Zaintza alorreko langileentzako prestakuntza programa abiarazi du Oñatiko Udalak

Zuriñe Urruela Santidrian 2022ko urr. 12a, 16:26

Zaintza alorreko 22 langilek hartuko dute parte Mentsad prestakuntza programan. Bidebarri laneratze enpresak, Caritas-Elkarzabalek eta Oñatiko Udalak 2021ean egindako hausnarketa prozesuarekin loturik dago ekinbidea. 

Mentsad pertsona helduen eta zaurgarrien behar sozialei erantzun integral bat emateko programa da –SSI talde kooperatiboak abiarazitakoa eta Sozioekonomia eta Ongizate Zerbitzuen alorren elkarlanetik sorturikoa–. Irailaren 22an izandako aurkezpen saioak 50 pertsona batu zituen arren, elkarrizketak egin ondoren, 22 dira parte hartuko duten zaintza alorreko langileak. Horiek etxez etxeko arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiria lor dezakete.

Susana Altuna Ugarte, Ongizate Zerbitzuen batzordeburua, "pozik" azaldu da ekinbidearen harrerarekin: "Harrera ona izan du egitasmoak. Jende ugari etorri da. Behar bat zegoen, ase beharrekoa. Beste erakunde batzuek gaia noiz helduko itxaroten segi beharrean, udaletik heltzea erabaki genuen. Gainera, inplikazio handiz jardun dute udal langileek. Egitasmoa aberasgarria izango da zaintza alorrean diharduten langileentzat".  Hori eta beste hainbat gai lantzeko asmoz Oñatiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Departamentuko Planifikazio zuzendariari batzarra eskatu dio.

Ikastaroak atzerritartasun egoera erregularizatu gabe duten langileen egoera soziolaborala hobetzen laguntzen du. Ongizate Zerbitzuen batzordeburuak azaldu du: "Halako ekimenen bidez, hein bateko erantzuna ematen zaie gisako erronkei. Gainera, ezin daiteke ahaztu zaintza alorreko langileen artean emakume migratuak direla nagusi. Kolektibo zaurgarria da".

Programaren metodologiak ahalbidetzen du Mentsad prestakuntzan parte hartzea lan egiten duten bitartean. Izan ere, autoprestakuntza –eskuliburuak edota astero landuriko edukiei loturiko ariketak, adibidez– eta aurrez aurreko saioak–lau orduko 23 saio, larunbat arratsaldetan– tartekatzen dira. Hori guztia egitasmoaren bi helburu nagusiak betetzeko da: parte hartzaileen enplegagarritasuna eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak