Ane Miren Beitia: "Bezeroak gustura joatea nahi izaten dut"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko urr. 29a, 10:28

Ane Miren Beitia, Ane Mertzerian, astelehenean egindako elkarrizketan. (Argazkia: I.A.A.)

Beitiak dioenez, haurrak janzteko estiloa aldatu egin da eta bezeroak kontzienteagoak dira arropa erosteko orduan, jasangarritasunaren aldeko apustua egiten baitute.

1980an zabaldu zuen Ane Mertzeria Ane Miren Beitiaren amak, Oñatin. Dendan laguntzen hasi bazen ere, ama jubilatu zenean, negozioarekin jarraitu eta lokala handitu zuen. Duela 12 urte, senar Ricardo Dominguez ere dendan hasi zen lanean. Denetarik saltzen dute: mertzeriako produktuak, lentzeria nahiz haurren arropa.

Amaren bidea jarraitu nahi zenuen?

Ez, beste zerbait egin nahi nuen, zer ez dakit, baina beste nonbait nahi nuen lan egin. Lehen, ezetz esaten nuen, baina, azkenean, hemen amaitu nuen. Hala ere, gustura nago hemen lanean.

Noiz hasi zinen lanean?

1996tik ari naiz kotizatzen. Dena den, lehenago, amari laguntzen nion. Betidanik Oñatiko Kale Barria kalean izan dugu denda. Hasieran, txiki-txikia zen lokala; gaur egungoaren erdia. Amak kaxak zituen leku guztietan. Nik hartu nuenean, denda berean jarraitu nuen, baina, ondoko lokala hutsik geratu zenean, neuk erosi eta denda handitu nuen.

Haurren arropa saltzen duen bakarra zara Oñatin?

Bai. Haurren jantziak soilik saltzen dituzten dendak egon dira hemen, baina itxi egin dituzte. Iruditzen zait Oñati ez dela herri bat soilik haurren jantziak saltzen dituen denda bat zabaltzeko. Nik gauza gehiago badauzkat, eta, tira... Gauza bat ez bada, beste bat erosten didate.

Haurrak janzteko estiloa aldatu egin da.

Duda barik. Ez da arrosa eta urdin koloreetara mugatzen. Bezeroek edozein kolore nahi dute txikiendako. Estiloa ere aldatu da, eta denetik saltzen dugu. Hori bai, estiloa eskandinaviarragoa da. Arropa erosterakoan, herritarrak kontzienteago dira; kotoiaren nahiz jasangarritasunaren aldeko apustua egiten dute.

Lentzeriari dagokionez, debagoiendarrak klasikoak dira?

Bai; gehienbat, klasikoa saltzen dugu. Batik bat, gizonezkoena. Emakumeendako, ausartagoa den lentzeria ere badaukagu.

Zeintzuk dira zure bezeroak?

Emakumeak dira gehienak, baina geroz eta gizon gehiago etortzen dira, haurrendako arropak eta eurendako barruko arropa erostera.

Lanaren alderik onena?

Garrantzitsuena da bezeroekin daukadan tratua. Eurak dendatik gustura ateratzea nahi izaten dut, eta gustatuko zaizkien produktuak ekartzen saiatzen naiz.

Denbora librean zer egiten duzu?

Paseatzea eta irakurtzea asko gustatzen zait. Ortura ere joaten naiz, baina ez naiz lanean aritzen. Hantxe egoten naiz, begira eta haizea hartzen.

Probatzea, urrezko erregela

"Bularretako neurriarekin asmatzeko ezagutzen ditugun arauak badaude: bular-ingurua neurtzea, kopa... Baina nik nahiago dut bezeroek probatzea. Garrantzitsua da barruko arropa erosi aurretik probatzea gustura eta eroso joateko. Modeloaren arabera ezaugarriak aldatu egiten dira. Hobeto da probatzea, eta horren arabera, eroso geratuko zaizun titi-zorroaren neurria jakitea. Zure gorputzean ikusten duzu nola geratzen den, ze materiala den...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak