Maddi Txintxurreta: "Euskaraldiko lorpenetan eta erronketan gura da fokua jarri"

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko ira. 26a, 14:24

Maddi Txintxurreta, aurtengo Euskaraldiko iragarpenekin. (Argazkia: M.T.)

Maddi Txintxurreta oñatiarra da Euskaraldiaren herriko dinamizatzailea. Herriko hainbat entitatek eman dute izena dagoeneko Euskaraldian eta norbanakoak eguaztenetik aurrera batu ahal izango dira hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmora.

Nolako hasiera izan du Euskaraldiak Oñatin?

Egin dugu lehen bilera irekia, eta Euskaraldiaren nondik norakoak azaldu, aurtengoaren kantua entzun eta bi herritarrek egitasmo honen inguruan egindako bertsoak entzun ditugu, adibidez.

Nolako lanketa egingo da aurten?

Azken edizioaren formula bera jarraituko dugu. Bi rol egongo dira norbanakoendako: belarriprest-a edo ahobizi-a. Eta entitateendako, ariguneak sortzeko deialdia egin da, euskaraz lasai hitz egiteko guneak sortzeko: enpresetan, zerbitzuetan, ostalaritzan... Pegatina baten bitartez adieraziko da gune horietan euskaraz komunikatu ahal izango garela. Norbanakoen rolak, bestalde, hizkuntzarekiko bakoitzak hartzen duen konpromisoaren araberakoak izango dira, ez beti hizkuntza gaitasunari lotutakoak.

Zeintzuk dira epeak batean edo bestean izena emateko?

Entitateendako izen ematea zabalik dago urriaren 15era arte. Batzuk dagoeneko batu dira egitasmora, baina gainerakoak ere animatu gura ditut gai honen inguruan berba egitera eta ea talde moduan parte hartu gura duten hausnartzera. Euskaraldiaren webgunean sartuta edo gurekin harremanetan jarrita egin dezakete. Norbanakoen izen-ematea, berriz, irailaren 28an zabalduko da eta bi hilabetez egongo da zabalik. Aurten, baina, aurretik izena emanda dutenek mezua jasoko dute parte-hartzeaz galdetzen, eta berretsi baino ez dute egin behar. Rolak edo entitateetako datuak aldatu ahal izango dira, baina berriek baino ez dute izena emango, aurrekoek atxikimendua berretsi bakarrik.

Zer egingo duzue jendea Euskaraldira batzeko?

Entitateetara bisitak eta bilerak egingo ditugu, adibidez, baita gutunak bidali ere. Hilaren 26an, esaterako, bilera egingo dugu Euskaldun Berria gelan herriko elkarteekin, 19:00etan, eta dendariekin 15:30ean. Norbanakoekin ere egingo dugu lan; kalera aterata, adibidez. Pasa den astean batu da batzordea lehenbiziko aldiz, baina badago ekintzak antolatzeko gogoa.

Ze arrasto utzi dute aurreko edizioek?

Aurten Euskaraldiko lorpenetan eta erronketan gura da fokua jarri. Oñatin egongo da espazio bat, adibidez, jendeak adierazteko aurreko edizioetan egindako ariketekin ze lorpen lortu zituen eta aurtengorako ze erronka jarri dituen. Taldean zein banaka egin daitezkeen ekarpenak izango dira. Hizkuntza ohiturak aldatzea da lortu gura dena. Eta poliki-poliki lan eginda eragin daiteke aldaketan. Norberak pentsatu behar du ze hizkuntza ohitura dituen. Egunerokotasuna euskaraz egitea da helburua, lanean, lagunartean zein etxean.

Ze ekintza egingo dira Oñatin Euskaraldiaren barruan?

Ideiak baditugu, eta aurrera eramango ditugu, egingarriak diren neurrian.

Non erosi daiteke materiala?

Materiala erosi dugu eta Herri Egunean kalean jarriko dugun postuan egongo da ikusteko eta probatzeko. Eskaerak apuntatu eta eskaera osoa batera egitea pentsatu dugu. Bestalde, urrian etorriko den furgonetan ere erosi ahal izango dira, eta baita webgunearen bitartez ere.

Noiz da hurrengo bilera?

Jaien ostean, urriaren 5ean, 18:30ean, Euskaldun Berria gelan. Hala ere, edozein momentutan jar daiteke harremanetan gurekin edonor: 688 67 93 04 edo onati@euskaraldia.eus.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak