Goienak jakin duen moduan, eguenean, azaroak 2, hasiko da Ulma informazio bilerak egiten langileekin. Mantenu zerbitzuetan, esaterako, eguenean dute bilera eta packaging-en, azaroaren 7an eta 9an; bederatzi negozio ditu Ulma taldeak. Bileretarako deialdiak jasotzen du Mondragon Taldeak aldaketak proposatuko dituela. Horri begira, proposamen propio bat lantzea aztertuko du Ulmak eta horren gaineko azalpenak emango dituzte batzar horietan.
Mondragon Taldetik irtetea aukeretako bat izan daiteke. Ulmako langile batzuk aitortu dute gaiari buruzko zurrumurruak entzun dituztela baina oraindik ez dutela inolako berri ofizialik jaso kooperatibako zuzendaritzatik.
Ulmako langileei egindako deialdiak dio:
"Mondragonek kongresu bat deitu du 2022ko azaroaren 15erako. Bertan, aldaketa garrantzitsuak dituen ponentzia bat onartzea proposatzen du, Ulma Taldeko organoen aurkako balorazioa jaso duena. Taldeko organoen iritziz, Ulmak Mondragonen dituen desadostasunen beste adibide bat da.
Ulma Taldeko Zuzendaritza Kontseiluko eta Kontseilu Orokorreko negozio guztien ordezkariek aho batez adostu dute bi erakundeentzako irtenbide iraunkor eta positiboa bilatzen duen proposamen bat. Bertan, Ulmaren nortasuna babesten dugu eta kooperatiba-mugimendua indartzen jarraitzen dugu. Hala defendatu dute negozio guztietako organoek parte hartu duten osoko bileretan".
Ulma, zenbakitan
Ulma Taldea bederatzi negozio unitate estrategikotan lan egiten duten bederatzi elkarte kooperatibok osatzen dute: Ulma Architectural Solutions, Ulma Agricola, Ulma Manutentzio Zerbitzuak, Ulma Construction, Ulma Conveyor Componets, Ulma Handling Systemns, Ulma Packaging, Ulma Advanced Forged Solutions eta Ulma Embedded Solutions.
61 urte daramatza merkatuan; 5.500 lagun ari dira bertan lanean, 81 herrialdetan dago presente eta urtean 900 milioi euro fakturatzen ditu salmentetan.
Gaia jorratuko dugu hurrengo egunetan
Mondragon Taldeko zein Ulma Taldeko komunikazio arduradunekin egoten saiatu gara. Ez diote Goienako galderei eta mezuei erantzun.