Batis Otaegi: "Artzaintzaren etorkizuna birpentsatzeko mahaian agintariek ere egon behar dute"

Hasier Larrea 2022ko abe. 16a, 11:00

Batis Otaegi, Gomiztegiko instalazioetan (Argazkia: Gomiztegi artzain eskola).

Bihar, zapatua, Gomiztegi artzain eskolaren 25. urtemuga ospatuko dute Arantzazun. Eusko Jaurlaritzako goi-karguak joango dira, tartean, Iñigo Urkullu lehendakaria.

Arantzazura bidean dagoen Gomiztegi baserria artzain eskola bihurtu zenetik aurten mende laurden bete denez, ekitaldi berezia egingo dute bihar goizean, 11:30ean hasita, Gandiaga Topagunean. Aitzakia aproposa urte guztiotan proiektua kudeatu duen Batis Otaegi (Legazpi, 1959) elkarrizketatzeko.

Lehendakariaz gain, Oñatiko alkatea eta, besteak beste, Markel Olano, Arantza Tapia eta Bittor Oroz daude gonbidatuta, euskal instituzioetako goi kargudunak. Zer esan nahi du horrek?

Eskolan uste dugu artzaintzak iraultza eta errekonozimendua behar duela. Horretan gabiltza, negozioa esnekien dibertsifikaziora bideratzen eta zentro teknologikoak garatzen, esaterako. Baina sektore hau krisian dago gaur egun, materialen, elikagaien eta erregaien gastuak ikaragarri hazi baitira. Beraz, birpentsatu egin behar da dena, eta Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak mahai horietan egotea beharrezkoa da. Orain arte jaso dugu sostengua, baina hemendik aurrera sektorea birmoldatzea komeni da, industriarekin gertatu izan den bezala.

Prozesu horretan, Gomiztegik izango du erreferentzia, ezta?

Neuk erretiroa hartuko dut laster, baina proiektua esku onetan geratuko da, kooperatiba Ekain Muruak eta artzain eskola Ane Gartziandiak kudeatuko baitute. Produkzio, eraldaketa eta dibertsifikazio arloan ere langile kualifikatuak ditugu. Denen artean azken bost urteotan garatutako berrikuntza pedagogikoan sakonduko dute; hau da, lan eginez ikastearen kontzeptuan, lan munduko esperientziak ikusiz eta abar. Eskolak erronka berri bat baitauka esku artean, datozen 10 urteetarako ibilbide bat markatzea.

"ANDONI MUJIKARI ZOR ZAIO ESKOLAREN EGUNGO PEDAGOGIA EREDUA, LAN EGINEZ IKASTEAN DATZANA"

Eskolak artzain gazteen bidelagun izaten jarraituko du, beraz.

Urteotan 300 ikasletik gora jaso ditugu, ia denak euskal herritarrak, eta erdiak baino gehiago dabiltza sektorean lanean. Beraiek dira artzaintzaren etorkizuna, eta horiei dedikatu behar diegu gure ahalmen guztia. Ingurumen eta gizarte ikuspegitik, lan hau ondo ikusita dago, jakina baita ekosistema, belardiak eta arraza lokala mantentzen dituela, eta inportanteena, mendiak eta herri txikiak bizirik egotea ahalbidetzen dituela. Toki hauetan, gainera, euskara da hizkuntza nagusia.

Zailtasunak zailtasun, artzaintzak badu etorkizuna?

Esperientziak diosku duela 40 urte artzainak arkumeak eta artilea saltzetik bizi zirela; gaur egun, ostera, gazta, esnea eta esnekiak saltzetik bizi dira. Nabarmena izan da bilakaera. Sektoreak bere bidea egingo du aurrerantzean ere, eta ziur nago egongo direla horretarako baliabideak.

Biharko ekitaldirako gogotsu?

Berezia da eskolarentzat, lehen aldia delako halako ordezkaritza instituzionala jasoko duguna. Normalean, komunikabideetan oihartzuna ikasturteak bukatzerakoan izan ohi dugu, baina honek badu kutsu handiagoa. Horrez gain, niretzat garrantzitsua da artzainen iritziak entzun eta hurbiltasuna sentitzea, eta horretarako tartea ere izango dugu.

Eta zuzeneko musikak girotuta.

Neomak taldeak abesti batzuk joko ditu ekitaldian. Tradizioa modernizatzen dute euren kantuekin, guk artzaintzarekin egiten dugun bezala.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak