EAJko udal bozeramaile eta oposizioko buru da Ainhoa Galdos Olazar (Oñati, 1966). Agintaldia baloratzean, euren "jarrera eraikitzailea" eta "Udal Gobernuaren gardentasun falta" aipatu ditu.
Nola baloratzen duzu agintaldia?
Agintaldi gazi-gozoa dela esan dezakegu. Gazia, gardentasun falta handia egon delako. Informazio asko azken momentuan jaso dugu, eta ez dugu nahi adina ekarpen edo lanketa egiteko aukerarik izan. Gozoa ere izan da, oposizio eraikitzailea egin dugulako. Oñatiarrak daude gure erabaki bakoitzaren erdigunean, eta ekarpenak egin ditugu bai aurrekontuetan, ordenantza fiskaletan edo aurrera eraman diren proiektuetan. COVID-19ak baldintzatutako agintaldia izan da, eta ideologia politikoetatik harago egon gara, oñatiarren ongizatea bermatzeko. Garai hori izan da benetan elkarrekin lan egin dugun unea.
Bete dituzue hasierako asmoak?
Lan egin dugu, herritarrentzat eta herriarentzat, nahiz eta hori ikusaraztea ez den askotan erraza izan. Oposizio eraikitzailea izan gara, ados egon garen proposamenak bultzatuz eta desadostasunetan argumentuak azalduz. Adibidez, kiroldegiko obra, Emakumeen Etxearen sorrera eta Natur Eskola berriztatzea hasieratik babestu ditugu. Oñatik benetan aurrera doan herria izan behar du, inor atzean utzi gabe, eta hori izan da gure jomuga hasieratik.
Zer gaitan eragin duzue?
Proposamenak egin ditugu agintaldi osoan, erabaki garrantzitsuenetan, sail guztiak aintzat hartuz. Adibidez: Urrutxuko zabortegia zigilatzea, San Martingo hariztiaren egoera aztertzea, zaintzaileen eskubideak eta kontratatzaileen betebeharrak argitzeko bulegoa zabaltzea, herriko emakume ekintzaileei balioa ematea, atletismo pista eta futbol zelai berriak, liburutegiak opor egunetan zabalik egotea, turismo eta merkataritza planak egitea, lehen sektoreari laguntzea, eguneko zentroa asteburuetan zabaltzea eta Euskadi Lagunkoia eskaintzea. Horrez gain, parte hartzeko ordenantzaren prestaketan jarrera aktiboa izan dugu, baina hor deigarria eta esanguratsua egin zaigu Udal Gobernuak gerorako utzi izana gardentasuna.
Aintzat hartu ditu Udal Gobernuak?
Ez hasieran, behintzat. Bidea ez da izan EAJk proposatu eta elkarrekin landu, guk proposatu eta denbora batera euren egitea baizik, eurenak izango balira bezala. Hori gertatu da, adibidez, musika eskolaren eta atletismo pistaren proiektuekin.
Nola ikusten duzu Udal Gobernuaren lana?
Gauza batzuk ondo egin dituzte, eta beste batzuk ez hain ondo. Hori bai, komunikazioan ahalegin handia egiten dute eta horretarako bitarteko baliagarriak dituzte; hain zuzen ere, udal komunikabideak. Guk ez dugu hor tokirik izan. Hala ere, badute gabezia bat, agintaldi honetan gertatu dena eta urte batzuetara ikusiko duguna: ez dute epe ertain-luzerako planik egiten. Inpultsuko erabakiekin gobernatzen dute, gure egitasmo eta proiektuak kopiatzen dituzte. Ez dugu izan agintaldiko planik Udal Gobernuaren aldetik. Haren proiektuak izan dira soilik: kiroldegi berriko igerilekua eta fitness gelak, Emakumeen Etxea eta Natur Eskola.
Nolakoa da bion arteko harremana?
Ona, pertsonen arteko harreman normala. Politikoki egon dira tentsio edo egonezinak, baina, orokorrean, normala da.
Berezaoko kirol ekipamendua, Musika Eskola Olaitturrin kokatzea... Horiek dira zuen proiektuak?
Herriari begira ditugun proiektu estrategikoak dira, baina baditugu gehiago. Plan estrategikoa HAPO bera da guretako, hor jasotzen delako zein proiektu estrategiko garatuko diren eta non egin daitezkeen. Gazteendako etxebizitzak, industria babestea, komunitate energetikoak sortzea, mendekotasun maila txikia artatzeko eguneko zentroa egotea eta eguneko zentroko plazak gehitzea dira, adibidez, gure proiektuetako batzuk.
Nola ikusten duzu Oñati? Zer behar du? Zer oñatiarrek?
Geldirik dagoen herria da. Epe motzerako proiektu gutxi batzuk ditu, baina Udalak ez du epe ertain edo luzerako aurreikuspenik. Egun hartzen diren erabakiek eragina izan dezakete etorkizunetakoetan. Ikuspegi hori falta du Oñatik, eta kezkatuta gaude. HAPOren adibidea hor dugu, geldi dago. Etorkizunera begira ito egiten da Udala, geldirik dago. Kiroldegi berriak xurgatu die energia guztia. Oñatik herritarren beharrei egokitutako herri txukuna eta irisgarria behar luke, baina urrun gaude eredu horretatik: aparka-lekuak gutxitu eta herriko sarbidea itxi dute, eta bakarra utzi; herriko paretak oso zikinak daude; Kale Zaharra eta plaza ingurukoak lotsagarri daude... Era berean, beharrezkoa ikusten dugu bizikidetza ordenantza egitea, agintaldi honetan hainbatetan eskatu duguna.
Ze proposamen dituzue hurrengo aurrekontuetarako?
Lantzen ari gara eragileekin eta herritarrekin batera.
Zerrendaburua izango zara?
Aurrerago jakingo duzue