Hitzez Ekiteko ekitaldia egingo dute zapatu eguerdian Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko aza. 3a, 10:41

Izen-emate orrira bideratzen duen QRa agertzen den kartela kalean jarrita.

Zuzeneko musika, dantza, poesia errezitaldia eta hainbat herritarren testigantzak entzungo dira 13:00etan plazan hasiko den ekitaldian. Hori prestatzearekin batera, laster Kale Barrian zabalduko duten Euskaraldiko lokala ere ari dira atontzen.

Oñati erantzun ona ematen ari zaio Euskaraldiari. Dagoeneko herriko entitate ugarik egin dute bat ekimenarekin, eta arigune izateko konpromisoa hartu. Norbanakoek parte hartzeko izen ematea ere zabalik dago, eta herritarrak ari dira belarriprest eta ahobizi rolak hartzen. 

Ekitaldia azaroaren 5ean

Entitateak zein herritarrak Euskaraldira batzeko gonbidapenak egitearekin batera, aurkezpen ekitaldi bat antolatu du Euskaraldiko herriko batzordeak azaroaren 5erako. Plazan izango da, 13:00etan, eta zuzeneko musika entzun, dantzak ikusi edo poesia errezitaldia jarraituz gain, hainbat herritarrek hartuko dute hitza aurreko Euskaraldiko esperientziaz eta oraingorako hartutako erronkez berba egiteko.

Herriko komertzio edo zerbitzu askok egin dute bat dagoeneko Euskaraldiarekin; 60 arigunetik gora sortu dira herriko entitate ezberdinetan. Ariguneak dira, esaterako, herriko denda txiki asko, ikastetxeak, banketxeak, Udala, ostatuak, taberna asko, kooperatiba handi bi, elkarte gastronomikoren bat eta abesbatza, fundazio zein alderdi politiko bat. "Entitateetan jarri dugu indarra, bereziki, eta erantzuna oso ona ari da izaten", dio Euskaraldiko dinamizatzaileak, Maddi Txintxurretak. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean, toki horiek guztiak adierazgarriak izango dituzte jarrita, ariguneak direla esateko. Norbanakoek izena ematen laguntzeko, QR erraldoiak agertzen diren kartelak jarri dituzte kalean; hori irakurrita, zuzenean hel daiteke herritarra izen-emate orrira. Dagoeneko ia 1.000ra heldu da izena eman duten herritarren kopurua. Horrekin batera, Kale Barrian, Itziar optikaren parean, lokala ari dira prestatzen, eta han banatuko dituzte, esaterako, txapak, eta informazioa emango dute laster.

Laguntza eskaintzeko edo zalantzak argitzeko, batzordearekin ere jar daiteke interesatua harremanetan. Horretarako bideak dira: onati@euskaraldia.eus edo 688 67 93 04.

 

Ariguneak dira. Bi adibide

 

San Martin egoitzako langileak: 

"Lau arigune sortu ditugu San Martin egoitzan: harrera, eguneko zentroa –sei erizain eta gizarte laguntzaile bat–, botikina –hiru erizain eta mediku bat– eta batzar nagusia –psikologoa, bi monitore, gizarte laguntzaile bat, zuzendaria eta arloko arduraduna–. Gune horietan, normalean, euskaraz aritzen gara, baina Euskaraldiarekin bat egin eta hamabost egun horietan euskaraz jarduteko konpromisoa hartu dugu. Kabiak badu bere euskara plana, hemen ere badugu Euskara Batzordea eta Udalak ere animatu gaitu Euskaraldian parte hartzera. Eta horixe erabaki dugu, ariguneak sortzea egoitza barruan. Lehen aldia da. Denon artean egingo dugu".

Aloña Mendiko futbol saila:

"Egunerokoan, eta egoera puntualen bat salbu, euskaraz funtzionatzen du Aloña Mendiko futbol sailak. Ditugun entrenatzaileak eta delegatuak, esaterako, euskal hiztunak dira eta euskaraz lan egiten dute jokalariekin. Komunikabideetara zein Federaziora bidaltzen ditugun jakinarazpenak edo oharrak ere euskaraz bidaltzen ditugu. Euskara modu naturalean erabiltzen dugu futbol sailean, eta, alde horretatik, ez digu aparteko esfortzurik eskatuko Euskaraldian euskaraz aritzeak. Baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun Euskaraldiarekin bat egitea eta atxikimendua erakustea, entitate garen aldetik. Aurrekoan ere arigune izan zen gure kirol saila, eta oraingoan ere bai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak