Espainiako 'pitch and putt' txapelketa, Oñatin

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 30a, 19:00

Irelore Golf Eskolak hogei urte bete ditu, eta urteurrena baliatuko du asteburuan Espainiako Txapelketa Oñatira ekartzeko. P&P –'pitch and putt'– modalitatean jardungo dute Espainia osotik etorritako maila oso oneko 54 jokalarik.

Irelore Golf Eskola gertu dago asteburuan Espainiako P&P – pitch and putt– txapelketa hartzeko: "Egia esan, gu arduratu gara golf zelaia ahalik eta kondizio onenetan egoten. Gainontzeko guztiaz Federazioa arduratzen da", dio azken asteotan lanez lepo ibili den Jabi Balzategik. Guztira, 54 golf jokalarik hartuko dute esku, modalitate horretan Espainiako onenetakoak egongo dira tartean, eta, Oñatikoa egutegiko azken proba puntuagarria denez, Ireloren erabakiko dira zeintzuk diren txapeldunak. Hala, parte-hartzaileen zerrendan daude sailkapenean aurre-aurrean dauden Jose Maria Ortiz de Pinedo, Prakash Aisa Barrera, Jose Gomez Sanmartin eta Fernando Cabezudo golf jokalariak. Eta tartean izango dira, baita ere, bailarako zenbait golf jokalari: "Montserrat Lizarralde oñatiarra, Bergarako Iker Hiart eta Ignacio Peñin eta Eskoriatzako Gerardo Pagaldai ere parte-hartzaileen zerrendan daude. Ea lan ona egin dezaketen". Txapelketa zapatu goizean hasiko dute, eta, goiz eta arratsalde jardun eta gero, domeka goizean jokatuko dituzte finalak: "10:00 aldera hasiko garela uste dut; lehen aipatu moduan, Federazioak erabakitzen ditu ordutegiak, eta sari banaketa ekitaldia domeka eguerdian egingo dugu".

Egun gutxitan, hobera

Irelore zelaiak hobera egin du azken egunotan. Batetik, txapelketara begira kanpoko profesionalak ekarri dituztelako belardiak zaintzera –bereziki, greenak ondo jartzera–, baina, horrekin batera, aste barruan egindako euriari esker Oñatiko golf eskolak beste itxura bat erakutsiko du bihar.

Zenbat aldatu den Irelore

Aipatu moduan, Irelore 20. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabil. Hasieran, kirol jarduera horren aldeko apustua egin zuenean praktiketako gunea izan zen Balzategik egokitu zuen lehenengo gunea, eta 2006an jarri zituen lehenengo lau zuloak. Kopuru hori handitzen joan zen poliki-poliki eta 2012an amaitu zituen gaur egun dauden bederatzi zuloak: "Baina, zuloak bederatzi badira ere, joko-leku bakoitzak bi irteera ezberdin ditu, elkarren artean erabat ezberdinak direnak. Hala, bederatzi beharrean guztira 18 joko-leku ditugu: "Hori da zelai txiki batek daukan abantaila, aste barruan ere etor zaitezkeela momentu batean eta pare bat orduan ibilbide osoa bete. Zelai handietan ezin da halakorik egin".

"Harrapatu" egiten duen kirola

Urte hauetan guztietan, Irelore aldatu den bezala aldatu da herritarrek golfarekiko duten pertzepzioa ere: "Aberatsen kirola zela esaten zuten lehen, eta hori aldatu egin da. Eta egia da nagusiendako kirol moduan ikusten dugula, eta gero, zenbatek esaten didaten: 'Gazteago nintzenean hasi banintz...'. Harrapatu egiten duen kirola da, bai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak