Elkar Hezi ikastetxeak 'Ipuin bat opari' tailerra antolatu du azaroaren 28rako

Koldo Zubia Salas 2022ko aza. 18a, 12:21

Batetik, 0 eta 8 urte arteko guraso eta hezitzaileei zuzendutako hitzaldia antolatu dute. Bertan, liburuak egoki aukeratu ahal izateko hainbat irizpide ezagutzeko, ipuinen garrantziaz jabetzeko, zalantzak argitzeko eta galderak planteatzeko aukera egongo da. Bestetik, bi ipuin kontaketa saio izango dira, hitzaldian ikusitakoa modu praktikoan nola egin ikusteko, eta umeek parte hartu ahal izango dute. Guztira, bi ordu izango dira hitzaldia eta ipuin kontaketak kontuan hartuta.

Elkar Hezi ikastetxeak Ipuin bat opari tailerra antolatu du. Dorleta Kortazar ipuin kontalariak emango du. Tailerra azaroaren 28an izango da, 17:30etik 19:30era, eta bi zatitan banatuko da: hitzaldia eta bi ipuin kontaketa saio. Hitzaldia 0 eta 8 urte arteko guraso zein hezitzaileei zuzenduta izango da; ordubeteko saioa, euskaraz. Bertan, liburuak egoki aukeratu ahal izateko hainbat irizpide ezagutzeko, ipuinen garrantziaz jabetzeko, zalantzak argitzeko eta galderak planteatzeko aukera egongo da. Bitartean, ipuin kontaketan parte hartuko duten haurrek sormen tailerra izango dute. Umezaintza zerbitzua egongo da haur txikientzat.

Bi ipuin kontaketa saioek ere ordubete iraungo dute –30 minutu bakoitzak–, eta hitzaldian azaldutakoa modu praktikoan nola egin ikusteko balioko dute. Ipuin hauek izango dira: Udazken koloretan –3 eta 5 urte artekoendako– eta Heldu eskutik -6 eta 8 urte artekoendako–; haur guztiek izango dute aukera saio bietan parte hartzeko. 

Bestetik, Liburuen Txokoa egongo da, azaroaren 28tik abenduaren 2a bitartean, gomendatutako liburuekin, haiek zuzenean ezagutzeko, ikusteko, irakurtzeko eta aztertzeko. Behebarruko Atartea/Izan guneetan.

Irakurgai egokienak aukeratu

Adituek azpimarratzen dute ipuinak ezinbesteko tresna direla, besteak beste, fantasia eta irudimena garatzeko; batez ere, bizitzako lehen urteetan. Ipuinek aukera eskaintzen diete seme-alabei bizitzan garrantzitsuak diren bizipenak modu seguruan esperimentatzeko, bizitzarako garrantzitsuak diren erremintak eskuratzeko. Gainera, gurasoekiko lotura afektibo bat eskaintzen diete, barrura begiratzeko aukera bat, irudimena eta jakin-mina pizteko abagunea. Bestetik, Ipuinak sinbolismoz eta jakintzaz beteta daude, eta aukera bat dira guraso moduan seme-alabekin bestelako lanketa batzuk egiteko.
 
Antolatzaileen hitzetan, istorioak, ipuinak eta liburuak aukeratzea ez da lan erraza izaten batzuetan. Merkatuak eta kontsumismoak agintzen duten garai hauetan, zaila da argitaratzen den horretan guztian arakatzea eta irakurgai aproposak aurkitzea. Horregatik, proposamenaren helburua da bilaketa horretan laguntzea, irizpide eta klabe batzuk eskura jartzea, seme-alabentzat aproposak izan daitezkeen irakurgaiak aukeratzeko, gozamenari, fantasiari, emozioei eta lotura afektiboari leku eginez.
 
Beste helburu batzuk ere baditu tailerrak, hala nola une bat eskaintzea liburuak eta irakurgaiak ezagutzeko, denbora hartzea hausnartzeko, esploratzeko, esperimentatzeko eta gozatzeko, eta seme-alaben irakurketa sustatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak