Familiako ogibidea aukeratu zuen Aldanondok eta hirugarren belaunaldia da. 13 urte zituenean hasi zen aitari ile-apaindegian laguntzen, gizonezkoei bizarra eta ilea mozten. 18 urterekin Donostian egin zituen ikasketak, eta, Madrilen, Londresen eta Bartzelonan formatzen nahiz lanean ibili ostean, Oñatira itzuli zen aita erretiratu zenean. Gizon nahiz emakumeentzako ile-apaindegia da, eta estetika zentroa ere bada.
Oñatitik kanpo ikasi duzu eta egin duzu lan. Beti egin duzu lan ile-apaindegi batean?
Bartzelonan ile-apaintzaile batekin egon nintzen lanean. Modeloa ere bazen; eta, orduan, egun batzuetan ile-apaindegian egiten genuen lan, eta beste batzuetan, desfileetan. Pasarelan une puntual bateko pasea egitea da, zoroagoa da; dendakoa, egunerokotasunekoa, monotonoagoa.
Bereizita daukazu ile-apaindegia.
Garbi neukan ez nuela gizonak eta emakumeak nahasterik nahi. Gizonezkoen lana azkarrago egiten da, eta emakumeekin denbora gehiago pasa behar duzu. Oñatin, gainera, denok ezagutzen dugu elkar eta emakumeei ez die graziarik egiten gizonezkoek buruan erruloekin, tindagaiarekin... ikustea.
Txutxu-mutxu asko egoten dira?
Garai batean, bai, baina uste dut hori asko aldatu dela. Bezeroek ez zuten txandarik hartzen eta bertan pasatzen zuten eguna. Gaur egun, hitzordua hartzen da eta pertsonalagoa da; ez da hainbeste berba egiten. Lanean ari garen bitartean, prentsa irakurtzen dute askok.
Udazken eta neguko tendentzia?
Melena karratuak. Ile-luzeetan uhinek jarraituko dute. Koloreetan, berriz, fantasia koloreak, edo, bestela, ez da tindatzen. Ile-horiak beti daude modan.
Orrazkera ausartak izaten dituzue ile-apaintzaileek.
Guk ez baditugu eramaten, nork izango ditu? Euskal Herrian tendentziak erradikalagoak dira. Andaluzian ez duzu halakorik ikusiko, gehienek ile luzea baitaukate. Londresko, Parisko eta Italiako ile-apaindegiak desberdinak dira teknikoki. Ingalaterrakoa gogorragoa da, eta gure tendentzia hori da.
Lanaren alderik onena?
Jendea gustura joatea hemendik. Gu ez gara estilistak bakarrik, psikologoak ere bagara. Asko gaizki sentitzen delako etortzen dira. Orduan, bezeroa energia positiboarekin kalera joango dela jakitea da ederrena.
Zein ospetsuri aldatuko zenioke orrazkera?
Askori. Gehienek estilistak badituzte ere, ez dute asmatzen euren tendentziarekin.
Zuretzat balio ez duen orrazkera
"Asko ospetsuen argazkiekin etortzen dira eta azaldu egin behar diet look hori ez zaiela ondo geratuko. Aurpegi motaren arabera, era batera edo bestera eraman behar duzu ilea. Askotan gertatzen da, adibidez, argazkikoak aurpegi borobila izatea eta bezeroak karratua. Hortaz, tendentzia moldatu behar izaten dut. Argazkikoaren berdina ez zaiela geratuko esaten diet, eta 'egin ahal duzuna' erantzuten didate. Jendeak, normalean, ulertzen du".