Lehen agintaldia izan da Izaro Elorza Arregi (Oñati, 1983) Oñatiko alkatearendako eta iragarri du hurrengo hauteskundeetan berriz aurkeztuko dela. Pandemiak baldintzatutako agintaldia izan arren, erronkei behar bezala erantzuten jakin dutela uste du, "EH Bilbuk propio duen gobernatzeko eredutik", eta ari direla hasierako asmoak betetzen.
Nola baloratzen duzu agintaldia?
Gorabeherek ezaugarritu dute azken urteotako testuingurua. Unean uneko erabakiak hartu beharra izan da, herriaren eta herritarren egunerokoan zuzenki eragingo zituzketenak. Halakoetan, garrantzitsua izan ohi da Udal Gobernuak gobernatzeko duen eredua. Elkartasunetik gobernatzen dugu guk, partaidetzatik, elkar zaintzatik, gertutasunetik, berdinetik berdinerako harremanetatik. Hori funtsezkoa da krisiei aurre egiterakoan. Eta lortu dugula esango nuke. Ez dira urte errazak izan, baina EH Bilduk pro- pio duen gobernatzeko eredutik, heldutasunetik, erronkei behar moduko erantzuna eman diegula esango nuke.
Zenbat baldintzatu du pandemiak?
Sekulako eragina izan du azken urteotako agintaldian. Egunerokoaren iraultzea ekarri zuen. Lan egiteko modua ere aldatu zuen, eta ordura arte ezezagun genituen erronka berriak agertu ziren. Ez zegoen ezer asmatuta, eta, kasu askotan, ez zegoen aurrekaririk. Momentukoa aztertzen, balizko irtenbideak topatzen eta egoerari aurre egiteko egitasmoak abiarazten jardun genuen. Gainera, bestelako erakunde batzuetako erabakiek ere bazuten eragina udal mailan –Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza–, eta hor ere oreka bilatu behar izan dugu. Oñatik, herri guztiek bezala, bere berezitasunak ditu. Garrantzitsua da bakoitzaren ezaugarrietara egokituriko erabakiak hartzea. Hor, beti bezala, oñatiarrak izan genituen lehentasun.
Nolakoa izan da egindako lana? Ze jarri duzue erdigunean?
Pertsonak. EH Bilduren Udal Gobernuan oso barnean daroagu hori. Oñatiarren ongizatearen eta berdintasunaren alde dihardugu. Hartutako erabaki bakoitzean, alor batekoan zein bestekoan, horixe bera da erdigunean jarrita duguna. Esango nuke erronka konplexuak izan baditugu ere egoki egin diogula au- rre urte hauetan etorri denari. Hori Udal Gobernuaren inplikazio mailari esker izan da.
Bete dira hasierako helburuak?
Oro har, esango nuke bagabiltzala helburuak betetzen. Alor ezberdinetako herritarrekin batera osaturiko Herri Progra-marekin hasi genuen agintaldia, eta altua da betetze maila. Egia da kasu batzuetan uste baino luzeagoa dela bidea, eta baliteke geure gain ez dauden hainbat baldintzak eraginda ezinezko izatea abiarazi gura ziren zenbait egitasmo aurrera ateratzea. Baina, oro har, bide onean goaz. Gobernatzeko era aldatu zen Oñatin duela hamaika urte pasa, eta bide horretan jarraitzen dugu.
Zelako harremana izan duzue oposizioarekin? Egon da elkarlanik?
Harremana egon da, bai. Dena den, zoritxarrez, alde handia egon da euren hitzetatik euren ekintzetara. Alegia, herriaren mesedetan oposizio eraikitzailea egin gura zutela esan izan dute sarri, proposamen serioak egingo zituztela, Udal Gobernuarekin elkarlaneko bideak jorratu... Baina, kasu gehienetan, ez da horrela izan. Proposamen gutxi jaso ditugu eta potoloena hedabideen bidez heldu zaigu: Berezaoko kirolgunea. Gainera, oinarri teknikorik gabekoak ziren, emaitzara –irudia, planoa– mugatzen zirenak. Beste adibide bat da Musika Eskolarena; emaitza izan zitekeena hor zegoen, baina aurreko azterketa eta lanketa guztia falta zen. Esan barik doa euren proposamenak argitaratu zirenean Oñatiko Udalak martxan zituela zegozkien azterketa prozesuak. Eta bazekiten hori.
Kontuan izan dituzue haren proposamenak?
Esan moduan, egin dituzten proposamen nagusiak –hedabideetatik soilik jasoa bat– aurre-lanketa bakoak ziren, oinarri gabekoak. Tamaina horretako inbertsioak –Azkoagain futbol zelaiarena eta musika eskolarena, kasu– eskatzen dituzten proiektuen inguruko proposamenek lanketa handiagoa behar luketela uste dugu. Ezin daiteke irudi bat aurkeztu, horrek dakarrenaz, bideragarritasunaz, egiteko aukerez edo beharren asetze mailaz berba egin gabe. Dena den, gaitzespenaren tranpan erori gabe, EAJk Azkoagaini loturik Berezaorako egin zuen proposamena ordurako martxan zen azterketa teknikoan sartu zen. Eta futbol zelai berria Betiken egitearen alde egin zuen azterketa teknikoak –Aloña Mendik ere aukera hori hobetsi zuen–. Gainera, alde nabarmena dago bi aukerek exijituko luketen inbertsio mailan: 8,3 milioi euro Betikekoak eta 14,5 milioi euro Berezaokoak. Gainerakoan, legealdia hasi zenetik ez dute aparteko proposamenenik egin eta aintzat hartu denean ez dute prozesua errespetatu; futbol zelaiaren azterketa horren adibide.
Zein egitasmo nagusi egin dira?
Lanketa handia eskatu duten hainbat proiektu izan ditugu martxan: Zubikoa kiroldegia eta Natur Eskola eraberritzea, parte-hartzea, lankidetza publiko-soziala eta irekiera instituzionaleko araudia onartzea, Esperientziaren Gela, herriko jolas guneen diagnosia, Onaro zerbitzua, Energia Plana... Eta pozik gaude emaitzekin. Aurrera begira ere era bereko lanketa eskatuko duten proiektuak ditugu. Tartean, hasita dagoen Emakumion Etxia sortzeko prozesua, etorkizuneko musika eskolarako balizko aukeren azterketarekin gabiltza, landua dago Urrutxurako kirol eta aisi-gune proposamena, partaidetzazko aurrekontuetan hobetsi diren egitasmoak, Unibertsitatea herrira zabaltzeko lanean ari gara eta abian da Kale Zaharreko, Aita Madinako eta Otadui zuhaiztiko irisgarritasun plana.
HAPO eguneratzeko lanketa zein puntutan dago?
Sarri aipatu den bezala, HAPO bat landu eta onartzeko prozesua oso luzea izaten da. Gainera, fase ezberdinak daude, batzuk publikoak direnak, herritarren parte-hartzea eskatzen dutenak, beste batzuk udal mailako azterketakra mugatzen dira eta azkenik, barne mailako lanak direnak, idazketa taldearen esku daudenak, zeinak hartutako erabaki horiek guztiak planean txertatu eta proposamen zehatzak egin behar dituen. Une honetan azken horretan ari gara, idazketa taldea dokumentuarekin ari da lanean. Jaso bezain laster hasiko gara aztertzen. Oniritzia dagoenean, Hasierako Onarpena izango genuke eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko genuke. Denbora eroaten du baina gauzak ondo egin gura direnean, beharrezkoa da hori.
Noiz hasiko da betetzen Energia Plana? Zerekin hasiko zarete?
Dagoeneko hasiak ditugu Oñatiko Energia Planeko zenbait esku-hartze. Gehienak aurre-lanketan dira dagoeneko: informazio gardenerako informazio bulegoa, energia prezio justuagorako plana, argindar sorkuntzarako gune berriak, autokontsumoa eta energia kontsumoaren murriztea eraikin publikoetan, kaleko argiteriako teknologia iraunkorrak, auto elektrikoendako karga puntuak. Lotuta daude asko. Epe motzean hasiko gara emaitzak ikusten.
Zer proposamen dituzue oñatiarren ongizatea zaindu eta hobetzeko?
Pertsonak, herritarrak, erdigunean dituen eredu bat. Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko egiten dugu lan; horren adierazle da datorren urteko aurrekontuetan partidek gora egiten dutela. Ez dugu inor bazterrean utzi gura. 2023an, %10eko igoera izango dute, orokorrean, diru laguntzek, norbanakoenak zein elkarteenak. Argi dugu Oñatiko Udalak herritarrekin besterik ezin dezakeela aurrera egin. Eta beharrezkoa da horretarako bitartekoak izatea. Eta zerbitzu publikoei dagokienez, mantendu egingo dira batzuk, indartu, beste batzuk eta berriak ere sortuko ditugu.
Nola ikusten duzu Oñati? Zer behar du? Zer oñatiarrek?
Esango nuke, oro har, bide onean doan herria dela Oñati. Ez dago geldi, inondik inora. Dabilen herria da egunerokoan, jende asko, talde asko, dabilelako lan egiten gauzak hobetzeko konpromisoz, bakoitza bere alorrean. Herritarrak eredu berri batean daude murgildurik: berdinetik berdinerako harremana, gertutasuna, partaidetza. Horretan sakontzen segitzea da asmoa. Hortik, herriaren beharren araberako egitasmoak sortzen eta eraikitzen dira, unean uneko erronkei aurre egiteko.
Aurrekontuetako proposamenen artean jaso duzue Urrutxu zigilatzea, adibidez. Atletismo pista egiteko? Bestalde, herritarrek proposatutako proiektuak ere jasoko dira, ezta?
Ez da zigilatuko atletismo pista egiteko, zigilatu beharra dagoelako, horrela ezin daitekeelako mantendu ingurumen aldetik. Esku-hartzea eginda, kirol eta aisi-gune bat proposatzen da. Partaidetzazko aurrekontuen inguruan, herritarrek egindako bederatzi proiektu sartu dira 2023an, eta 2024an egingo dira gainerakoak.
EH Bilduko alkategaia izango zara bigarrenez. Zer duzu eskaintzeko?
Lanerako gogoa, gertutasunetik, elkarlanetik, berdinetik berdinerako harremanetik. EH Bildun herri proiektu sendoa dugu landua Oñatirendako. Eta horretan sakontzen segitzea da daukagun asmoa. Gogoa, indarra eta esperientzia dugu. Dabilen herria izaten jarraitu gura dugu, eta prest gaude horretarako