Autlan Emd enpresan substantzia toxikoek langileak gaixotu dituztela salatu dute sindikatuek

Uxue Igarza Loiola 2022ko ira. 27a, 11:35
Apirilean egindako mobilizazio bateko irudia.

LAB eta ELA sindikatuek salatu dute Oñatiko Autlan Emd enpresan manganeso eta azido sulfuriko mailek baimendutako gehienezko estandarrak gainditzen dituztela. Hala, atzo, hilak 26, epaiketa eta mobilizazioa egin zituzten Eibarko epaitegian eta langileen osasuna babesteko "neurri eraginkorrak" eskatu zituzten.

Hodei azidoek arnasbideetan minbizia eragiten dutela eta manganesoak nerbio-sistema kaltetzen duela azaldu du LAB sindikatuak ohar bidez. "2021eko irailean frogatu zen enpresako zonalde ia guztietan manganeso eta laino azido kontzentrazioak daudela, horrek esan nahi du 34 pertsona egon direla substantzia toxiko hauen eraginpean (...) 2022an, arnasbideetako patologien lan-jatorria aitortu zaie enpresako bost langileri", adierazi du.

Horri lotuta, bost langileak "kaleratzeko arriskuan" daudela ohartarazi du sindikatuak: "Egiten duten lanerako ez-gai izendatu dituzte. Horrek esan nahi du kale-gorrian gelditu daitezkeela indemnizazio ziztrin batekin. Langile hauek enpresak gaixotu ditu, eta orain, lanik gabe geratu daitezke, horrek langilearengan eta bere familiarengan dakarren ziurgabetasun egoerarekin".

Epaiketa atzo

ELAk sortutako Bidelagun fundazioak salaketa jarri zuen, eta atzo egon zen epaiketa Eibarko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegian. "Langileetako bati laneko asma aitortu zaio lanbide gaixotasuntzat. Gauzak horrela, enpresari eskatu dio lan harremana etetea, kaleratzea ordaintzea eta kalte ordain gehigarria", jakinarazi du sindikatuak.

LABek, bestalde, mobilizazioa egin zuten epaitegi kanpoan eta bi eskaera egin zituzten langileek: "Gaixotutako langileentzat lanpostu bateragarrien egokitzapena edota irteera pizgarriak eta duinak ahalbidetzea exijitzen dugu. Horrez gain, lanean jarraituko duten langileen osasuna babestea exijitzen dugu". Halaber, enpresaren "borondate falta" salatu du sindikatuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak