Musika eskola berria epe motzean egiteko, San Martin ondoko gunea eskaini dezakeela dio Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko aza. 18a, 16:07

Etorkizuneko musika eskolak bere zerbitzua eskaintzeko behar duen espazioa irudikatuta, zortzi kokagune ezberdin jaso ditu gaiari buruz urtebete inguru iraun duen prozesuak. Txosten baten jaso dituzte prozesuan landutako puntu guztiak eta herritarren aurrean aurkeztu zituen emaitzak atzo Udalak.

Musika eskola berria nolakoa izan behar den, zer eskainiko duen eta herrian non kokatuko den pentsatzeko prozesua abiatu zuen Udalak joan den udazkenean, diagnosi batekin. Bilerak, elkarrizketak, inkestak, saio irekiak eta kontsultak egin dituzte eta prozesuak emandako datuak aurkeztu ditu orain Udalak. Izaro Elorza alkatea eta Iñaki Olalde, kulturako batzordeburua, izan ziren emaitzak aurkezten atzo zinema aretoan. Nolakoa izango den marraztu dute, gutxi gora-behera; kokapenarena baina, erabakitze dute oraindik. Espazioari eta kokapenari buruz ez ezik, eskaintza pedagogikoaz eta gobernantza ereduari buruz ere esandakoak jaso dituzte txostenean.

Prozesu horrek emandako datuen arabera, gelatan –entseguetarako gelak, artxiboa, grabaketa gela, komunak, harrera, office-a, irakasleen gela, fonoteka, musika eta mugimendurako gela, kontsignak, biltegia...– 1.200 bat metro karratuko eraikina beharko luke. Horrez gain, gune komunetarako espazioa –sarrera, eskailerak...–; 1.800 bat metro karratu guztira. Tamaina horretako eraikina egiteko edo egokitzeko zortzi kokapen ezberdin jasotzen ditu txostenak, bakoitzak dituen ezaugarriekin –pribatuak edo publikoak diren, duen azalera, aktibitatearen leku aldatzea eskatzen duen, kokapena egokia den edo ez, lursaila edo eraikina den eta proiektua egokitzeko dituen zailtasun teknikoak–. Txostenean datozen gune posibleak dira: San Martin ondoko lursaila, egun udaltzaingoa dagoen eraikina, Bidaurretako mojen baratzea, Agustinoen eraikina, Garoa, Bidaurreta eraikina, Kantonoste kalean elkarren ondoan dauden bi eraikin eta gaur egungo eremua.

Elorzak eta Olaldek emandako azalpenen arabera, momentu honetan, eta musika eskola berria epe motzera egitea gura izanez gero, Martzelino Zelaia kalean, San Martin auzo aldera, dagoen lursaila da Udalak duen eskaintza. "Badago espazioa egiteko, lursaila publikoa da, dirua badago eta bideragarria da", zioen Olaldek. "Baina beste aukerak ere hor daude. Udaltzaingoaren eraikina da beste aukera bat, esaterako. Eraikina publikoa da baina udaltzainendako eta bake epaitegiarendako beste toki bat bilatzea ekarriko luke horrek, adibidez. Epe ertainerako edo luzerako uztea erabakiz gero, bestalde, guk ezin dugu ziurtatu gune horiek gero ere hor egongo direnik edo orain dagoen dirua ere egongo denik".

Olaitturriko gunea ez dago jasota txostenean, "bestelako erabilera ere baduelako eta kontua ez delako eraikin bat orain hor jarri ingurua zertarako edo nola geratu daitekeen aztertu barik". Alderdi jeltzaleak baina, beraiek proposatutako gune hori ona dela berretsi zuen atzo, aurkezpenaren amaieran hitza hartuta eta baimenak azkar lor daitezkeela. Gaineratu zuen San Martin aldera joatea arriskutsua ere izan daitekeela kontutan hartuta zirkulazio handia duen errepidea gurutzatu behar dela. Edozein gune aukeratuta ere ingurua egokitu egin beharko dela erantzun zuen Olaldek, eta errepide hori gurutzatzea ohikoa dela askorendako eta ezaguna herritarrendako. Gune hori erdigunetik aparte dagoen ustearen aurrean, San Martingo zubia "barrera psikologikoa" den irudipena duela. 

Udaltzaingoen eraikinari buruzko galdera egin zuen herritar batek, aukera hori gustukoa duela aitortuz baina horrek ekarriko lituzkeen ondorioak ulertuz. Musika eskolaren gobernantza ereduari buruzko kezka ere azaldu zuen beste batek eta hurrengo pausua zein den galdetu beste batek. Kultura batzordeburuak adierazi zuen agintaldi hasieratik dutela gaia esku artean eta bukatu aurretik erantzun bat emateko konpromisoa jarri diola bere buruari. "Elkarlanean egin dugu lana orain arte, horrela gabiltza eta sinisten dut jarraituko dugula. Baina gertatu daiteke Udalak erabakitzea gaia bera baloratuta".

Musika eskolako ordezkariak ere izan ziren informazio bilera irekian, baina ez zuten euren iritzirik eman kokaguneari buruz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak