Egubakoitzeko emanaldia Tabuen kutxatik oholtzara izeneko bertso saio musikatua izango da. Izan Innurri minbizidun emakumeen elkartearen eskutik, eta Udaleko Berdintasun sailarekin batera antolatuta. Maider Arregi, Miren Artetxe, Oihana Arana eta Eli Pagola izango dira bertsolariak eta Amaia Agirrek jarritako gaiei eta puntuei erantzungo diete. Domekakoa, berriz, ohiko Hator Hator kontzertua izango da, Oñatiko abesbatza eta musika bandek parte hartuko dutena. Talde bakoitzak bi kantu eskainiko ditu, eta guztien artean, beste bi.
Bertso musikatu saioa Santa Anan izango da, 16an, 19:00etan eta sarrerekin –zortzi eurotan online eta Txokolateixan– lortutako dirua Izan Inurri elkartearendako izango da. Domekako Gabon kontzertua, berriz, kiroldegiko frontoian izango da, 12:30ean, eta han batutakoa Oñatiko misio taldeak erabiliko du Dhagguel (Ginea) herrian emakumeentzako eskola bat eraikitzeko. 670 lagunendako izango da, gehienez, edukiera eta sarrerak Txokolateixan har daitezke.
Musika emanaldi gehiago ere izango dira Gabonetan, tartean Ruper Ordorikaren kontzertua 23an –sarrerak agortuta daude–, Ispirit gospel taldearena hilaren 30ean Santa Anan, Errege egunean musika bandak egingo duena, Euskaraldia, Entzunaldia denboraldiko bigarren kontzertua eta Hots abesbatzak eta Aequus Ensemble Orkestra Sinfonikoak parte hartuko dute Illuminations kontzertua urtarrilaren 8an.
Familian gozatzekoak
Familian gozatzekoen artean, Potx eta Lotx herriko pailazoek egindako lan berria zuzenean ikusteko aukera egongo da Gabonetan: Aireportuan. Bi ikuskizun egingo dituzte abenduaren 28an, Santa Ana antzokian. Sarrerak bost eurotan daude salgain online eta Txokolateixan.
Urtarrilaren 7an beste ikuskizun musikal bat egongo da haurrendako eta familiendako. Ganbara kantu eskolak prestatu duen Ikustezinak izeneko lana izango da, Santa Anan. Sarrera horiek ere ohiko tokietan daude salgai.
Horiez gain, Ilunpeko altxorrak bilatzeko Arrikrutzen prestatutako ginkana bat ere badute aukeran ume zein gaztetxoek, baita espeleotxiki abentura ere; abenduaren 18an biak. Gainera, zapatuan, hilak 17, Go!azen taldea dator Santa Anara kontzertua eskaintzera –oraindik emanaldi bietarako daude salgai sarrerak Txokolateixan–. Txikitxoendako, berriz, ohe elastikoak eta puzgarriak muntatuko dituzte kiroldegian urtarrilaren 3an eta 4an.
Artisau azoka, San Silvestre lasterketa eta bertso saioa ere bai
Hitzordu klasikoak, betikoak, ere jasotzen ditu aurtengo Gabon egitarauak. Herriko artisauen azoka, esaterako, domekan egingo da aurten, hilaren 18an. Astronomiari buruzko hitzaldia ere egongo da hilaren 277an eta baita San Silvestre lasterketa ere, urteko azken egunean, arratsaldez, betiko moduan. Errege bezperan, berriz, urtarrilaren 5an, bertso saioa kiroldegian. Euskal Herriko bertsolari finalera iritsi diren zortzi bertsolaritik sei etorriko dira, gainera, Oñatira: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Datorren astean jarriko dituzte salgai sarrerak.
Olentzero eta Mari Domingi ere badira Oñatira etortzekoak. Zapatuan postontzia jarriko dute Santa Ana antzokiko sarreran gutunak jasotzeko, eta abenduaren 24an etorriko dira plazara, 12:30ean. Ekialde Hurbileko hiru erregeek, berriz, parrokian hartuko dute atseden urtarrilaren 5ean, eguerdian, ibilaldiarekin jarraitzeko.
Agendan daude sartuta hitzordu guztiak.