'Hator, hator 2022' kontzertua egingo dute domekan, Zubikoako pilotalekuan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko abe. 12a, 15:38

Gabonetan egin ohi den ikuskizunean, herriko hainbat abesbatzek ez ezik, musika bandek ere parte hartuko dute. Talde bakoitzak bi kantu eskainiko ditu, eta guztien artean, beste bi. Sarreran jasotako dirua, berriz, Oñatiko misio taldeak erabiliko du Dhagguel (Ginea) herrian emakumeentzako eskola bat eraikitzeko.

Ohitura den legez, Hator, Hator 2022 kontzertua egingo dute aurten ere Oñatin. Ganbara, Hots eta Oñati abesbatzako kideek hartuko dute parte, eta baita Oñatiko musika bandako zein banda gazteko musikariek ere. Domekan izango da, eta aurten, estreinakoz, Zubikoako kiroldegiko frontoian egingo dute, 12:30ean. Orain arte parrokian egin izan baita.

Musika bandako, eta Hots eta Ganbara abesbatzako zuzendaria da Aitor Biain, eta jakinarazi du kontzertuaren ohiko estruktura mantenduko dutela. "Talde bakoitzak bi pieza ekarriko ditu taula gainera, eta amaieran pieza batzuk eskainiko ditugu denok batera. Kasu honetan, aurten, Mikel Laboa izango da protagonista". Biainek nabarmendu baitu "garrantzia" ematen saiatzen direla euskal musikari, eta zehazki, Txoria txori eta Baga, Biga, Higa piezak eskainiko dituztela denen artean, Iñaki Urkizuk eginiko konponketekin. "Pieza handiak, politak dira, eta denok batera kontzertu bat amaitzeko baita onak ere. Noski, gabon kantak ere ez dira faltako".

Areago, Biainek gaineratu du Aita Madinaren heriotzaren 50.urteurreneko ospakizunak direla-eta, talde batzuek omenaldia egingo dietela domekako saioan.

Kontzerturako oharrak

Dena den, Biainek ohartarazi du kontzerturako gonbidapenak hartzea komeni dela: 670 pertsonarentzako lekua dago pilotalekuan, eta sarrerak Txokolateixan daude eskuragarri nahi duenarentzako. Horrez gain, ikuskizunera garaiz joateko deia ere egin dute.

Kontzertu solidarioa

Kontzertua, gainera, solidarioa izango da. Dirua jasoko da sarreran, eta Oñatiko misio taldearentzako izango da. Bertako kidea da Manu Egaña, eta azaldu du Ginea-Kronakryn abian duten proiektuarentzako izango dela. Izan ere, taldeak lau urte daramatza Dhagguel herrixkan hezkuntza proiektuak gauzatzen. Orain arte, eskola bat eraiki da umeentzat, eta aurten, emakumeen eskola sortzen ere hasi dira. "Lehen fasea eginda dago. Eraikina egin da, paretak eta eraikuntza badaukagu, eta orain espazio huts hori bete behar da".

Azaldu duenez, formazio eskolak sortu nahi dituzte emakumeentzat eraikin horretan, era horretan, andreen ahalduntzean urratsak egiteko. "Dhagguelen ofizio bat ikasteko eta independentzia ekonomiko horren bitartez euren buruaren jabe izateko bide emango du honek". Hain justu, iaz hasi ziren proiektuarekin, eta espero dute 2024an amaitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak