2020an gertatu bezala, aurten ere, Beratu musika jaialdia udazken giroan ospatuko da. Azaroaren 11 eta 13a bitartean ikus-entzuleak gozaratzeko moduko lau kontzertu izango dira, gaztelekuan, Antixena gaztetxean, Lazarraga lorategian eta Eltzia tabernan; azken hori aurtengo espazio berrietako bat da. Nerea Zubiak antolakuntzako kideetako batek aitortu du jaialdia errotuta dagoela herrian: "Jendeak Beratu entzuten duenean badaki musikarekin lotutako zerbait badatorrela, eta horrek jaialdiak izen bat duela erakusten du".
Bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta Zubiak jaialdiak duen esentzia zein den nabarmendu du: "Kalean egiten diren ekintza asko uda giroan egiten dira eta Beraturekin lortu nahi duguna da etxean gehiago gauden urteko momentu horietan etxetik irteteko eskaintza bat ematea".
Kalitatezko emanaldiak
Aurtengo parte hartzea "zabala eta kalitatezkoa" dela esan du Zubiak, eta urtero jaialdiak horixe bera duela asmo gaineratu. Ez da gutxiagorako, aurten izango den parte hartzea ikusita. La Elite -Azaroak 11, gaztetxean, 22:30ean, bost euro–, Goxua N'salsa –Azaroak 13, Lazarraga lorategian, 13:00etan, doan–, Yaima Orozco –Azaroak 12, Eltzia tabernan, 18:00etan, doan– eta Mauriziak Ez Dau Inor Hil musika taldeak –Azaroak 12, gaztelekuan, 20:30ean, zortzi euro aurrez eta harmar euro lehiatilan– izango dira ikusgai taula gainean. Azken hori da azpimarragarriena, musikaz haratago doan proiektu bat ari direlako osatzen, mezu sendoak emanez eta musikaz gain, ikuskizun batez gozatzeko aukera ematen dutelako.
Tailerrak eta mahai-inguruak, ez
Aurtengo jaialdiaren hutsuneak izango dira horiek. Antolakuntzako Nerea Zubiak azaldu duenez, COVIDak "eragin zuzena" izan du horretan: "Jaialdia prestatzen hasi ginenean murrizketak zeuden, eta ez geneukan argi hurrengo hilabeteak nolakoak izango ziren; beraz, horiek ez programatzea erabaki genuen".