Iñigo Urkullu: "Ekitaldi honen bidez artzainen bokazio lana aitortzen dugu"

Mireia Bikuña 2022ko abe. 17a, 15:59

Berba horiekin zuzendu zaie Lehendakaria Gomiztegiren 25. urteurreneko ekitaldira hurbildu direnei. Iñigo Urkulluz gain, Gandiagan egon dira, Oñatiko alkate Izaro Elorza, Diputatu nagusi Markel Olano eta Arantza Tapia sailburua, Joxe Mari Arregi frantziskotarra, eta artzain eskolako langileak eta arduradunak, besteak beste.

Gomiztegiko kudeatzaile Ekain Murua izan da lehena hitza hartzen. Artzain eskolan irakasle izan zen garaiak gogora ekarri ditu, eta egun, artzain den aldetik, erronka bota die erakundeei. Artzaintzak etorkizuna edukiko badu, erakundeen babesa ezinbestekoa dela esan du.

Oñatiko alkatea eta diputatua

Oñatiko Udalak hasieratik babestu du artzain eskola. Eta, horixe berretsi du Izaro Elorza alkateak: "Denen jarduna da funtsezko, eta denen jarduna dago arriskuan. Mantendu soilik ez, sektorea indartu beharra dago bai ala bai, epe motzean aurreikusi daitezkeen edonolako krisiei aurre egiteko, erresilienteak eta iraunkorrak izateko. Aurre egin beharra diegu gaurko eta etorkizuneko mehatxuei. Baliabideak behar dira horretarako. Eta konpromiso horrekin gabiltza gu".

Markel Olanok errotik heldu dio Muruak botatako erronkari: "Artzain munduak erronkak ditu. Etorkizuna izan behar du. Nik argi daukat erronka horiei aurre egiteko apustuak egin behar ditu sektoreak, eta baita gizarteak ere. Oinarriak eskaini behar dizkio artzainak bizitza duin bat izan dezan etorkizunari begira".

"Hezkuntza eredu arrakastatsua"

Lehendakariak hitza hartu duenean, Gomiztegiren hainbat data gogora ekarri ditu: Gomiztegi baserria erosi zutenekoa, artzain eskola sortu zutenekoa, artegi berria inauguratu zutenekoa... "Hemen, 300 pertsona prestatu dira, eta hezkuntza eredu horrek arrakasta izan duenez, aurten, Beizain eskola sortu da. Hemen, artzaintzari eta lehen sektoreari buruzko prestakuntza zentro bat eta hausnarketa gune bat dugu", azpimarratu du.

Bideoak eta ahotsak

Artzainen lanbide zaharra biziberritzen delako bideoarekin laburtu dute Gomiztegiko artzain eskolaren 25 urteko ibilbidea. Nikolas Segurolaren hasierako "ideia zoro" hark emandako uztaren errepasoa egin dute. Eta, 25 urteko bide horretan aletxoa ipini duten hainbat lagunen berbak jaso dituzte Gomiztegiko ahotsak bideoan.

Artzain eskolak 300 bat artzain hezi ditu 25 urtetan. Horietako lauk beraien testigantzak eman dituzte, oholtzan, zuzenean. Iñaki Ezeizak, Andres Etxeberriak, Maider Martinezek eta Agurtzane Gabiriak artzaintza mundura bideratu dute beraien egunerokoa. Hirurek azpimarratu dute artzain eskolan ikasitakoak zenbat lagundu dien.

Ekitaldia musikatzeko ardura izan du Neomak taldeak. Hego haizea eta Kontu zaharrak kantuak interpretatu dituzte, ekitaldia hasteko eta bukatzeko, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak