Ulma Taldea batzarrak egiten hasi da langileekin

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 4a, 10:30

Mondragon korporazioak kongresua egingo du hilaren 15ean, baina Ulma taldeko organoak ez daude ados egingo duten proposamenarekin, eta, beraz, bilerak egiten dabiltza beharginekin. Mahai gainean egon daiteke Mondragonetik irtetea.

Ulma Taldea batzarrak egiten hasi da lan-bazkideekin, Mondragon korporazioarekin dituen desadostasunak tarteko, eta egoeraz hausnartzeko. Izan ere, Mondragonek kongresua deitu du azaroaren 15erako, eta, Ulmak langileei bidalitako ohar baten arabera, "aldaketa garrantzitsuak dituen ponentzia bat" onartzea proposatuko du, Ulma Taldeko organoen "kontrako balorazioa" jaso duena. Beraz, jakinarazi dutenez, Zuzendaritza Kontseiluko zein Kontseilu Orokorreko negozio guztietako ordezkariek "aho batez" adostu dute bi erakundeentzako "irtenbide iraunkor eta positiboa" bilatzen duen proposamena, "Ulmaren nortasuna babestu eta kooperatiba-mugimendua indartzen" duena, eta aukeretako bat da korporaziotik irtetea.

Hala, horren berri emateko, besteak beste, mantenu zerbitzuetakoekin bildu ziren eguaztenean. Hilaren 7an eta 9an, berriz, Ulma Packaging-ekoekin batuko dira, eta eguaztenean bertan elkartuko dira Ulma Advanced Forged Solutions osatzen dutenekin ere. Are gehiago, gainontzeko sei negozioetako langileekin ere bilduko dira, data zehazteke dagoen arren: Ulma Architectural Solutions, Ulma Conveyor Componets, Ulma Agricola, Ulma Construction, Ulma Handling Systemns eta Ulma Embedded Solutions. Dena den, ez da jakinekoa zer azaldu duten batzar horietan, Ulmatik, behintzat, ez baitute galderarik erantzun. Abenduan egingo dute bozketa, taldeko kooperatibista guztiek, azken erabakia hartzeko.

Lehenago ere mugimenduak

Alabaina, Ulma Taldeak oharrean aitortu du hau ez dela Mondragon korporazioarekin ados ez dagoen lehen aldia, baizik eta desadostasun horien "beste adibide bat" dela. Ulma sortuz geroztik hainbat izan baitira izan dituzten kezkak.

Hain justu, 1950eko hamarkadaren amaieran eman zituen lehen pausoak egun Ulma Taldea denak. Sei gazte aritu ziren horretan, eta 1961ean lehen kooperatiba sortu zuten. Negozioa hazi egin zen, ordea, eta beste sektore batzuetan lanean hasi ziren. Bitartean, bailaran beste negozio batzuk zabaltzen zebiltzan paraleloki, kooperatibak ere sortuz, eta, 1990eko hamarkadaren hasieran, negozio horietako batzuek irudi korporatibo berria eta bakarra edukitzea erabaki zuten.

1993an, Mondragon korporazioaren antolaketa egituran sartzeko aukera izan zuen –MCC zen garai haietan–, baina, kooperatiba talde propioa edukitzeko erabakiaren ondorioz, ezezkoaren alde egin zuten. Hala ere, 2002an, Ulmako bazkideek onartu egin zuten Mondragonen industria dibisioan sartzea.

Aurrez ere desadostasunak

2016ko uztailean eginiko kongresuaz geroztik, ordea, desadostasunak dira nagusi korporazioarekin. Besteak beste, Fagor Etxetresnak-en aferak kolokan jarri zituen Mondragoneko zutabeak, eta, korporazioaren geroa zuzendu nahian, eredu berri bat jarri zen mahai gainean kongresuan: hain justu, arazoak zituzten kooperatibei lagundu bai, baina "kontrol zorrotza" ezarrita, eta, aldi berean, laguntzak emateko eta enpresa ekimen berriak sustatzeko funts bat sortuta, EITBk emandako informazioaren arabera.

Baina Ulma ez zen bat etorri hasieratik, eta, harrezkero, malgutasuna izan du ekarpenak egiterakoan, aski izan ez bada ere, taldetik irtetea erabaki dezakeelako, Oronarekin batera, eta aurrez Ampok eta Irizarrek egin bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak