Abenduaren 3an, saio berezia egongo da Gandiaga Topagunean, Arantzazu Parketxearen parean, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Arantzazu Lab-ek elkarlanean antolatuta. Euskal mitologiako hainbat elezahar, mito, kondaira eta ipuin kontaketa saioa egingo da. Bi txanda egongo dira: 16:30ean eta 18:00etan, hain zuzen ere. Kontalaria Marimunduko izango da, Maitane Aizpurua ataundarra, Jentilbaratza Kultur Elkarteko kidea.
Jose Migel Barandiaranek jasotako kondaira mitologikoak ezagutu eta giro goxo eta magikoan arratsaldea familian igarotzeko aukera egongo da. Aurrez erreserba egitea nahitaezkoa izango da eta prezioa 5 eurokoa izango da pertsona bakoitzeko.
Mitologia, errealitatea azaltzeko beste modu bat
Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.
Euskal Herrian Jose Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazki, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari, eta, horri esker, Euskal Herriko hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.