Abiatu dute Oñatiko Emakumion Etxia eraikitzeko prozesu irekia

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko urr. 21a, 16:52

Eguaztenean Eltzian egindako lehen bileran ateratako talde argazkia (Argazkia: Oñatiko Udala).

Bi lan ildo jarraituko dituzte: etxea bera eraberritzea eta parte-hartze prozesua. Beste emakume etxe batzuk ezagutzeko irteerak ere antolatu dituzte azarorako.

Emakumion Etxia irudikatzeko parte-hartze prozesuaren lehen bilera irekia egin zuten eguaztenean Eltzian, eta prozesu "zaindua" izatea gura dutela adierazi zuen Izaro Elorza alkate eta Berdintasun Saileko batzordeburuak. "Espazio erosoak sortzea eta zainduak sentitzea. Denok parte hartu ahal izateko baliabideak eskainiko ditugu. Tartean, eztabaidak eta gatazkak ere sor daitezke, eta horiei ere lekua emango diegu. Helburua akordioetara iristea izango da. Guztien erritmoak eta joan-etorriak errespetatuz".

Berdintasun teknikari Jone Arriolabengoak aipatu zuen, era berean, etxearen beharra ikusten zutela Emakumeen Etxearen inguruko diagnostikoa egiterakoan galdetu zieten herritar guztiek. "Orain, bi lan-ildo ditugu: etxea eraberritzea eta parte-hartze prozesua. Biak eskutik joatea planteatzen dugu".

Eguazteneko bileran bi hizlari ere izan ziren gonbidatu: Maggie Bullen eta Carmen Diez. Bi antropologo feministek aztertu dituzten emakume etxe ezberdinen inguruko esperientziak partekatu zituzten.

Beste eredu batzuk ezagutu

Parte-hartze prozesuak hainbat premisa izango ditu eta Udaletik ikuspegi komunitario, feminista eta ahalduntzailea nabarmendu zituzten, baita inklusioa, intersekzionalitatea eta elkarbizitza ere. Horrez gain, hiru konpromiso ere hartu ditu Udalak: proiektua martxan jartzeko beharrezko baliabide pertsonal eta ekonomikoak eskaintzea, aniztasuna kudeatzeko tresna egokiak eskaintzea eta parte-hartze prozesu zaindua eskaintzea.

Beste emakume etxe batzuetako esperientziak ezagutzeko beharra ere ikusi dute, eta bi irteera antolatu: azaroaren 4an Zumaiara eta Azpeitira eta 18an Hernanira eta Donostiara. Izena emateko: berdintasuna@onati. eus edo 688 62 12 13.

2018tik

Oñatiko Emakumeen etxea sortzeko prozesua 2018an abiatu zen partaidetzazko aurrekontuetan egindako proposamenarekin eta 2020an emakumeen etxearen gaineko diagnostikoa burutu zen. Diagnostiko horretan oinarrituta eta Oñatiko Emakumion Kontseiluaren babesarekin, 2022 urtearen hasieran Emakumeen Etxea jasoko duen eraikinaren erosketa burutu zuen Udalak (Kalezaharra kaleko 13 zenbakidun eraikina). Eguaztenean abiatu zuten parte-hartze prozesuaren bitartez, etxearen edukiaren, funtzionamenduaren eta kudeaketa ereduaren gaineko hausnarketa egitea da helburua. Eraikinaren eraberritze lanak 2023an hastea aurreikusten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak