustera, eta Nafarroa Arenatik atera zirenerako, autobusa joanda zegoen. Han geratu ziren ezin itzulita eta taxi batean itzuli behar izan omen zuten Oñatira.

Oñatin TAOko bi langile jarri dituzte eta Soto eta Gaztelumendik hartu zuten euren rola, eta lan orduez aritu ziren. Atzean zituen bertsolariei txapelak jartzen jarri zuen Lujanbio Izak; hau da, bere oholtza lagunak zertan diren txapeldun esan behar zuen. Mendiluzeri burugogorkeriaren txapela jarri zion eta Martini hitz-jokoena, besteak beste.

Aitor Mendiluzeri jolasa ere jarri zion Izak. Diruenez, sei bertsolarietatik Oñatin gehien abestu duena Mendiluze da, eta horregatik, Pasapalabra saioko azken proba famatua jarri zioten. Hitz guztiek Oñatirekin zuten zerikusia: Izak puntua ematen zion letra nahiz definizioarekin eta Mendiluzek zer zen asmatu behar. 

Gaueko bitxikeria gai-jartzaileak adimen artifiziala erabili zuenekoa izan zen. Izan ere, Julio Sotok kantatzeko gai proposamenak eskatu zizkion adimen artifizialari eta, azkenean, Ez dakit zer gertatu da gaia luzatu zion. 

Saioa biribiltzeko, puntuka aritu ziren Amets Arzallus, Alaia Martin eta Julio Soto.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak