Udal zergak izoztea eskatu du EAJk, "herritarrekin egoteko garaia" dela argudiatuta

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko urr. 27a, 08:49

Oñatiko EAJko udal taldea.

Alderdi jeltzaleak dio irtenbidea ez dela "herritarrei ahalegin handiagoa eskatzea", baizik eta "Udalak kudeaketa egokia egitea, hurrengo udal aurrekontuetan lehentasunak ezarriz". Aldiz, ondo ikusi du kiroldegiari dagozkion hobarietan guraso bakarreko familiek familia ugarien eskubide berak izatea.

Udal Gobernuan dagoen EH Bildu alderdiak iragarri du udal tasak eta zergak, orokorrean, %4 igotzea dela proposamena, eta horren aurrean oposizioko alderdi EAJk uste du "gobernu taldeak proposatutako eta onartutako igoera hori neurrigabea eta justifika ezina" dela: "hauek izoztea eskatu dugu, herritarrentzat garai zailak dira eta une
honetan haien ondoan behar gaituzte. Aurreikuspenen arabera, 2023a urte zaila izango da ekonomikoki, eta ez da igoera edo karga gehitzeko unea. Herritarrek aurre egin beharko diete, besteak beste, argiaren, gasaren, erosketen, erregaiaren eta finantza-interesen igoerari".

Datorren urteko udal tasen eta zergen inguruko prentsa oharrean alderdi jeltzaleak dio "kezkatuta" dagoela igoera hori arrazoitzeko Udal Gobernuak eman dituen argudioekin. Dio "Oñati eta oñatiarren ongizatea beti" daudela beren erabakietan, eta alderdiak proposatutako izozteak ez duela Udalaren etorkizuna hipotekatzen, ezta hark bermatu behar dituen zerbitzuen kalitatea ere: "irtenbidea ez da herritarrei ahalegin handiagoa eskatzea, baizik eta udal kudeaketa egokia egitea, hurrengo udal aurrekontuetan lehentasunak ezarriz. Inoiz baino garrantzitsuagoa izango da eraginkorrak izatea eta kontuak zorrotz kudeatzea".

600.000 euro gehiago

Jeltzaleek diote Udalak ahalegin berezia egin behar duela egoera horri aurre egiteko, eta are gehiago, hurrengo ekitaldian aurreikusten diren aparteko diru-sarrerak ezagututa: "alde batetik, Foru Funtsetik jasoko den zenbatekoa dago. Gipuzkoako Finantza Kontseiluak, urriaren 14ko bileran, zerga-bilketaren aurreikuspenak eguneratzea erabaki zuen eta udal ordezkariei jakinarazi zien Foru Funtsetik aurreikusitakoa baino diru gehiago jasoko zutela. Horrela, aurreikusten da Oñatiko Udalak espero zena baino 285.000 euro baino gehiago jasoko dituela 2022ko aurrekontuen itxieran (likidazioa). Horrela, 2023ko aurrekontuen estimazio bat eginda, Udalak, 2022an baino 600.000 euro gehiago izango ditu gutxi gorabehera. Gainera, gogorarazi nahi dugu Oñatiko Udalak beste udal batzuek ez duten
aparteko beste diru-sarrera bat duela: Oñargi eta Ur Jauziak. 1989 urtean, Udalak, EAJ-PNV gobernuan zela, Ur-Jauziak erostea erabaki zuen eta honi esker, gaur egun honek ahalbidetzen duen diru-iturriak ere balio du kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko eta Oñatiko herritarrei eta elkarteei laguntzeko. Ez gara soilik Ordenantza Fiskalen bidez finantzatzen". Jarraitu du esanez Foru Funtsetik jasoko duen aparteko dirua inflazioaren ondorio dela: "izan ere, BEZa mantendu bada ere, prezioen igoerak, oro har, diru-bilketa nabarmen handiagoa izatea ekarri du. Era berean, Ur Jauziak-en kasuan, Udalak jasoko duen igoera energia elektrikoaren kostua altuagoa delako izango da. Beraz, herritarrei ezin diegu karga ekonomiko gehiago gehitu".

Hobariak

Hobariei dagokienez, alderdi jeltzaleak begi onez ikusi du gobernu taldearen proposamena, kiroldegiari dagozkion hobarietan guraso bakarreko familiek familia ugarien eskubide berak izan ditzaten.

Era berean, "jasangarritasuna eta klima-aldaketa jomugan hartuta", EAJk eskatu du Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergaren hobaria %75ekoa izatea motor hibridoa duten ibilgailuen kasuan: "adibidez, gasolina eta elektrizitatezko, diesel eta elektrizitatezko, eta gas eta elektrizitatezko motor hibridoak dituzten ibilgailuek izatea hobari hori, beti ere motorrak fabrikatik homologatuak badatoz. Gaur egun ezarritako hobaria %50ekoa da".

Osoko bilkura, gaur

Gaur, eguena, egingo dute urriko ohiko osoko bilkura eta hor eztabaidatuko dituzte 2023ko udal tasak eta zergak. 18:30ean da osoko bilkura.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak