Udal zergak %4 igotzea da Udal Gobernuaren proposamena

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko urr. 18a, 12:42

Oñatiko plaza gaur goizean.

Udal Gobernuaren esanetan "arduraz" landuriko proposamena da eta "ohiko helburuei heldurik" segituko luke: "kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen, eta egoera zaurgarrian dauden eta behar handiena duten herrikideak zein herriko zenbait elkarte diruz laguntzen".
Hobari berriak ere proposatu ditu.

Datorren urteko udal zergen igoera orokorra %4 izatea proposatu du Udal Gobernuak, "dezente murritzagoa KPIaren %10eko igoera ezohikoa dela iritzita". Egoera hori izanda, "ohiko helburuei heldurik" segituko lukeela dio Udal Gobernuak: kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen, eta egoera zaurgarrian dauden eta behar handiena duten herrikideak zein herriko zenbait elkarte diruz laguntzen.

Udal Gobernuaren esanetan, "arduraz" landuriko proposamena da 2023ko Udal Ordenantza Fiskalarena: "Ezohiko egoera ekonomikoa bizi dugu. Etorkizuna ere, ziurgabetasunez dago josirik. Dena den, horrek ezin gaitu eroan herria gelditzera. Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen segi beharra dugu, herrikideak eta elkarteak laguntzen, unean uneko beharrei erantzun egokia ematen, etor daitekeenari behar moduan heltzen, proiektu berriak abiarazten... Beharrezkoa da arduraz eta seriotasunez jokatzea".

Hobariak emateko oinarri ezargarriak, eguneratuta

Proposamen honetan, hobariak emateko oinarri ezargarrien zenbatekoen eguneraketa datorrela ere badio Udal Gobernuak. Hain zuzen ere, gehieneko muga igotzea proposatzen du OHZ Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergan, Udal euskaltegiko zerbitzuagatiko tasan eta Udaleku Irekietako zein Txaloka Udal Ludotekako matrikuletan: 12.000 eurotik 13.500 eurora; 24.000 eurotik 26.000 eurora; 50.000 eurotik 54.000 eurora; eta 90.000 eurotik 95.000 eurora -kopuruek familia unitateko urteko diru sarrerei egiten diete erreferentzia-. Ostera, Langileen Gutxieneko Soldataren eguneraketa proposatzen da Zubikoa kiroldegiko hobarien tauletan, gehieneko muga 13.300 eurotik 15.000 eurora igota. Eta, horretan geratu barik, guraso bakarreko familiek, familia ugarien kontsiderazioa jasotzea proposatzen da. "Proposamen horiei esker, herrikide gehiagok izango lukete hobariak jasotzeko aukera".

Hobari berriak

Hobari berriak ere aipatzen ditu Udal Gobernuak bere proposamenean. Adibidez, etxebizitzen energia eraginkortasuna sustatzeari loturikoa. Harekin, OHZ Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan, kuota osoaren %50eko hobaria lortuko lukete A motako efizientzia energetikoaren etiketa luketen edo lortuko luketen ondasun higiezinek. Bestetik, trantsizio ekologikoari begirako neurri moduan, CO2 isuri baxuak dituzten ibilgailu berrientzako hobariak proposatzen dira. Kasu horretan, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Gaineko
Zergan, %25eko hobaria izango lukete (CO2)/kilometroko 120 gramo karbono dioxido baino gutxiago isurtzen duten ibilgailu matrikulatu berriek, eta, %40koa, (CO2)/kilometroko 110 gramo karbono dioxido baino gutxiago isurtzen dutenek. Ibilgailuaren lehen matrikulaziotik hasita, bi urtez jasoko litzateke hobari hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak